Gurean ere netiketa, mesedez

By | 2004/07/31

Askotan aipatu izan dut sareko komunikazioan netiketa erabiltzearen beharra. Baina jendeak ez du oraindik ikasi ganorazko neurriak aplikatzen eta hori da, azken finean spam-a eta birusak gure artean hain ugariak izatearen arrazoia eta e-postak komunikatzeko tresna moduan balioa galtzearena. Horren erakusgarri, gure irratian egunero jasotzen ditugun e-posta bidezko oharrak daude, azken aldion gehiena birusak izan arren. Atzo heldutako mezuen artean soilik adibideak aipatzearren…

Besteak beste, Jabier Muguruzak, Bihotzean auzo elkarteak, Erromoko gaztetxekoek, UEUk eta Nemonica prentsa gabineteak bidalitako mezuak zeuden. Horietan guztietan euren banaketa zerrenda osoko helbide guztiak agerian zeuden CC. eremuan, Bcc (edo Ccc) hirugarren eremuan egon behar zirenean.

Horietarik batzuek (askok) ez dute ezer mezuan adierazten, atxekita doan .doc dokumentua zabaldu behar duzu zer jakinarazi nahi dizuten jakiteko. Beste batek hainbat laguni bidaltzen digu 2MBko irrati kuña bat mp3 formatoan (eskerrak trinkotua dagoen), artxiboa webgunean eskegi eta beronen lotura eman beharrean.

Baina herri honetan ez zaigu gustatzen kritikak jasotzea. Norberak gauzak nola egin behar ez diren esaten dienean -politesse guztiarekin esan ere- gaizki hartzen dute askok. “Gida baimena” eskatu beharko luke administrazio batek siliziozko tresnak erabili ahal izateko? Jaurlaritzak eta ESIk ematen dutena ez dadila izan, mesedez, azterketa negargarri hori ere ez diot inori eginarazi nahi. Baina arduragabeen erruagatik ez dut nire posta helbideak kakaztuta ikusi nahi… Zein da irtenbidea?

4 thoughts on “Gurean ere netiketa, mesedez

  1. Mifune

    Anitzetan lagunak etsai bihurtzen dira e-postaz.
    Zortzi urte daramatzat interneten bainan gaur egungo ezjakintasuna antzekorik ez daka iraganean.

    Ezjakintasuna, enetzat, ez da “jakinik ez edukitzea” baizik eta “jakin nahi ez”. 😀

    Reply
  2. jalgi hadi ((i))

    Net etika

    Netiketa, eta Net etika ere esango nuke nik. Jakin ez jakin, ikasi gura ala ez… askotan guk geuk ere Interneten dena errez erreza dela zabaldu dugu. Jendea sareratu dadin, jendea murgildu dadin. Horrek hau ekarri du.

    sarea orain gainezka dago. Arautu bako gune asko… eta etika gutxitxo agian. Ez naiz inor ezer arautzeko. Baina jakintzak egiten gaitu libre. Ikasi gureak aske.

    Net etika propio bat garatzen hasi behar dugu. Euskaldunak ere badugu zer ikasi… ezta?

    Reply
  3. Oier

    Ba ni ere neurri batean arduragabe horietakoa naiz…informazioren bat jende askori bidali behar nionea, edo prentsara bidali behar nuenean, helbide guztiak agerian uzten nituen. Konturatu nintzen iristen zitzaizkidala mezu batzuk, niri bakarrik ez, jende askori bidalitakoak horiek ere, non bidaltzaileak bere buruari bidaltzen zion mezua. Esaten nuen nik…”eta honek, bere buruari bidali badio nola iritsi zait niri?” Hemen irakurri dut BCC-arena, eta proba egin dut nire postan. Eta ikusi dut Bcc-an jarritakoak ez zirela ikusten, To-n jarritakoa soilik.
    Hemendik aurrera horrelako mezurik bidali behar badut BCC-an idatziko ditut helbideak.

    Reply
  4. Pingback: Teknoberriak: Netiketa - Klik Bikoitza

Utzi erantzuna Oier(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude