Gaztetxe telematikoak

By | 2004/09/30

Duela 10 urte pentsaezina zen ordenagailu bat gaztetxe batean ikustea, artean sareak eta Internet zer zen inor gutxik zekien. Gazteria militanteari eta mezu alternatiboari erabat arrotzak egiten zitzaizkion ordenagailuak. Egun, berriz, kontrainformazioak sarea du tresna nagusia eta gaztetxeetan ordenagailuak zein hackerrak egotea gauza normala da. Urte hauetan egon den bilakaerak arrazoi batzuk ditu eta ondorioak dira, alde batetik, gaztetxeen zein gazte informazioaren inguruan sortutako webguneak eta bestetik, gune okupatuetan egiten diren telematikaren inguruko ekimenak.

Laurogeiko urteen erdialdean, gaztetxeen eztanda gertatu zenean, fanzineak izaten ziren modako kontrainformazio modua, eskuz eta fotokopiagailuz eginak. Informazio alternatiboarentzat lehenengo aitzinamendu teknologikoa ordenagailuak erabiltzen hasi zirenean koka dezakegu, berez fotokopiak eta papera bera ere teknologia diren arren. Baina orduan idazmakinak eta pegamentua erabiltzen ziren oraindik testuak idazteko eta konposatzeko.

Autoedizioaren agerpena Macintosh-en eta Laserwriter-aren kaleratzean kokatzen dute batzuek, nahiz eta 90ko urteen hasierara arte garestiegiak izan, euren merketzeak ahalbidetu zuen, besteak beste, herri aldizkarien agerpena. Ordurarte gutxi batzuen eskuetan zegoen aldizkariak egiteko aukera zabaldu zen eta orduan hasi ziren ordenagailuak gizarte komunikaziorako masiboki erabiltzen.

Handik gutxira Internet nabigagarria sortu zen AEBetan, baina sareen sarea eta webguneak gurera etorri aurretik sareak erabiltzeko beste modu batzuk hedatu ziren, oso eremu murritzetan bazen ere. BBS edo topagune telematikoen sistemak agertzen hasi ziren, telefono bidez erabili beharrekoak eta erabiltzaile gutxi batzuei irekiak. Euskal Herrian Altercom izeneko sarea izan zen aipatzea merezi duen lehenengo ahalegin telematiko alternatiboa eta ondoren beste BBS batzuk etorri ziren, Hitza eta Ekintza kasu. Horietako bat Eusnet bilakatu zen, 1994an Internet eta web nabigazioa gurean hedatzen sekulako ekarpena egin zuen talde nafarra. Eusnet zerbitzari alternatiboa, webguneak ostatatzeaz gain, sarerako sarbidea ere eskaintzen hasi zen, informaziorako bide globala zabaldu zien internauta euskaldun askori.

Beste lekuetako eragina nabaria izan da hemengo telematika alternatiboaren garapenean. Aipatzekoa da Madrilgo Laboratorio gune okupatuaren kontrainformazio telematiko gunea eta Nodo50 zerbitzari aitzindaria.

Ikuskera partehartzaileari eta alternatiboari lotua dago Software librearen mugimendua. Honek jabegoaren kontzeptua irauli du softwareari eta edukiei dagokienez: multinazionalen kontrako borroka, ezagutza sozializatzeko lana eta globalizazioaren aurkako mugimendua hasieratik eskutik oratuta ibili dira. Horren emaitza dugu egun oso indartsua den Indymedia sarea, kasu.

Egungo egoera duela hamar urtekoaren oso bestelakoa da, gurean ere. Belaunaldi teknofiloak hartu du txanda gaztetxeetan eta aipatzekoak dira hemen sortu diren hacklab edo ekintza telematikorako gune batzuk. Esaterako, Gasteizen Kakelbont izeneko gunea dugu eta Leioan Metabolik Biohacklab izenekoa, kontrainformazioaren, datuen segurtasunaren eta software librearen inguruko ezagutza hedatzeko gune garrantzitsuak. Iragan urteko Hackmeeting bilkura Iruñeko Euskal Jai gaztetxean egin zuten.

Kontrainformazioaren arloan, gazteek sortutako webgune asko sortu dira informazioa hedatzeko, besteak beste, gaztesarea.info edo jotake-lahaine.org nahiko aktiboak dira. Irrati libreek ere informazioa sarean zabaltzen dute eta batzuk sarearen bidez entzun daitezke. Santurtziko Pititako irratiak emititzeari utzi dion arren, sarean jarraitzen du bere kontrainformazioa hedatzen.

Baina gaztetxeek eta gazte asanbladek ere izan ohi dute bakoitzak bere webgunea: Ibarrako, Deustuko, Legazpiko, Gasteizko, Bergarako, Tolosako, Antzuolako eta hainbat lekutako gaztetxeen webgunetarako loturak aurki daitezke Okupamugi webgunean. Halaber, irtenaraztea ekiditzeko, errepresioaren kontra protestatzeko eta azken albisteak biltzeko webguneak sortu dira, Euskal Jai gaztetxeak sortu zuen weblog-a kasu. Bertan, egunez eguneko gertakarien jarraipena egin ahal izan zuten askok eta orain, gaztetxea eraitsita dagoenean, Erromoko zein Larrabetzuko gaztetxeei buruzko albisteak irakur daitezke bertan.

www.sindominio.net/metabolik
www.kakelbont.org
www.mundurat.net/okupamugi
www.euskaljaigaztetxea.net

LABURRAK

Matraka webgunea
Gazteentzako Matraka izeneko webgune berria ezarri dute sarean egunotan. Komunikazioa, sormena eta partehartzea sustatzea dute helburu berau egin dutenek, internauten iruzkinei zabalik baitago. Izan ere, informazio gutxi dago oraingoz bertan eta eztabaidagune modukoa da webgune baino gehiago. Hala ere, agenda, musika, teknologia, zinema, hezkuntza, sexua eta horrelako gaiak jorratzeko ustea du Matraka berri honek.

Matraka
www.matraka.info

Segurtasun akatsa irudietan
Windowserako Microsoft Explorer erabiliz gero gure makina arriskuan dagoela sentitzeko hamaikagarren arrazoia eman berri digute. Izan ere, hacker maltzur bati gure ordenagailuaren kontrola hartzea ahalbidetu diezaiokeen segurtasun akatsa aurkitu dute JPEG irudien kodean. Honek esan nahi du sarean irudiak trinkotzeko gehien erabiltzen den formatoa arriskugarria izan daitekeela internauta gehienek erabiltzen duten softwarea erabiiz gero. Akatsa konpontzeko txatala Microsoft-en webgunean aurkituko dugu.

Microsoft
www.microsoft.com

Microsoft Vs. Mocosoft
Bill Gates-en enpresak salaketa jarri du Mocosoft webgune parodikoaren aurka.
Hitz biak gaztelaniaz oso antzera ahoskatzen direla eta, Mocosoft-ek asmo txarrez eta enpresa gutxietsi nahian domeinuak erregistratu zituela salatu dute jabego intelektuala arautzen duen WIPO nazioarteko erakundean. Aurretik antzeko aferak izan ziren metrobilbao.com edota donsimon.com domeinuen kasuetan eta WIPOk horrelakoetan enpresa handiari eman izan dio arrazoia.

www.mocosoft.com
www.mocoforo.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude