P2P sareak aktibismorako

By | 2004/07/28

irudi batBideoak (normalki film komertzialak) eta bestelako artxiboak trukatzeko erabiltzen diren truke sareak bestelako dokumental alternatiboak eta albiste zentsuratuak ere banatzeko erabil daitezke. Horretan hasi dira ekintzaile batzuk. CNNk zentsuratutako albisteak, Medem-en Euskal Pilota, Michael Mooreren Fahrenheit 9/11 eta beste hainbat film sarean eskura daitezke dagoeneko, eDonkey/eMule edo Bittorrent bezalako sareen bidez. Beste batzuk KaZaA, Limewire (Gnutella) eta Soulseek erabiltzen ari dira AEBetako gobernuak Iraken izan duen jokabidea agerian uzten duten dokumentu ofizial batzuk banatzeko.

Bideoak oso tresna indartsua dira, telebista den bezala, proselitismo politikorako. Izan ere, bideo erreportaia batek milaka idatzik baino ahalmen handiagoa izan dezake ideia batzuk edo salaketa bat komunikatzeko. Baina bideoa bera sortzeko zailtasunez gain, banaketarako ezintasuna izan ohi da diskurtso alternatiboak izaten duen bigarren oztopoa. Hedapenaren kontu hau konponduta dago P2P sareak egoki erabiliz gero, webguneekin konbinatuta, gure film eta bideo dokumentuak libreki eta muga fisikorik gabe banatzeko sekulako tresna baitira truke sareak.

Indymediari lotutako batzuek ondo ulertu dute kontu hau eta indypeer.org sortu dute, bideo politikoak biltzen dituen webgunea edo, hobeto esan, euren aurkibidea, bideoak eDonkey/eMule sarean baitaude. Programa horien bidez nork bere ordenagailuan duen film bat besteek har dezaten ahalbidetzen du. Horregatik kolektibo alternatibo batek eginiko bideoa edo Al Jazeeratik hartutako albiste interesgarri bat partekatu dezakegu. AEBetan, esaterako, Iraken amerikar soldaduei gertatutakoak izkutatzen ari dira kate handietan. Bada, indypeer.org horretan horrelako irudi zentsuratuak aurki daitezke eta beste asko, gaiaren, hizkuntzaren eta artxibo motaren arabera sailkatuta. Filmerako lotura aurkituko dugu, ed2k lotura, ondoren eMule programan itsatsi beharrekoa. Oso antzeko helburuarekin sortu dute v2v.cc webgunea, antifaszismoa, arrazakeria, ekologia, gerra eta horrelako atalak dituena.

Oso erabilgarriak dira truke sareak eta edonork erabil ditzake bere bideoak zabaltzeko. Adibidez, Saharako gatazka ongi eta irudiz horniturik azaltzen duen erreportaia sorta jaso zuen VHS zinta batean euskal internauta batek eta beste batzuekin elkarbanatu nahi zuen aurkikuntza. Bada, modurik artezena DivX formatora pasatzea zen eta eMule programaren bidez besteen esku jartzea. Horrela egin zuen eta horregatik orain sarean dago eskuragarri Sahara Occidental, la guerra olvidada, DVD batetik ateratako Sahara Marathon filma bezalaxe (ed2k lotura). Askoz adibide gehiago jar daitezke, aspaldiko dokumental edo erreportaia asko, P2P truke sareak agertu arte hedatzeko beste biderik ez zeukaten produkzioenak.

Baina adibiderik berrienak Michael Mooreren filmak ditugu, bere arerioek ere animatu baitute jendea deskargak saretik egitera. Zine aretoetako diru irabaziak kendu nahian mezua zabaltzen lagundu dute amerikar errepublikarrek, ekintzaileen azken helburua dela kontutan hartu gabe. Izan ere, aintzinako lee, comenta y difunde gaztelaniazko leloaren egungo bertsioa dira dokumental hauek, baina egungo ikus-entzunezkoen kultura digitalera egokituz, sarearen bidezko bideoak zabaltzen dira, vietnamdarrarekin eginiko panfletoak barik.

Filmak DVD formatotik DivX edo XviD formatoetara pasatzea askoz errazagoa da, dagoeneko digitalizatuta baitaude eta programa batzuen bidez zehazten dira bihurketarako parametroak, hala nola, sortuko dugun bideo trinkotuak nolako kalitatea eta neurria edukitzea nahi dugun eta zenbat zatitan banatuko dugun, film luzea baldin bada. VHS bideo zinta analogiko batetik hartzeak, berriz, lan handiagoa eskatzen du, lehendabizi digitalizatu behar baita bideo zein audio seinaleak harrapatzeko txarteletatik sartuz. Ordu gehiago emango ditugu digitalizazio lana eginez, baina DVD arrunt bat trinkotzeak ere denbora dexente kenduko digu.

Hala ere, truke sareek bideoak ezezik bestelako dokumentuak ere trukatzeko aukera ematen dute: audio artxiboak, irudiak edo testuak. Ekimen interesgarria jarri du abian outragedmoderates.org webguneak, AEBetako 591 dokumentu sarean banatuz. Besteak beste, Abu Ghraib-eko gartzelan eginiko torturak eta Irak indarrez hartu aurretik gobernuak zer nolako informazioa zeukan ikertu duen senatuko batzordearen txostenak. Denak dokumentu publikoak dira, gobernuaren webguneetan aurkitzeko eta banaka jaisteko zailak direnak, baina denak karpeta batean eta trinkotuta askoz eskuragarriagoak dira, KaZaA, Limewire eta Soulseek sareetatik zuzenean eskura daitezke. Ekimen interesgarria da, gakoa informazioa ahalik eta eskuragarrien jartzea baita.

Truke sareak osatzeko agertu den azken programa BitTorrent dugu. Jende askoren ahotan dabil programa hau, eMuleren ondoan arinagoa ei delako. Hura bezala, fitxategi bat jaisten ari garela dagoeneko jaitsi diren zatiak har ditzakete beste internautek gure makinatik, jatorrizko fitxategia duen makina libreago utziz.

EGUNERAKETA: Norbaitek Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eMule truke sareetan ezarri du .zip batean trinkoturik. Hau da ed2k lotura.

Euskal Jai Weblog-a
Iruñeko Euskal Jai gaztetxea arriskuan dago, udalak gazteak bertatik ateratzeko mugimenduak egiten ari baita azken asteotan. Horren aurkako protestak koordinatzeko eta gaztetxearen inguruko jakingarri guztiak eskaintzeko webgunea osatu dute bertakoek. Weblog-a da, jendeak albisteak eta iruzkinak idatz ditzake bertan eta azken-azken orduko albisteak haren bidez zabaltzen ari dira. Aintzina Euskal Jai pilotalekua izan zen gaztetxearen erakikina eta bere 95 urteko historia ere ezagutzeko aukera dago webgunean. Gogoratu behar da iragan urteko urrian Hackmeeting-a bertan egin zutela arrakasta handia lortuz eta, hortaz, normala da Interneten gaztetxeaen defentsa izaten ari den isla.

Publizitate blog-a
Publizitatearen inguruan euskaraz jarduteko bitakora ezarri du ziberespazioan Iñigo Fernandez Ostolaza internauta eta publizista euskaldunak. Euskararen egoera publizitate munduan, euskarazko publizitatea, itzulpenak publizitatean eta terminologia kontuak aztertzen ditu bertan, adibideak emanez. Publizitate munduan euskaraz lan egiten dutenentzat eta ikasleentzat interesgarria.

Kazetaritza kongresua
Euskarazko Kazetaritzaren egoera aztertuko duen Kongresuak webgunea eskegi du sarean, helbidean. Kongresua azaroaren 9tik 12ra bitartean izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Besteak beste, Internet eta bitakorak mintzagai izango dira bertan, Luis Fernandezek aurkeztuko duen Bitarketaritzarik gabeko kazetaritza hitzaldiaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude