Hegoaldean gida baimena laster indarrean egongo dela iragarri dute aste honetan. Galtzen duenak atzera atera behar izango du, ahalegin handia eginez, ez baita orain arte bezain merkea izango txorakerietan ibiltzea. Egia esan, internauta naizen aldetik, inbidia pixkat sentitu dut, hemen inork ez baitu eskatzen ordenagailuak gidatzeko inolako ezagutzarik. Edonor eseri daiteke makina horietako baten aurrean eta sekulako triskantza antolatu. Baina, zer gertatuko litzateke tresna telematikoak erabiltzeko baimena eskatuz gero? Eta puntukakoa balitz?
Azken neurrion helburua jendeak errepidean ganoraz gidatzea eta, ondorioz, istripuak murriztea da. Badakit autoen eta ordenagailuen artean alde ederra dagoela: autoek urtero milaka lagun akabatzen dituzte eta, nik dakidala, oraino ez da inor pantaila aurrean elektrokutatuta hil, lagun batek oharkabean bidalitako birusaren eraginez.
Baina egun birusak eta spam-a diren modukoak izanik, ordenagailua gaizki erabiltzeak beste internautak kaltetzen ditu eta batzuetan kaltea handia izaten da. Milioika euro galtzen dira erabilera txarragatik hondatutako makinak konpontzen, milioika ordu galtzen eta milioika neurona akabatzen dira pantaila aurrean etsita, urte osoko lana, amaitzen ari ginen nobela, grabazioa edo doktore-tesia ezustean galdu dugulako. Zabor-mezuak ezabatzen eta birusak garbitzen ere sos eta ordu asko galtzen da.
Internauta izateko gida baimen modukoa eskatzea agian gehiegizkoa izango da, askoren aburuz, lubaki digitala areagotu dezakeen faxismo teknologikoa… Gainera, noski, jakintza eskatzeko berau eskaintzea derrigorrezkoa egiten zaigu.
EAEko KZgune izeneko lekuetan eskolak ematen dira eta IT txartela izenekoa ateratzeko azterketa egin daiteke. ESI edo European Software Institute delakoak egiten du, bere izen hantustea gorabehera inongo erakunde ofiziala ez dena. Hau sinatzen duenak egin zuen iaz ditxosozko azterketa, bertan zer nolako jakintza eskaintzen eta eskatzen duten ikusteko asmoz. Interneten oinarrizko erabilera baino, Windows sistemaren azken bertsioan erabilitako programa jakin batzuen erabilera jakin bat zen azterketaren gaia. Benetan galdera antologikoak zeuden azterketan eta nire aurreikuspen txar guztiak gainditu zituen probak, ez bainuen azterketa lehenengo deialdian gainditu.
Seguru nago delako KZguneetan ikasi duten askok geroztik birusak eta mezu-kateak zabaltzen lagundu dutela erabilera txar baten bidez, segurtasuna nola emendatu irakatsi beharrean edo interfaze jakin batetik harago dagoen sarearen funtsa ikasi beharrean, denbora hori KZguneko webmail zerbitzuan eta Windows XPn teklatuko lasterbideak nola erabili ikasten eman dutelako.
Baina demagun behingoz ganorazko gida baimen modukoa egiten dutela. Autoena bezala puntukakoa balitz, besteontzako arriskutsuak diren gauzak egiteagatik puntuak galduko genituzke. Adibidez, kaltegarria suerta daitekeen erabilerarik ohikoena posta elektronikoa gaizki erabiltzea da. Mezu kolektiboetan gure lagun guztien helbideak Bcc: eremuan ez jartzeak puntuak kenduko lizkiguke. Artxibo potoloegiak bidaltzea ere ohikoa izaten da batzuentzat, ehun laguni hiru Megabyteko PowerPoint aurkezpena bidaltzeak ere puntuak galaraziko liguke, artxiboa astunegia izateagatik eta jabedun formato horretan bidaltzeagatik. Norberak besteei ohartarazten dienean zaila da astuna ez ematea, baina utzikeria ez da irtenbide bat.
Posta elektronikoarekin beste mila adibide jar litezke, baina nabigatzea ere ez da ekintza arriskurik gabekoa. Edozein webgunetan sartzea arriskutsua suerta daiteke, batez ere eguneratu gabeko nabigatzaile eta sistema erabiliz. Gure makinan edonor ibiltzen bada, denbora kontua izango da edonor horiek porno webguneetan sartzea eta oharkabean dialer, spyware edo adware programak jaistea eta gure makinaren kontrola gure eskuetatik ihestea.
Kutsatuta dagoenean makina ez garbitzea ere kaltegarria da besteontzat: ezagutu ditudan adibide antologikoenetan Windows 95 sistemadun makina bat hilabete askoan egon da bere birusak sarean hedatzen. Lagun batek esan zidan 900 spyware eta horrelakoak zituen makina garbitu zuela lehengoan Bilbon, koittaduari abiatzea ere izugarri kostatzen zitzaion akaberan.
