Entziklopedia librea sarean

By | 2004/08/18

irudi batJakintza biltzeko eta jendartean zabaltzeko egitasmoa izan zen entziklopedia. Bera izan zen ilustrazioaren abiapuntua eta egungo jakintzaren gizartearen abiapuntua. Sarea bera entziklopedia erraldoi moduan uler daiteke eta bilatzaileak bertako aurkibideak lirateke; Aurki bezalako direktorioak gaiak aurkitzeko aproposak dira eta Googlek gako-hitzak topatzen lagunduko digu. Interneten badira ohiko entziklopedien online bertsioak, baina sarerako propio eginiko entziklopediak ere badira, jabetzarik gabeko eduki libreak dituztenak eta internauten ekarpenez elikatzen direnak.

Duela 200 urte baino gehiago abian jarri zenetik ilustratuen egitasmoa ezin izan da erabat gauzatu. Entziklopedia bat eta denentzako, ahalik eta jende gehienengana helduko zena zeukaten buruan. Baina egitasmo hezitzaileak muga gaindiezin batzuk aurkitu ditu paperean argitaratu den artean. Mundu osorako egitasmo bakar bat koordinatzea ezinezkoa zen beste garai batean, baina oztoporik handiena dirua izan da orain arte. Izan ere, erakunde edo elkarte gutxik izango zuten jakintza biltzeko arduratutako aditu talde baten lana ordaintzeko beste diru. Azkenik, merkatuaren arauek entziklopedia batzuk besteen gainean jarri dituzte, elkarlaneko asmoak baztertuz. Gutxi batzuk nabarmendu dira arlo horretan, Britannica entziklopedia kasu.

Halaber, egindako lanaren inprimaketa eta banaketa gastuak bere gain hartzeko dirua behar izan dute erakunde edo elkarte horiek eta horregatik oso lotuta egon dira tokian tokiko eta unean uneko botere politiko eta ekonomikoei. Horiek trukean historiaren interpretazio ofiziala edo ez-osoa eskaintzera behartu dituzte maiz. Horregatik esan daiteke jakintzaren hedapena ez dela orain arte erabat librea izan. Edukien ikuspuntu partziala eta entziklopedia oso garesti ordaindu beharra izan dira ilustratuen ametsari jarritako oztopo nagusiak.

Sarean ere ohiko entziklopediaren ordainduzko ereduari jarraitzen dioten produktu batzuk sortu dira. Esaterako, Britannica sarean ere irakur dezakegu eta paperezko edizioan agertzen den edozein kontzeptu bilatu, urtero 60 dolarreko harpidetza ordainduz gero. Sarerako propio sortua da Microsoft-en Encarta entziklopedia, baina hemen ere irabazi asmoa da ekimenaren motor nagusia, urtero 29 dolar ordainduz gero soilik izango du herritarrak jakintzarako sarbiderik.

Baina Interneten etorrerarekin batera arestion aipatutako oztopoak desagertzeko bidean daude, baita jabedun jakintzaren eredua ere. Dagoeneko sortu da aspaldiko ametsa sarean gauzatzeko egitasmoa, software libreari lotutako internauten artetik sortu ere. Funtsean, software librearen eta GNU proiektuaren funtsa Diderotek ezarritako oinarri bera da: jakintzarako sarbide librea, berau oztopatuko duten lokarri ideologiko edo ekonomikorik gabea. Wikipedia du izena eta abiatu zenetik etengabe hazten ari da.

Sarbideari dagokionez, librea eta doakoa da entziklopedia librea. Wikipedia erabiltzeko ez dago ordaindu beharrik eta internautarentzat konexio gastua izango da oraingoz oztopo ekonomiko bakarra, sarerako sarbide unibertsala lortzen ez den bitartean. Hedapenaren kontua konponduta dago Interneten, ez baita liburuen banaketa fisikorik egin behar. Ale kopuru mugatua ere gainditzen du sareak, testu berak irakurle kopuru mugagabea izan bailezake. Inprimaketa gasturik ez dago eta edizio gastuak ere oso txikiak dira, entziklopediari ostatu emango dion zerbitzaria baino ez baita behar.

Edukiei dagokienez, ordainduzko editore talde baten beharrik ere ez dago Wikipediaren kasuan, eredu partehartzailea eta horizontala baitu. Diderotek lan-taldea osatu zuen jakintzaren arlo batzuetan berezitutako jakintsuak bilatuta. Eredu hori ere jarraitu dute orain arteko entziklopediek, aditu talde batek entziklopedia idaztea, baina Internetek ekarri duen mugimendu entziklopedista berriak beste eredu bat proposatzen du, mikroadituaren inguruan eratua. Entziklopedia berriaren azalpenean diotenez, ohiko entziklopedien lan-taldea makroadituek osatzen dute, gai baten inguruko ikasketa sakonak egindako guruek. Makroadituak gai horren gaineko artikulu sakonak idazten ditu eta entziklopediako irakurleak ez du beste inoren bertsio, ekarpen edo iruzkinik irakurtzeko aukerarik izango.

Mikroaditua berriz herritar arrunta dugu, ugaria, bizia eta dinamikoa. Harakina, itzultzailea, xakelaria, itzultzailea edo unibertsitateko ikaslea izan daiteke. Bere intereseko gaiaren inguruko kontzeptuak azaltzen saiatuko da bere ekarpenekin, hemen edonor izan baitaiteke editore. Hemen sartzen da Wiki teknologiak ahalbidetzen duen edizio mota irekia: demagun Urliak Tunisia sarrera idatzi duela, Afrikako herri horren gaineko datuak sartuz. Geroago beste internauta batek datu gehiago sar ditzake idatzitakoa aldatuz. Nahi izanez gero, sarrera beraren aurreko bertsioak aldera ditzakegu, bakoitzak zer kendu edo zer erantsi dion ikusteko. Ingelesezko Wikipedia da sarrera gehien dituena, baina beste hizkuntza askotan ere aurki daiteke informazioa, 2.352 sarrera dituen euskarazko bertsioa tartean.

Eredu honek kaosera garamatzala pentsa daiteke, erredaktore buru edo nagusirik gabe bakoitzak nahi duena idatziz. Baina badira entziklopedia ekimen zientifiko moduan mantentzeko xedea duten edizio arau batzuk. Garrantzitsuena Ikuspuntu Neutrala (NPOV) izenekoa da. Erabateko neutraltasuna ezinezkoa dela onartu arren, xedea ongi definitzen du eta berau ahal den neurrian lortzeko irizpideak ezartzen ditu Wikipediak. Berdintasuna da beste oinarrietako bat, horregatik ez dago aditurik edo goi mailako editorerik. Gure ekarpena gu bezalako milaka editorek aztertu eta, nahi izanez gero, iruzkinak egingo dizkiote.

Baina agian ikuspuntu neutralarena oztopo handiegia da gai korapilatsuak azaltzerakoan. AEBetan kokatutako Wikipediaren zatiketa moduan sortu zuten 2002an Enciclopedia Libre en Español proiektua, sortzaileen iritziz Wikipedian “proiektu libre eta irabazi asmorik gabeko batekin bat ez datozen joera ekonomiko eta zentsuratzaileak” zeudelako.

LABURRAK

Espainian Internet gutxi
Auna fundazioak eginiko ikerketa baten arabera Espainiak behera egin du Interneterako sarreraren araberako sailkapenean eta Europar Batasuneko 25 estatuen artean 17. tokian ageri da. SGAEk egindako beste ikerketa batek dioenez, espainiarren heren bat soilik konektatu ohi da sarera. Lehenengo aldiz ADSLak aurrea hartu dio telefono bidezko konexioari, Espainiako internautek abiadura handiko konexioa estimatzen duten seinale.

Asian Linuxen alde
Txina, Japonia eta Hego Koreako gobernuek bat egingo dute Linuxen alde, Windowsekiko menpekotasun teknologikoa ekiditzeko asmoz. Hiruen artean sistema horretako softwarea garatuko dute, erabiltzaile arruntei zein gobernuetako funtzionariei sistema aukeratzeko bidea emateko. Txinako gobernuak bere herrian hazten ari den software industria Linuxera bideratuko du eta, beraz, Gatesek miraririk egin ezik XXI. mendeko sistema eragilea izango da Linux.

BBC eta codec librea
BBC telebista kate britainiarrak bere Internet bidezko bideoak igortzeko Dirac codec librea erabiliko du aurrerantzean eta haren garapena diruz lagunduko du. RealMedia formatoa erabiltzen zuen orain arte BBCk, haren jabe Real Networks-i diru asko ordainduta. Bideoak trinkotzeko formatorik ezagunenak RealMedia, Windows Media eta QuickTime dira, baina denak jabedunak dira eta berauek erabiltzeagatik ordaindu beharra dago. BBCk aukeratu berri duen Dirac, berriz, doakoa da eta haren garapenaz internauten komunitate osoa onuratuko da.

12 thoughts on “Entziklopedia librea sarean

  1. ilenia

    eskertuko nizuen afrika beltzaren dinformazioa bidaltzea

    Reply
  2. Jabi Zabala Post author

    Nik eskertuko NIZUEKE argitzea zerekin nahastu duzuen hau. Nire blogaren (definizioa bidaliko “nizuen”) orrialde xumea baizik ez da hau. Kontzeptuen bila ez ote duzue hobe izango Wikipediara bertara jotzea?

    Reply
  3. ivan

    europar batasuneko hiztoria guztia bilatzen hari naiz

    Reply
  4. Asier

    Eskertutko nizueke lehen bait lehen Jesukristoren jaiotza, bizitza eta heriotzaren informazioa bidaltzea eskolako lana egiteko. (Euskeraz)

    Eskerrik asko

    Reply
  5. Jabi Zabala Post author

    Eta nik bizitzaren zentzuaren inguruko informazioa ere eskertuko “nizuen”… Wikipedia bera eta berau aipatzen duen blog bateko sarrera bat nahasten baduzue, nola aurkituko duzue informaziorik zuen kabuz sarean. Normala eskatzea… Negargarria.

    Reply
  6. Aitziber

    Asko eskertuko nizueke erromantizismoa euskal herrian XIX.mendean informazioa bidaltzen badidazue euskaraz. Batxillergorako lan bat egiteko da.

    Eskerrik asko

    Reply
  7. ainhoa

    kaixo ni ainhoa naiz eta eskertuko nizueke hatz beri mordoa jartzea adibidez_siuxak, kiowak, kirgizak, kosakoak, cheyenneak….bale¿? gizarteko lanak egiten saiatzen naiz baina esin det horrelako hitzak behar ditudalako!!!! aio eta MUXU bat eskerrik asko luagunok!!!

    Reply
  8. Mireia

    eskertuko nizueke panda artzaren informazioa aurkitzea

    Reply
  9. Saioa

    kaixo eskertuko nizueke tourette sindromeari buruz informazioa bidaltzea

    Reply
  10. ibon

    eskertuko nizueke berlinen ibaiak edo aitziren izenak bidaliko bazenuten.

    Reply
  11. Jaio

    Kaixo, eskertuko nizueke Leonardo Da Vinci-ren inguruko informazio guztia bidaltzea. Euskaraz izan dadila, mesedez. Mila esker aldez aurretik.

    Reply

Utzi erantzuna ilenia(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.