Azeriarekin azkar nabigatu

By | 2004/10/21

Aldaketaren aldeko kanpainiek eta Explorer nabigatzailearen segurtasun akatsek beste nabigatzaile batzuen erabilera areagotu dute. Azken hilabeteotan gorakada nabarmena izan dute Mozillaren eta Firefox nabigatzaile libreek, gero eta lagun gehiagok instalatu eta erabiltzen ari baitira. Azken aldion gero eta gehiagok erabiltzen dute Firefox, Mozilla nabigatzailearen bertsio arin eta azkarra.

Zentzu guztietan da arina eta azkarra Firefox nabigatzailea. Izan ere, nabigatzeko Mozillaren abantaila guztiak ditu baina askoz memoria gutxiago hartzen du gure ordenagailuan. Orrialdeak ere arinago erakutsiko dizkigu eta punta-puntako segurtasun ezaugarriak ditu. Gainera, Explorer baino erabilgarriagoa eta moldagarriagoa da, ondoren ikusiko dugunez.

Lehenago ere aipatu izan dugun Mozilla nabigatzailearen bertsio arina da Firefox edo suzko azeria, nabigatzaile soila delako. Mozillak funtzio asko ditu programa bakarrean edo, hobeto esan, programa sorta da: nabigatzailea, webguneen editore grafikoa, posta eta berri taldeak irakurtzeko programa eta Chatzilla, aldi bereko berriketa edo chat programa.

Firefox-ek, berriz, nabigatzailea dauka bakarrik eta berau kargatzen du bakarrik memorian, ez makina moteltzen duten beste aplikazio horiek. Hortaz, askoz azkarrago kargatzen da, memoria gutxiago hartzen du eta web orrialdeak ere oso azkar kargatzen ditu. Gainera, segurtasunari lotutako ezaugarri asko ditu eta software librekoa da. Estandarrekin guztiz konpatiblea da eta webgunerik modernoenak arazorik gabe ikus daitezke bertan. Horregatik eta erabiltzaileak Explorerren zuloez nazkatuta daudelako, gero eta lagun gehiago ari da Firefox instalatzen, Microsoft-en nabigatzailea baztertuta.

Aurtengo abuztuan WebSideStory enpresak argitaratutako ikerketaren arabera, Explorer nabigatzaileen erabilerak 1,8 puntu egin du behera hiru hilabetetan, baina oraindik erabiltzaileen %93,7k erabiltzen zuten. Hala ere, webgune askok nabigatzaile libreen bisita gehiago jasotzen dituzte, teknologiari eta Interneti buruzkoak batik bat.

Ikerketa berriro eginez gero, are gehiago izango dira seguruenik Firefox-en erabiltzaileak une honetan. Izan ere, probako hainbat bertsioren ostean, Firefox-en 1.0 bertsioa agertu berri da, egonkortzat har daitekeen lehenengoa. Harekin batera, jendeak programa instalatu dezan zabalpen kanpainiari ekin diote Mozillakoek spreadfirefox.com webgunearen bidez. Orain arte askok ez zuten Mozilla instalatu nahi, hobea izan arren RAM memorian leku handia hartzen duelako, baina uda honetan AEBetako segrtasun informatikoaz arduratzen den US-Cert erakundeak Explorer ez diren nabigatzaileak instalatzea gomendatu zuen.

Programaren gaineko informazioa, mozilla.org webgunean ezezik, Europarako prestatu duten mozilla-europe.org ofizialean ere aurkituko dugu, frantsesez eta gaztelaniaz. Euskaraz ez dago oraindik eskuratzeko bertsio ofizialik, librezale.org webgunean eskura daitezkeen Mozillaren bertsioen moduan, baina 0.9 bertsioaren hizkuntza alda daiteke Librezalen dagoen fitxategi txiki bat jaitsita eta pentsatzekoa da laster bertsio berria euskaraz eskuratu ahal izango dugula bertoko software librearen komunitatearen eskutik.

Bere ezaugarrien artean xaloa eta intuitiboa egiten dutenak nabarmendu daitezke: fitxen bidezko nabigazioa, segurtasun hesiak. RSS informazioen integrazioa, testu moldagarria, pop-up leihotxo molestagarrien blokeoa eta Googlen bilaketa integratua. Gainontzean, Explorer-en azken bertsioak dituen ezaugarri berak ditu Firefox-ek.

Baina nabigatzaile soila dela esan dugunez, Postarako programa bat erabili beharko dugu, Outlook Express-era bueltatu beharrik izan gabe baina Mozillak eskaintzen dizkigun segurtasun ezaugarriak mantenduz. Horretarako Thunderbird eskura dezakegu, Firefox-en moduan Mozillatik hartu eta standalone edo bertsio independientean garatu duten posta programa. Spam-a eta birusak dituzten mezuak automatikoki ezagutu eta ezabatzeko edo baztertzeko sistema adimentsua dauka programak eta, adituek diotenez, oraingoz arazo hau hobekien konpontzen duen programa da. Firefox bezala, Thunderbird ez dago oraindik euskaraz, baina frantsesez, galegoz, katalanez edo gaztelaniaz eskura dezakegu, besteak beste.

LABURRAK

Google Desktop
Sareko bilaketetan jaun eta jabe izateak ez du Google asetu. Gure ordenagailuko disko gogorraren barruan bilaketak egiteko programa kaleratu berri du bilatzaileak, Google Desktop izenekoa. Probatu dutenek diotenez, hala ere, dokumentu mota jakin batzuetara mugatzen da baina tresna bikaina da, oso azkar erakusten ditu bilaketen emaitzak eta ordenagailua erabiltzen ari ez garen uneak baliatzen ditu disko gogorreko artxiboen datu basea sortzeko.

ArtFutura gurean
Aurtengo ArtFutura jaialdiaren ekitaldi batzuk Donostian eta Iruñean izango dira. Urtero bezala, etorkizuneko arte sorkuntza iragartzen saiatuko da aurten 15. edizioa egingo duen erakustaldi teknofiloa. Net artea, animazioak, instalazioak, proiekzioak eta multimedia artea jorratuko ditu ArtFuturak eta aurtengo gaia handitutako errealitatea izango da. Donostiako ekitaldiak udalak ezarritako teknologia berrien eDonostia guneetan izango dira; Iruñekoak, berriz, Civican gunean izango dira.

Wi-Fi publikoa debekatuta
Bartzelonako udalak bere haririk gabeko sare publikoa bertan behera utzi behar izan du, Espainiako telekomunikazioak arautzen dituen CMT erakundeak aginduta. Momentuz administrazio publiko batzuetara baizik ez zuen ematen sarbidea udalak ezarritako Wi-Fi sareak, baina hala ere, CMTk debekatu du, hornitzaile pribatuei konpetentzia egiten ziela argudiatuta. Gurean ere horrelako zerbitzua eskaintzen du doan Sopelako udalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.