Beste motatako jarduera kaltegarriak ere badira: webgune kutre eta kargagaitzak egitea, inolako estandarrik ez betetzea… Baina derrigorrezko txartela eskatzen ez den bitartean zentzudunak izatea da erabiltzaileei eska dakiekeen gutxienekoa.
LABURRAK
Zibergizartea aztergai
Zibergizartearen gaineko II. kongresua ari dira egiten orain, Zibergizartearen behatokiak antolatuta, nolako ezagutzaren gizarterantz goazen iragartzeko asmoz. Kongresu jauregietan egiten diren mami gutxiko ekitaldi arranditsu eta garestiak ez bezala, bilkura ez da fisikoa, sarean bakarrik egiten delako. Hala ere, oso gai interesgarriak jorratuko dituzten hainbat lantaldetan banatuta daude eztabaidak eta, hamar multzo nagusiren baitan, gai bakoitzak koordinatzaile batzuk ditu. Webgunea oso erabilgarria da, ondo antolatuta dago eta, oinarrizko informazioaz gain, atal bakoitzean dagoen lantaldea, eztabaidarko galderak eta metodologia agertzen dira.
Googlen ondo agertzeko
Azken aldi honetan nork bere webgunea Googleren emaitzetan lehenengo lekuetan agertaraztea artea bilakatu da. Enpresari batzuentzat milioiak daude jokoan eta webmaster askorentzat erronka pertsonala da Googlen goieneko postuetan agertzea. Enpresa batzuek zerbitzua eskaintzen dute hori lortzeko, hellogoogle.com bilbotarrek kasu, baina hainbat irizpide jarraituz edozeinek lor dezake bere webgunearen emaitzak hobetzea. Googleren gainean berezitutako Dirson weblog-ak hori lortzeko zazpi irizpide nagusi bildu eta azaltzen ditu, zer egin behar den eta zer ez den egin behar zehaztuz.
Kontrola Sustatun
Barrapunto eta beste batzuen moduan, Sustatu weblog kolektiboa denez, edonork idatzi dezake nahi duena bertan, mezuok iraingarriak edo batere offtopic ez diren bitartean. Bada Sustaturi berriki gertatu zaio norbaitek bertan agertutako testu bategatik salaketa ezartzea. Orain arte iruzkinak egitea librea zen eta berehala argitaratzen ziren iruzkinok automatikoki. Aurrerantzean, iruzkinak eta mezuak argitaratu aurretik, idazten duenaren posta helbidea erabiliko da mezuaren egiletza konfirmatzeko. Segurtasun neurri honek ez du adierazpen askatasuna murriztuko, baina bakoitzaren erantzukizuna zehazteko baliagarria izango da.
Ea ea ea..
Baimen hitzak zerbaiten debekuntza dakar, kasu honetan interneten debekuntza.Kasua da ze, interneteko erabilera iada erregulatua dagoela gure ISPen bidez; hauek jartzen dituzte teknikoki zer egin ahal denaren mugak, nahiko ez baduzu shell bat edo beste gehigarriren bat eskuratu.
Beste gauza bat noski, netiquette deritzona da, edo interneterako praktika zentzuskoak. Hau zuk dinozun moduan erregulatzea burugabekeri galanta liteke, ta inondik inora ezin da aplikatu aipatzen dituzun kasuetan. Besteenganako erabilera txarrak erabile kaltetuan bakarrik eduki behar du erantzuna, hau da, kaltea egiten duena baneatzea, filtrazea edo dalakoa kasu bakoitzerako. Norberanganako erabilera txarrak norberak konpon behar ditu edo bestela jodidu.
Ezin zaio inori zerbitzu publiko aske baten erabilera globalki debekatu, zailtxo da bestalde lagun bati benetako kalte egitea interneten; birusak sartzen bazaizkizu zure errua da, ez bere ordenagailuan mila dauzkanarena, hiru megako artxiboak serbitzailean dauden artean ezabatzen ez badituzu zeure errua da ez bidaltzen dituenarena. Zure helbidea kate-emailetan hedatzea.. hor arrazoia duzu, baina hortarako daude zabor email kontuak -yahoo eta abar- bestalde, nigandik adibidez ez da pasatzen mezu hauetariko bat ere ez.
Debekua jarriko bagenu kaltetu gehiegi egongo lirateke onuratuen aurrean, esan duzun bezala, nahiko faxista izango liteke. Mundu aske batean edozein baiemenen inposatzea oso kaltegarria da.
Tristeena da gauza hauek iada beste era batzuetan implementatzen direla, MS erako korporazioen eskuz eta haien interesen bidez.
Agur,