Haririk gabeko etorkizuna

By | 2004/07/14

irudi batOrdenagailuak Internetera konektatzeko eta sare txikiak osatzeko haririk gabeko komunikazioa gero eta hedatuagoa dago. Hasieran kableak ezarri beharraren lanak kentzeko pentsatu zen arren, irrati uhinak norberaren etxetik urrunxeago heltzen dira. Ez askoz gehiago, emititzen duten potentzia legez mugatuta baitago miliwatt gutxi batzutara, beste komunikazio batzuetan eta gure osasunean eraginik izan ez dezan. Baina edozein etxetan ezar daitekeen sarbide puntuak ehunka metroko irismena du, auzo etxeetara heltzeko beste. Etxebizitzako eremu fisikoa gainditze horrek ekarri du Wi-Fi teknologiaren erabilera soziala.

Teknologia merke eta eskuragarri honi esker ez da kablerik jarri behar eta oso abiadura handiak lortzen dira komunikazioan. Haririk gabe den guztia da wireless, baina gure artean Wi-Fi izenaz ezaguna denakomunikazio estandarren inguruko teknologia da. Protokolo honek gehienez 11 Mbps-eko abiadura lortzen du, ADSL arrunt batena baino dexente gehiago, eta bere ondorengo 802.11g protokoloa 45 Mbps-era heltzen da baldintzarik onenetan.

Printzipioz nork bere konexioa haririk gabe egiteko sortu da Wi-Fi teknologia. Enpresa edo etxe bateko gela ezberdinetan dauden ordenagailuak konektatzeko erabiltzen da, kableen bidez egiten diren LAN edo sare txiki horietako baten modukoa egiteko. Normalki sare hori Router baten bidez Internetera konektaturik egongo da, demagun 256 Kbps-eko ADSL arrunt baten bidez, eta Wi-Fi instalazioa egiteko AP edo sarbide puntua deritzon aparailua konektatu behar diogu LAN horri. Bestalde, gure ordenagailua irrati uhinen bidez komunika dadin wireless aparailua erantsi behar diogu. Eramangarrietan txartel bat izan ohi da baina badira mahaigainekoak ere. Aparailu hori AP edo sarbide puntuarekin komunikatuko da, kablea ordezkatuz. Sarbide puntua 90 euro inguru kostatuko zaigu eta ordenagailuari erantseko txartela 30 bat euroan aurki dezakegu.

Baldintzarik onenetan seinalea hobeto heltzen da eta abiadurarik onena lortzen da, baina ohikoagoa da ordenagailuaren eta sarbide puntuaren artean hormak edo distantzia luzeagoak egotea. Hala ere, kokapen finko bi lotzeko antena direkzionalak erabili ohi dira, seinalea norabide batean soilik bideratzen dutenak, eta horien bidez distantzia harrigarrietara lortzen dira konexioak. Hala, Kanariar uharteetan 70,5 kilometroko tartea lortu zuten 2002an eta, ondoren, distantzia luzeagoak lortu dira baina seinalea emendatuz. Legeak Europan ezarritako 100 mW-eko mugak gaindituz gero, aise lortuko dugu komunikazioa urrunago helaraztea (potentzia Watt batera igoz gero).

Etxe eta lantokietan ezartzen diren aparatuek 100 mW-eko indarra ez dute gainditzen, baina antena omindirekzionalak dituzte eta oztopo ugari tartean. Hala ere, sarbide puntu ugari konektatuz gero, gune zabal bat estal dezakegu. Ordenagailudun jende asko ibiltzen den gune publikoak horrelako zerbitzuekin hornitzea oso probesgarria da. Gurean Donostiako informatika fakultatea aitzindarietakoa izan zen, baina aireportuak eta tren geltokiak ere aproposak dira horrelako ezarpenak egiteko. Telekomunikazio enpresak ere, 802.11b estandarreko konexioak emateko inolako lizentzia berezirik behar ez dutenez, haririk gabeko konexioa hasi dira gehitzen euren ADSL eta enparauen eskaintzari. Kontratuak zehazten du beti zerbitzua ezin zaiori hirugarren bati saldu edo ezin dela erabili etxebizitza edo lantokiko eremu fisikotik at.

Baina leku publikoak wireless konexioz hornitzea interesgarria dela ikusi du Eusko Jaurlaritzak ere eta bere SPRI erakundearen bidez dirulaguntzak ematen hasi da EAEn honelako lekuetan Wi-Fi sareak ipintzeko. Dagoeneko ia 100 lekutan ezarritako haririk gabeko sistemek jaso dute Konekta Zaitez Wi-Fi programaren dirulaguntza. Ostalaritza enpresak, erakustazokak, parke teknologikoak, tren edo metro geltokiak eta horrelako lekuak izan behar dira, printzipioz, ordenagailu eramangarriekin edo PDA aparailuekin lan egiteko moduko itxarongelak edo antzeko lekuak dituztenak. Ikastegiak, hotelak, Algortako kirol portua eta Sopelako hondartzak dira, besteak beste, SPRIren dirulaguntza jaso duten instalazioak.

Komunitate libreak ere badira
Konexioa elkarbanatzeko aukerak bultzatuta sortu ziren lehendabiziko wireless komunitate libreak AEBetan, eta laster hedatu dira giro teknofiloetan gurean ere. Baina hauek Internetera sartzea ez dute helburu nagusi, herritar sare paraleloak sortzea baino. Hala ere, nodoren batek Interneterako sarbidea badu, sare horietara konektatuz gero aukera hori ere izango dugu.

Normalki endredatzea gustoko duten informatikariak edo hackerrak dira honelako sareak egiten dituztenak. Askotan GNU eta software libreari lotutako zirkuluetako jendea dira, honelako sareak programatzeko onena baita Linux sistema eta oso moldagarria delako. Esaterako, material gutxirekin eta tupperware batzuk erabiliz Linux-en funtzionatuko duen sarrera puntua egin dezakegu; antena on bat egiteko, berriz, Pringles lata bat eta kable batzuk erabil daitezke.

Gauza horiek guztiak komunitate horietako webguneetan ikas ditzakegu. Eurekin harremanetan sartzeko balio dute webgune horiek, sare horietako sarbide puntuak non dauden ikusteko eta geurea sortzeko informazioa eta laguntza topatuko dugu bertan. Azken finean, elkarbanatzearen filosofia partehartzaileak kutsatutako beste eremu bat dugu wireless teknologia. Horrelako komunitateak aurkituko dugu, besteak beste, Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

LABURRAK

Blogger eibarnautak
Eibarko Internauten eibar.org elkartekoek webgunea berpizteko modu interesgarria topatu dute, elkartekide edo eibarnauta bakoitzari bere bitakora bertan jartzeko bidea emanez. Webgunea bera ere Zoperen gainean Coreblog izeneko softwarea erabiliz berrosatu dute. Bitakora pertsonal batzuk sortu dira jada eta hauen diseinuari itxura emateko, berriz, handik eta hemendik hartutako css estiloak erabili dituzte, tartean sarean.com-ena.

Euskal olerkiak sarean
Susa argitaletxeak basquepoetry.net webgunea ezarri du Interneten, XV. mendetik gaur arteko 200 euskal poetaren 1.100 poema biltzen dituena. Alfabetikoki eta mendeen arabera sailkatuta daude poemak, haietako zenbait beste hizkuntza batzutara itzulita.

Fahrenheit 9/11 sarean
Eztabaida ugari eta ikusmina sortu du AEBetan Michael Moore zinemagilearen azken filmak. Fahrenheit 9/11 filma sekulako dirutza ari da egiten zine aretoetan baina errepublikarrek sarean kontraerasoari ekin diote, michaelmoorehatesamerica.com edo moorewatch.com bezalako webguneak sortuz. Azken honetan BitTorrent programaren bidez filma eskuratzeko lotura jarri dute, jendeak bere filmak saretik doan eskuratzearen alde zinemagileak eginiko adierazpenak aitzaki hartuta. Ez dirudi, ordea, bere mezua zabaltzen laguntzea Mooreri aurre egiteko modurik onena denik, baina nork esan digu benetako filma deskargatuko dugunik? Agian bai, baina horrek emango digu errepublikarren inteligentziaren neurria. Adibidez, une honetan ustez La Pelota Vasca eMuletik jaisten ari diren gehienak fake edo kopia faltsua ari dira eskuratzen. Medem-en kontrakoek nahita jarritako kopia faltsu hauetan bestelako filmak egon ohi dira, pornoa gehienetan.

One thought on “Haririk gabeko etorkizuna

  1. Pingback: sarean.com » Air Bites probatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude