Kontaizu.net aldizkariaz

By | 2004/06/22

Badira hilabete batzuk kontaizu aldizkari digitala atera zela (2003ko urrian) baina oraino ez du sareko jende askok ezagutzen. Egia esan, ez du inork nire aurrean aipatu eta ez dut inon ezer entzun edo irakurri horren gainean. Baina gaur Googlen bilatu dut eta erreferentzia bakan batzuk agertzen dira, Kontaizurako loturarik ez da apenas ageri emaitzetan eta konturatu naiz bere edukiak ez daudela indexatuta! Hilabetero sareari buruzko artikulu bat idazten ibili naiz, baina haietarako loturak egin nahi izan ditudanean ezinezkoa suertatu zait.

Programatuta dagoen moduak indexaezina egiten du bere edukia, ez Googlek, ez inork ez duelako zuzenean lehenagoko artikuluetara igarotzerik. Lehendabizi Hemeroteka atalera jo behar dugu eta gero irakurri nahi dugun zenbaki zaharra aukeratu behar dugu. Ondoren, zenbaki bakoitzaren menuan atala aukeratu eta erreportaia hura irakurri ahal izango dugu, adibidez, Sarean izeneko “informatika” (sic) atalekoa. Hala ere, nabigatzailearen helbide barran beti http://www.kontaizu.net/informatika/index.php helbidea agertuko da. Hemerotekatik igaro eta zenbaki jakin bat aukeratu ez badugu, helbide hori jarrita beti agertuko zaigu azken zenbakiko sarean ataleko artikulua. Dena dela, ez dakit zergatik baina azken zenbaki hori ere ez du indexatzen Googlek.

Hala ere, aurkitu dut zenbaki bakoitzeko orrialdeak ikusgai egiteko modua, helbideari ?mod=1&HEMEROTEK=zenbakia zatia gehituz. Ea loturaz beterik prestatu dudan testu honi esker Googlek aurrerantzean indexatzen dituen:

Bizkaiko ikastolen elkarteak atera du Kontaizu eta, esan bezala, hainbat erreportaia idatzi ditut bertan. Lehenengo zenbakian, Irratiak sarean entzungai izenburupean Interneten dauden irrati digitalak aztertu eta nork bere etxeko logelan bere irrati estazioa sortzeko oinarrizko jarraibideak eman nituen. Bigarrenean, Internetek gizartea aldatzeko tresna moduan ematen dituen aukerak aztertu nituen, ongi erabiliz gero aktibismorako sekulako tresna baita. Hirugarrenean, sarean seguru nabigatzeko gomendio batzuk eman nituen, nabigatzean ez dezagun gure pribazitatea arriskuan jarri eta ez dezagun oharkabean dialer eta horrelako programarik instalatu.

Laugarrenean sareak harremanetarako ematen dituen aukerak azaldu nituen Sarean lagunak egiteko izenburupean. Ondoren, bitakoren gaia azaldu nuen eta nork bere weblog pertsonala sortzeko gomendio batzuk eman. Seigarren zenbakian, berriro segurtasunaren gaiari helduta, azken aldion hainbat buruko min ematen digun Spam-aren kontrako neurriak eta segurtsun-netiketa arau basikoak azaldu nituen. Gezurra dirudi honez gero, baina internauta gehienek ez dituzte babes neurriak kontutan hartzen, horregatik daude gure postontziak zaborrez beterik.

Literatura sarean izenburupean, literaturaren inguruan Interneten dauden helbide batzuk aipatu nituen: klasikoak online, literaturari buruzko bitakorak, idazteko baliabideak…

Hurrengo zenbakian Berehalako mezularitza aztertu nuen, lagunekin uneoro kontaktuan egoteko primerako tresna da baina ez da Microsoften Messenger aukera bakarra, zerbitzu hobea eta plataforma anitzerako balio duten beste batzuk ere badirelako. Flash animazioak aipatu nituen ikasturte honetako azken zenbakian, diseinatzaile eta artista asko formato honetara pasatu direlako, flash animazioak euren adierazpidea bihurtuz.

3 thoughts on “Kontaizu.net aldizkariaz

  1. Osoitz

    Aipatzen duzun helbideen arazo horretaz gain badago oztopo ugari sortuko dizkien beste ideia txar bat gunearen sarreran bertan: Alternatibarik gabeko irudi mapa bat, esan nahi dudana ulertzeko testu nabigatzaile batekin saiatu sartzen eta itsuen jasotzen duten informazioa ikusiko duzu. Ez ahaztu Google ere itsua dela.

    Bide batez, Kontaizun bertan zuk goraipatzen duzun Flash horrek arazo berbera sortzen du. Ez utzi Macromediaren propagandak engainatzen uzten, Flash sarearen minbizia da, benetan.

    Reply
  2. Jabi

    Hainbat errakuntza soma daitezke, bai, eta webgunea irudiekin osatzea ez da batere erabilgarria eta googlek indexatzea oztopatzen du, horren adibide bat duzu http://www.manifestua.org webgunea.

    Baina ez nator bat zurekin Flash-aren kontuari dagokionez. Alde batetik, ez dut goraipatzen baina ez dut, era berean, zuk bezala gutxiesten. Erabilgarritasunaren eta diseinu ikusgarriaren arteko oreka lortzea onena da nire iritziz. Oso webgune erabilgarria oso aspergarria izan daiteke. Flashez beterikoa ez da batere nabigagarria eta bere edukiak ez dira indexatzen bilatzaileetan. Baina batzuetan, komunikatu nahi duzunaren arabera, oso baliabide ona da aurkezpen interaktiboak sartzea, bideoekin edo grafikoekin, eta hori Flashek egin dezake inork baino hobeto.

    Reply
  3. Osoitz

    “Manifestua” hitza bilatuta manifestua.org bigarren agertzen da Googlen. Ez dago gaizki aste batzuko bizitza eta oso eduki gutxi izan duen webgune batentzat.

    Baina bai, irudiz egina dago eta honen eduki asko ez da irisgarria, guk egina bada ere ez dut hori defendatuko erabaki hori inposatu egin zigutelako. Inposaketa onartuta ere hobeto egin genezake? Bai irudi guztiei testu alternatiboa sartuz.

    Baina irudiz egindako webgune bat irisgarritasun arazoak dituen bitartean, Flashez egindako bat minbiziak jota dago.

    Web-a posible egin zuten teknologiak irekiak izan dira: TCP/IP protokoloa eta HTML lengoia nagusiki, Flash, ordea, Macromedia etxearen inbentoa da.

    Itxia izateaz gain, kontzeptua ere erabat aldatzen du. HTML-ak testua du oinarri, eta horri ezker bi gauza lortzen dira, batetik edozein trastek maneiatu ahal izatea, eta bestetik edukiaren tratamendu automatizatua: bilatzaileak, armiarmak, … Flashak hori guztia ukatzen du bere oinarria bektorea duelako.

    Flasharen azken bertsioan arazo hauetako batzuk hobetzen hasi direla dio Macromediak, baina ez dut praktikan inon ikusi.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude