Ordenagailua bidaide

By | 2004/06/23

irudi batUdako oporrak ate joka datoz eta lagun asko autoa hartuta abiatuko dira helburu ezezagun baterantz, bide ezezagunetatik. Lehengo garaietan zuhurrenek mapa bat erosi eta gutxi gora behera biderik artezena marratzen saiatzen ziren bertan. Gaur egun, zorionez, badira lan hori askoz zehaztasun gehiagorekin egingo diguten programa eta webgune batzuk. Zenbat kilometro egingo ditugun esango digute eta biderik laburrena, azkarrena edo politena aukeratu ahal izango dugu, ez baitira beti gauza bera izaten.

Baina horretaz gain, bestelako datu baliagarri batzuk eskaintzen dituzte route planner edo bidea prestatzeko programa horiek. Batzuek erregaitan eta bidesaritan zenbat gastatuko dugun ere esango digute, besteek bidean zehar topatu ahal izango ditugun jatetxe edo hotelik interesgarrienak aholkatuko dizkigute. Edozein momentutan ibilbide berriak eta alternatiboak marraztuko dizkigute, bidea moztuta baldin badago edo hasieran erabakitako bidetik at dagoen leku bat bisitatzea bururatzen bazaigu.

Webguneetan dauden gidek, normalean, informazioa doan ematen dute, baina autoan baldin bagoaz seguruenik ez dugu sarerako konexiorik izanen eta, ordenagailu eramangarria edukiz gero, agian hobe izango dugu programa bat instalatzea. Espainiako Campsaren gidaren bertsio informatikoa 20 euro kostatuko zaigu, errepide sarearen gaineko informazio ona dauka baina hirien planoak xehetasun gutxikoak dira. Etxetik kontsulta egiteko ustea besterik ez badaukagu, hobe izango dugu Repsolen webgunean dagoen doako zerbitzua erabiltzea.

Microsoften Autoroute programak Europa osoko errepide mapak biltzen ditu eta frantsesez zein gaztelaniaz eskura daiteke, tamalez, mota hauetako programak ez baitaude oraindik euskaraz. Bidegurutze guztien arteko denbora eta distantzia tarteak emango dizkigu, ibilbidearen mapaz gain, baina garesti xamarra da, 85 euro inguru.

Horrek baino zehaztasun handiagoarekin ematen ditu hiri barneetako kaleen planoak Route 66 programak, errepide mapak ere zehaztasun handikoak dira eta Microsoftena baino merkeagoa da: 50 bat euro. Erabilterraza da eta ibilbidea marratzeko irizpide ezberdinak erabil ditzakegu, arinena, merkeena edo politena aukeratuz.

Paperezko gidetan Michelin dugu Europako ezagunena. Bada, Interneten ere erabilgarri dago eta guztiz doan. Abiapuntua eta helburua aukeratuta, xehetasun handiz erakutsiko digu ibilbidea, geldinuneen eta errepideen arteko loturen zerrenda xehatuarekin. Britainia Handiko RAC-aren Route Planner-ak ere Europa osoa hartzen du kontutan, baina interfazea soilik ingelesez dago, Michelinena gaztelaniaz eta frantsesez ere dagoen bitartean.

Bila gabiltzana mapak baldin badira, Multimap webgunean Britainia Handikoak, Europakoak eta mundukoak topatuko ditugu. Hala ere, Euskal Herriko mapa zaharkitu xamarra aurkitu dugu, gaztelaniazko toki izenak erakusten dituena. Hiri barneetako kaletegiak ikusi nahi baditugu Multimap erabil dezakegu, baina Espainiako hiriren bat bisitatu nahi izanez gero, hobe izango dugu Terraren kaletegia begiratzea.

Azkenik, nahi duguna ibilbideaz gozatzea bada, masrural.com atarian ibilbide ikusgarriak aurkituko ditugu, bidea ahalik eta lasterren egin barik ahalik eta politena egitea xede dutenak.

Gmail eta Yahoo
Bere Gigabyte bateko posta elektroniko zerbitzua eskaintzen hasi zenetik sekulako irrika sortu du Googlek, ez baita erraza Gmaileko kontu bat lortzea. Dagoeneko kontua dutenek soilik gonbidatuta sar gaitezke zerbitzuan eta oraintsu arte gonbidapen bakarra eman du Googlek erabiltzaile bakoitzeko. Horrek gonbidapen horiek saltzea edo enkantean eskaintzea ekarri du eta batzuek gonbidapena lehiaketa bateko sari moduan eskaini dute, hain estimatuak baitira Gmaileko kontuak.

Alabaina, ekainaren 8an Googlek erabiltzaile bakoitzari beste hiru gonbidapen eman zizkion, bakoitzak nahi duen eran erabiltzeko. Jokabide honekin Googlek, nahiz eta ofizialki gonbidapenen salerosketaren kontra dagoela adierazi, sekulako publizitate kanpainia egin du, iragarkitan hogerleko bakar bat ere gastatu gabe. Erabiltzaileak dira publizistarik onenak. Horretaz ohartu da Yahoo eta bere posta kontuen ahalmena 100 Megabytera igo du, bidal daitekeen mezu bakoitzaren neurria 10 Megara igoz eta interfazea hobetuz. Horrekin nahikoa da posta elektronikoaren erabilera normal baterako eta, ziurrenik, laster Hotmail antzeko mugimenduak egiten ikusiko dugu, bere zerbitzua une honetan hirurko horretako kaxkarrena delako. Baina Microsoftek ez du oraindik bere zerbitzua hobetu eta, gainera, erabiltzaileak ez galtzeko makurki jokatzea leporatu diote hainbat erabiltzailek, Hotmail-en helbideetara Gmailera sartzeko bidalitako gonbidapenak automatikoki zabor mezuen karpetara bideratzen dituela salatuz.

LABURRAK

Sareei buruzko liburua
Sarean dago doan eskuragarri TCP/IP sareak liburua. José Mª Rivadeneyra informatika irakasleak idatzia, sareen antolaketa eta segurtasun kontuak azaltzen ditu liburu honek euskaraz. Besteak beste, aplikazioak, protokoloak, estandarrak eta ohiko arazoak menderatzeko azalpenak aurkituko ditugu bertan. Egilearen esanetan “Unibertsitate mailako ikastaroetan, euskarazko irakaskuntza ertainean edo bere kabuz ikasi nahi duenarentzat erabilgarria” da liburua. Paperezko bertsioa duela hilabete batzuk argitaratu zuen EHUk, baina orain Interneten jarri du egileak, PDF formatoan, edonork eskuratzeko eta inprimatzeko moduan.

La Haine itxita
Informazio alternatiboa ematen duen La Haine zerbitzariari ostatu emateari utzi dio bere ostatatze zerbitzuak, aurretik inolako oharrik eman gabe. Zerbitzariko arduradunek salatu dutenez, ostalariak gehiegizko trafikoa argudiatu du itxiera arrazoitzeko baina eurek ez dute trafikoan aparteko igoerarik somatu. DoS eraso bat jasan zuen webguneak martxoaren 11n eta talde espainiar nazionalisten begipuntuan izan da webgune hau azken aldian.

Ikastaroak Donostian
Internet hizpide izango duten makina bat ikastaro izango dira uda honetan Miramon Enpresa Digitalak antolatuta. Besteak beste, ikastarootan sareak aparteko kosturik gabe optimizatzea, nazioarteko webgune eleaniztuna sortzeko jarraibideak, programazio segurua, informazioaren gizartea, nabigagarritasun estandarrak betetzen dituzten webgune erabilterrezak egitea eta Linux sistemak kudeatzea izango dira ikastarootako gaiak.

One thought on “Ordenagailua bidaide

  1. Gotzon

    Konfirmatuta dago, zeuk iragarritakoa gaur bertan konfirmatu du Microsoftek, Hotmail 250 megara igo dute.

    Reply

Utzi erantzuna Gotzon(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude