Informazioa emateko xedea duen edozein webgunek bi oinarri behar ditu bere helburua eraz lortuko badu: irisgarritasuna eta erabilgarritasuna. Lehenengo ezaugarria HTML lengoaiaren estandarrek zehazten dute. Bigarrena, berriz, intuizioak eta diskurtsoa ordenatzeko giza ahalmenak. Irisgarritasunaz jardungo dugu gaurkoan, webgune askok eta nabigatzaileren batek ez dituzte estandar horiek beti betetzen.
Webguneen itxuraren eta maketazioaren atzean HTML izeneko lengoaia dago, hipertestua edo informazioa pantailan non eta zein itxurarekin agertuko den zehazten duten kodeak daude web orrialde bakoitzean. Lengoaia hori arautzen duen erakundea World Wide Web Consortium (W3C) dugu, 1994ean eratua. Nabigatzaile eta diseinatzaile guztiek erabili beharreko kodeak ezartzen zituen HTML 1.0 estandarra ezarri zuen eta ondoren etorri dira beste bertsio batzuk, sarea garatu eta aukerak emendatu ahala.
Baina sarearen garapenak abiadura handia hartu du azken urteotan eta nabigazio aukera berriak sartzearren Microsoft enpresak bere kodeak asmatu ditu Explorer programak interpreta ditzan. Azken bost urteotan Windows sistemarekin datorren Explorer nabigatzailea nagusitu denez gero, erabiltzaile gehienek horixe erabiltzen dute. Microsoft, hori ikusirik, bere nagusitasunaz baliatu da W3Cren gainetik estandar batzuk berak de facto ezartzeko, diseinatzaile askok kode berri horiek erabili dituzte euren webguneak diseinatzean eta, ondorioz, webgune horiek Explorer ez diren nabigatzaileekin ez dira ongi ikuskatzen. Horrek areagotu egin du Explorerren nagusitasuna, estandarrak errespetatu ez arren jendeak webgune horiek ikusi nahi dituelako, eta, azken finean, enpresa pribatua izan dugu estandarrak zehazten.
Azken aldion, ordea, nagusitasun hori urratu duten zenbait faktore agertu dira. Alde batetik, Explorerrek akatsak eta segurtasun zuloak erakutsi ditu eta bestetik Linux bezalako sistema libreen loraldiak erabiltzaileak kendu dizkio Explorerri. Mozilla edo Firefox nabigatzaile libre eta eraginkorren garapenak gero eta jende gehiago erakartzen du.
Beste faktore garrantzitsua webgune irisgarrien aldeko mugimendua da, azken aldion instituzioak bultzatzen ari diren normalizazio politika. Ezinduek, itsuek edo edozein gutxitu fisikok kalean eta erakin publikoetan ibiltzeko dituen oztopoen jakitun gaude, gero eta gehiago. Horregatik administrazio publikoetatik oztopo horiek ezabatzeko ekimenak jarri dira abian, kaleko zein eraikinetako elementuak egokituz. Irisgarriak esaten zaie egokitutako eraikin, garraiobide eta enparauei.
Bada, itsuek eta beste minusbaliatu askok egokitutako nabigatzaileen bidez bisitatzen dituzte webguneak, baina diseinatzaile askok diseinu ikusgarria hobetsi dute, irisgarritasunaren kalterako, Flash animazioak, javascript-ak eta beste apaingarri batzuk gehituta. Ondorioz, webgune horiek irakurtezinak dira ikusmen arazoak dituztenentzat. Irisgarria izatea ez da ezinbestekoa helburu estetiko hutsa duen webgune batentzat, baina arazoak sarri instituzioetako webgune informatiboetan gertatzen dira.
Webgune guztiek irisgarriak izan beharko lukete, baina erakunde publikoenak dira lehentasunez egokitu beharrekoak. Horregatik, berriki, Eusko Jaurlaritzak bere webgune guztiak 2006rako irisgarriak izango diren konpromisoa hartu du aurten. Metro Bilbao enpresa aurreratu da bere webgunearen bertsio irisgarria eginez eta beste askok gauza bera egingo dute laster. Egokitzapena bultzatu nahian, Katalunian, udal webgunerik irisgarrienari saria iragarri du Bartzelonako Diputazioak.
Baina kontua ez da bakarrik webguneak itsuentzako egokitzea. W3C erakundeak informazioa moldagarri egiteko eta aurkezpen grafikoaren arauak batzeko XHTML eta CSS estandarrak arautzen ditu. Ordenagailuetarako ezezik, webguneak PDA eramangarrietan, telefono mugikorretan bestelako gailuetan ikusteko estandarrak ari da ezartzen. Ezinbestekoa da horiek guztiak komunikazioa posible egingo duten arau komun eta independiente batzuetan oinarritzea. Edukiak kudeatzeko datu baseetara lotutako sistema automatikoekin eta RSS sindikazioarekin etorri da edukiak eta aurkezpena ezberdintzea, edukiei automatikoki forma asko ematea eta konpartitzea. Hori guztia estandar berriei esker egin daiteke. Hasteko, gure webgunea irisgarria den ikus dezakegu W3Ck sarean ezarritako zerbitzuaren bidez. Ikusgarritasun arazoak egonez gero, non dauden adieraziko digu Validator zerbitzuak, konponbide posibleak iradokiz.
W3C
www.w3.org
validator.w3.org
Informazio gehiago
tinyurl.com/4l7n5
tinyurl.com/6kt5w
LABURRAK
Zumaiarren topalekua
Zumaiako Baleike herri aldizkariak webgunea martxan jarri berri du, berau herritarren sareko bilgunea bilakatzeko asmoz. Blog edo bitakora kolektiboa da baleike.com, albisteez gain zerbitzuen eta agenda ataleko informazio interesgarriekin. Jendearen parte hartzean oinarrituta dago webgunea: albisteak edonork eman ditzake eta ondoren edonork iruzkinak egiteko aukera du, eztabaida aberatsetarako bidea emanez.
Baleike
www.baleike.com
Gates-en antiespioitza
Ordenagailuan oharkabean sartzen zaizkigun espioitza programak edo spyware maltzurra aurkitu eta ezabatzeko softwarea eskainiko du aurki Microsoftek, Bill Gatesek iragan ostiralean iragarri zuenez. «Birusen eta spam-aren aurkako aitzinamenduak egiten ari diren bitartean, adware eta malware programen arazoa gero eta larriagoa da», Gatesen hitzetan. Aurretik beste arloetan gertatu den bezala, Microsoftek bere programa ateraz gero berau laster monopolioa bihurtuko da, egun indarrean dauden anti-spyware programak baztertuz. Momentuz Ad-Aware eta Spybot dira gomendagarrienetarikoak.
Ad-Aware
www.lavasoftusa.com
www.safer-networking.org
Lehendakari hilak
Dead Kennedysen euskal bertsioa dugu sarean, Lendakaris Muertos izeneko taldea. Euren webgunean kantak ezarri dituzte, doan eskuragarri, eta beste informazio interesgarri asko: taldearen gaineko informazioa, agenda, albisteak… Besteak beste Gafas de pasta eta Veteranos de la kale borroka abestiak eskura daitezke bertan.
Lendakaris Muertos
www.lendakarismuertos.com
Puntu pare bat argitzeko:
– Internet Explorerren arazo nagusia ez da adostutako estandarretatik aratago doazen teknologia batzuk eskeintzea, baizik eta adostutako teknologia estandarrak ez dituela behar bezala tratatzen. Hau da, ez ditu bete beharreko minimoak betetzen, ondorioz webgune estandar bat IEn gaizki ikustea gerta liteke eta erabiliena denez garatzaile batzuk webguneak izorratu egiten dituzte IEn ondo ikus dadin (beste gutietan ikusiko ez bada ere).
– Irisgarritasunari dagokiola kode estandarra baino behiago dago aztertzeko, kodea estandarra izanda irisgarritasun arazoak egon daitezke oraindik. W3C-k WAI (Web Accessibility Initiative) barruan 3 maila ezartzen ditu:
1) WAI-A: Arau hauek ez badira betetzen webgunea ez da irisgarria, batzuk ezin izango dute erabili.
2) WAI-AA: Arau hauek ez badira betetzen, sarbidea izanda ere, erabiltzaile batzuk zailtasun larriak izan ditzazkete. Maila honetan ezinbestekoa da kode estandarra erabiltzea.
3)WAI-AAA: Arau hauek ezintasunen bat duten erabiltzaileei sarbidea emateaz gain, laguntzeko pentsatuta daude.
WAI iniziatibaren irizpide asko giza adimena erabiliz egiaztatu behar dira, baina beste batzuk automatikoki egiaztatu daitezke:
http://www.contentquality.com/
http://bobby.watchfire.com