Bertoko egunkarien etorkizuna sarean

By | 2004/09/23

Astelehenean Eitb24.com albiste atariaren aurkezpena egin zuen EITBk Bilboko hotel batean. Etengabeko edizioan albisteak eskaintzen dituen webgune hau aurkeztu ondoren, gai interesgarri baten inguruko mahaingurua izan zen eskenatoki gainean, online edizioa duten euskal egunkari gehienetako ordezkarien partaidetzarekin. Horiez gain, Interneteko konexioa ematen duen telefono konpainia bateko eta InternetEuskadi elkarteko ordezkariak izan ziren. Bertan jazotakoaren eta neuk jasotakoaren apunte batzuk dakarzkizuet ondoren.

Bilbon zabaldu berri duten goi mailako hotel amerikarra aukeratu zuen EITBk webgunearen aurkezpena egiteko. Aurkezpena bera zeremoniala izan zen, kutsu instituzionalekoa (Azkarate sailburuaren presentziaz), trajedun asko, telebistako aurpegi ezagun batzuk eta euskal sareko ordezkari gutxi. Hotela ezezik, aurkezpena ere anglofilo xamarra izan zen, BBCko New Media arduradun Richard Deverell-ek euren eredua aurkeztu baitzuen.

Aurkezpenaren ondoren, iragarritako jardunaldia hasi zen, “Informazioaren etorkizuna Interneten” lelo zabal bezain interesgarriarekin. Iragarrita zegoen Xabier Etxebeste ez zen agertu eta antolatzaileek ez zuten haren faltaren inolako aipamenik egin. Sarerako propio egiten den komunikabide baten falta ere nabaria zen, adibidez, webgunearen azpiegitura prestatu duen Iblnews agerkariarena edo bitakora kolektibo batena… Baina ez. Susmoa daukat antolatzaileak azken hauekin gogoratu ere ez zirela egin, kazetari digital askorekin bezalaxe.

Etxebeste aipatuta, gogoratu dut duela lau urte EITBren edukiak Yahook zabalduko zituela iragarri zutela, baina nahiko oharkabean igaro da lankidetza hori eta, Yahooren baitako EITBren albisteengatik (2003ko otsailetik ez dago albiste berririk) baino, telebistako iragarki batengatik gehiago gogoratuko dute euskal internautek.

Gaitzerdi, “Euskadiko internauten elkarteko” lehendakaritzat aurkeztu zuen Internet-Euskadi elkarteko lehendakari Ray Fernandez izan zen bertan, oinezko internautaren ikuspuntua defendatuz. Gainontzekoak bertoko egunkarietako ordezkariak izan ziren: DEIAko Juanjo Baños, BERRIAko Martxelo Otamendi, GARAko Maite Ubiria, Diario Vasco-ko Iñigo Kortabitarte eta El Correo-ko Jesus Lopez. Euskalteleko Mikel Astorkiza ere han zen.

Eztabaidak pixkat bortxatua ematen zuen hasieran, elkarren konpetentzia diren medioei euren buruaz galderak eginez hasi baitzen. Etengabeko edizioa edo edizio jarraitua duen ohiko komunikabide batentzat edukiak optimizatzea eta sinergiak baliatzea zein garrantzitsua den esan zuen El Correoko ordezkariak.

Zinemaldia aipatu zuten eta komunikabide batentzat, adibidez, bertatik zuzenean kronikak bidaltzea zein zaila izango litzatekeen nabarmendu zuten. Orduan gogoratu nuen Xabier Mendiguren Elizegi Donostiatik egiten ari den lan bikaina, Sustatu weblog-aren kazetari akreditatu moduan.

DEIAko Juanjo Bañosek onartu zuenez “indiarrarena ari gara egiten sarean”, baina bertan egon beharra agintzen dion sentimendu lausoa islatu zuen: “sarea etorkizuna da, dena jaten du”, gehitu zuen. Bañosen iritziz, errentagarritasuna edo influentzia aukeratzearen atakan bigarrenak egiten du sarean egotearen alde, lehenak, momentuz, ez.

“Helburu ezezaguneranzko ibilbidea” definitu zuen Bañosek egun offline komunikabideak sarean egiten ari diren ibilbidea. Gutxi gora-behera oraindik DEIA sarean zergatik eta zertarako dagoen ez dakiela adierazi zuen, bain laster edizio elektroniko berria izango duela iragarri zuen, oraingo high school diseinuko webgune kutrea ordezkatuko duena. Hainbeste aldiz iragarri ez balute! Baina tira, internauta batek esan zuen moduan, ez dezagun apaldutako arbolean egurra aise egin, nahikoa tamalgarria baita DEIAren presentzia Interneten.

El Correoko ordezkariak bere edizio digitalaren deskribapena egin zuen eta GARAko Maite Ubiriak euskalherria.com atari berria aurkeztu zuen, Le Journal eta GARA egunkarien edukiak biltzeaz gain, eztabaidaguneak eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituena.

BERRIAko zuzendariak ongi etorria eman zion webgune berriari, baina EITBk atera behar zuela gogoratu zuen, bere ardura baita jendeari zerbitzu hori ematea eta are gehiago eskatu zion, bere izaera publikoa eta ahalmen ekonomikoa kontutan hartuz: Iparraldeko aktualitateari jaramon gehiago egitea.

Kortabitartek gogoratu zuen Internet ez dela berria. Izan ere, Diario Vasco aitzindaria izan zen euskal prentsaren sareratzean, duela 8 bat urte.

Eztabaida egiten zuten bitartean, ordenagailu eramangarri bati lotutako pantaila handian atariaren irudiak agertzen ziren, baina tarteka iragarkiak erakusten zituzten pop-up molestagarri horietako batzuk ageri ziren. Mozilla ez erabiltzearen desabantailak dira, baina nahiko txirenea suertatzen zen testuinguru zeremonial horretan.

Webgune berriaren ostatatzea egiten duen Euskaltel enpresako Mikel Astorkizak ez zuen, nire irudirako, aparteko ezer esan eta, egia esan, eztabaidaren gaia kontutan hartuta, ez zegoen bera han egoteko arrazoirik. Hala ere, multimedia eduki gehiago sartzeko aukeraz galdetu ziotenean dena posible dela erantzun zuen, banda zabalera gehiago kontratatuz gero. Baina etxeetan eduki horiek ikusteko? Bada, gauza bera egin dezatela bezeroek, zabalera gehiago kontratatu. Ederra irtenbidea! Astorkiza auto saltzailea balitz, gure garajean sartuko ez den kotxe handia saldu nahi izango liguke berdin-berdin, etxe handiagoa erosteko esanez. Laster Ray Fernandezek erantzun zion webguneko bideoak probatutako hiru etxeetan eskegi egiten direla eta, hortaz, edukiak etxeetako konexioetara egokitu behar direla, ez alderantziz.

Fernandezek edukiak sindikatzeko RDF formatoan publikatzea eskatu zien bertako komunikabideei, egun egiten ez dutena, baina internauten ikuspuntutik oso interesgarria litzatekeena.

Eitb24.com berri honetan 15 langile ari dira lanean, kazetariak eta itzultzaileak. El correoren erredakzio digitalean 6 lagun dabiltza lanean eta, bertako ordezkariak aitortu zuenez, zaila egiten zaie paperezko egunkariaren edo taldeko beste komunikabideen edukiak edizio digitalean integratzea: “Ez dago sinergien eta berehalakotasunaren kulturarik erredakzioetan”, onartu zuen. Hala ere, proba fasean ari dira Puntoradio emisora berriko eta Bilbovision telebistako edukiak integratzeko modua lortu nahian.

Kazetari multimediatikoaren figura aipatu zuen Otamendik, elkarrizketa egitera grabagailua, bideokamara eta argazki kamara digitala eramango dituena ohikoa izango baita hemendik gutxira. GARAko Maite Ubiriak orduan aitortu zuen gazteak ez diren kazetariak horrelako kontuetara ohitzea zaila dela. Izan ere, euskal kazetaritza tradizionalean dagoen nukleo teknofobo hori oso indartsua eta burugogorra da nire aburuz. Tamalez, nahiko boteretsua ere bada prentsan “goardia zahar” hori eta horrek galgatu du euskal hedabideeen teknifikazioa azken urteotan.

Ez dakit zenbat langile ari diren GARAko edizio digitalean, baina BERRIAN bi kazetari eta bi teknikari ari dira etengabeko edizioan lanean. Hala ere, Zinemaldiaren kobertura egiten duen gune berezia sortu dute, paperean argitaratutako edukiak bertan bilduz. Otamendik urritik aurrera gazteentzako gehigarri berria eta gazteentzako eduki horiek bilduko dituen webgunea agertuko direla iragarri zuen.

Errentagarritasunari buruzko eztabaida sortu zen orduan eta, BERRIAko zuzendariak esan zuenez, “egunkari baten sail guztiak ez direla errentagarriak baina proiektua bere osotasunean hartu behar da, Zergatik hartu behar da Interneteko edizioa osotasun horretatik kanpo?”. Eztabaidan enpresaren gerentzian buru teknofiloak ez izateak dakarren galga islatu zuten zuzendari guztien hitzek.

Bañosek erregulazio faltari txarra iritzi zion (sareak duen dohain nagusietako bat denean) eta Gmail-en adibidea jarri zuen, bere giga bateko eskaintzarekin lehiakideak mugiarazi dituena. Errentagarritasunari dagokionez, bi elementu aipatu zituen: edukiak eta hodiak (teknologia eta azpiegitura) eta bere ustez azken hauek jartzen dituenak du abantaila. No comment.

Ray Fernandezek adierazi zuen egun teknologia falta ez dela arazoa eta sarean sarri dabilenaren ikuspuntu freskoa ekarri zuen. Esan zuenez, “jada ez dago hainbeste diferentzia nabigatzearen eta edukiak jartzearen artean”, internautak ere eduki emale bilakatzeko azken urteotan sortu den bitakoren fenomenoa aipatuz. Blog-ek erreferentzia sortzen dute apurka-apurka, zirkulo txikietan bada ere, baina denborarekin bisitatuenak errentagarriak bilaka daitezke.

Kortabitartek ere bitakorak aipatu zituen, beste webguneetan norberaren argitalpenerako loturak egotearen garrantzia azpimarratuz. El Correokoaren iritziz errentagarritasunaren gakoa sinergiak baliatzean datza. Moderatzaileak galdetuta, denak ados agertu ziren edukiengatik ez dela kobratu behar baieztatzeko orduan, baina Ubiria sarri enpresarentzat defizitarioa den paperezko egunkariaren harpidedunari sarearen bidezko zerbitzu bereziak eskaintzearen alde mintzatu zen.

Kortabitartek onartu zuen paperezko egunkariak informazioa erreta daukala biharamunean (baina hori ez da sarearen eraginez, lehendik ere telebista eta irratiek erretzen baitzuten informazio hori). Ez egotearen kostua egotearena baino askoz handiagoa litzateke bere ustez.

One thought on “Bertoko egunkarien etorkizuna sarean

  1. Luistxo

    Ez nintzen izan, baina kronika honen bidez, eta zeuk gehitutako hausnarketa zorrotzekin, panoramika on bat irakurri dugu.

    Reply

Utzi erantzuna Luistxo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude