Indiako e-eskulana, merke eta on

By | 2004/06/06

Oraintsu arte hirugarren munduko langileentzat lanik eskasenak zeuden gordeta AEBetan, prestakuntza gutxi eskatzen dutenak eta aurretik ere gutxien ordainduak zirenak. Baina gauza bera soldata altuagoak jasotzen dituzten exekutiboen lanpostuekin egin badaiteke? egin daitekeenean egingo dute enpresek, dudarik ez egin. Galdetu bestela AEBetako goi mailako programatzaileei, euren enpresak langile merkeagoak kontratatzen ari dira Indian, Txinan edo Errusian. Lan merkatuaren globalizazioa fenomeno orokorraren ondorioetako bat dugu, baina telekomunikazioei eta Interneti esker iduneko zurien lanpostuak kinkan daude lehen mundu postindustrialean.

Pertsonen artean egizu zeuk garaia amaitu da azken aldion. Lanak eta gizarte harremanetarako denbora gehiago edukitzeko, gero eta zerbitzu gehiago kontratatzen ditugu: janaria eta etxea egin diezaguten, arropen garbiketa, adinekoen zainketa… Behar guztiak besteen esku uzten dira, AEBetako eta Ingalaterrako leku batzuetan batez ere.

Enpresa munduan ere hori azken urteotako joera da, gaztelaniaz externalizacion eta ingelesez outsourcing esaten zaiona, teknologiaren sektorean batik bat. Zerbitzu jakin batzuk egiteko, komunikazio arloan edo programazioak sortzeko, horietan berezitutako beste enpresa baten edo langile autonomo baten zerbitzuak kontratatzen dira, enpresan departamendu bat propio sortu barik. Abantaila nabaria da enpresarentzat, dirua aurrezten baitu soldatetan eta segurantza zerbitzutan. Jada zerbitzuak behar ez dituenean edo beste batenak nahiago dituenean harremana etengo du eta kitto. Telematikaren munduan ASP edo aplikazio zerbitzuen hornitzaileek aplikazioen zerbitzuak eskaintzen dizkigute, programak prestatuz eta kudeatuz.

Baina egun bizi gaituen globalizazioaren munduan zerbitzu horietako batzuk planetaren beste muturreko enpresek edo langileek egin diezazkigukete. Etengabe hazten ari den joera honi outsourcing edo offshoring esaten zaio, edo near shoring, ondoko herrialdean gertatzen denean. Azken finean ekonomia kontuan oinarritzen da: gastuak murriztea, atzerrian askoz diru gutxiagoren truke egingo duen bati lana aginduz.

Ontzietako eskifaiak, manufaktura enpresak, industria astuna… Sektore horietan guztietan eragin du globalizazioak eta langile gehienak egun herrialde haietakoak dira. Batzuetan lehen munduko herrialdean bertan egingo dute lan, baina lehen munduak ez du nahi langile guztiak bere lurraldea zapaltzea ezinbestekoa ez bada. Gainera, beste askorentzako ere badauka lanik, asian dauden sweatshop famatuek erakusten dutenez. Bertan, kirol marka ezagunentzako oinetakoak eta bestelako arropak egiten dituzte, oso soldata eta lan baldintza eskasekin, askotan umeak erabiliz.

Orain iduneko zurien txanda da: goi mailako programatzaileak zain daude Indian, Txinan eta Errusian, amerikar eta europarrentzat lan egiteko irrikitan daude eta askoz soldata baxuagoekin konformatzen dira. AEBetako programatzaile batek, bataz beste, 70.000 dolar irabaziko du urtean, Indiako batek 9.000 inguru. Aipatu hiru herrialde horietan urtero AEBetan baino hiru aldiz zientzia eta ingeniaritza lizentziatu gehiago sortzen dira urtero eta telekomunikazioak izugarri ari dira hedatzen bertan. Esaterako, AEBetatik Indiarako telefono dei bat duela hamar urte baino hamar aldiz merkeagoa da egun.

Berleleyko unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, AEBetako lanpostuen %11 atzerrira eramateko arriskuan dago. Bezeroarekiko buruz buruko harremanen beharrik ez dagoenean, edukia informazioa denean eta lana Interneten bidez egin daitekeenean… Horiek dira offshoring-aren biktima izateko aukera gehien dituzten lanpostuak. Adituen arabera, datozen bost urteetan AEBetako bankuek, burtsa enpresek eta bestelako finantza zerbitzuek 500.000 lanpostu eramango dituzte atzerrira, euren lan eskuaren %8, horietako asko goi mailako barne zereginak egiteko: finantza azterketak, ikerketa, diruzaintza eta diseinu grafikoa besteak beste.

Beste fenomeno bati lotua ageri da teknologia langileen offshoring-a, dagoeneko askoz lehenagotik ari baitziren H-1B bisatuen bidez kanpoko langileak AEBetara eramaten, soldata merkeagoak ordainduta eta bertako teknologia enpresen beharrizanen arabera bisatuen kopurua handituz edo murriztuz. Baina zertarako ekarri, Interneti eta telefonoari esker euren herrialdean gera daitezkeenean? Korporatibismoak edota enpresa jakin batzuetako langileen defendatzeko gogoak H-1B bisatuen zein offshoring-aren kontrako mugimenduak sorrarazten ari dira AEBetan, batzuek gogoeta serioa egin nahi dute arazoa bideratzeko, herrialdearen ekonomiarentzat ekarriko duen kaltea azpimarratuz eta babes neurriak proposatuz, besteak mugimendu xenofobiko hutsak dira.

Baina outsourcing-aren zenbakiak gehiegi puzten ari direla dioenik ere bada. Economic Policy Institute-ko Josh Bivensen esanetan, “akziodunen aurrean enpresek modako joerarekin bat egin behar dute, nahiz eta praktikan gutxiagorako izan”. Informazio teknologietako langileak kaltetzen ari den lehenengo faktorea teknologia merkatuko burbuilaren eztanda izan dela dio Bivensek.

Azken finean, iduneko zurien langileria egoteak herrialde hartako ekonomia garatzen lagunduko du, seguruenik gutxien kutsatzen duen industria da eta herriaren hezkuntza maila jasotzen lagunduko du. Dena dela, argi dago arazoaren errua, beti bezala, herrialde batzuen eta besteen bizi kalitatean eta soldatetan dagoen amildegiak duela. Indiako langileek soldata duinagoak jasoko balituzte, munduko merkataritza harremanak orekatzeko itunak egingo balira…

LABURRAK

Euskararen datu basea
Euskararen ezagutza eta erabilerari buruzko datuak, estatistikak eta grafikoak aurki daitezke Euskararen Datu Basea izeneko webgunean. SEI elkarteak ezarri du webgunea, Aztiker Soziologia ikergunearekin lankidetzan. Kale erabiera, hizkuntza gaitasuna, irakaskuntza ereduak ikusgai daude, grafiko zein tauletan. Gainera, EAEko herrien kasuan, eskualde edo herri jakin bat aukeratuta, bertako datuak ikusi ahal izango ditugu.

Google groups berria
Erabat aldatu du xedea Google Groups-en bertsio berriak, oraingoz beta edo proba fasean badago ere, eztabaida-banaketa zerrenda zerbitzua eskaintzen hasi baita. Duela urte batzuk Deja.com zerbitzua erosi zuen, Useneteko berri taldeen eztabaidak jarraitzeko aukera ematen zuena, geroago Useneteko artxiboa ia osorik ezarri zuen bere groups.google.com helbidean. Maiatzean, ordea, Yahooren azken mugimenduei erantzunez, Google Groups berria aurkeztu dute, erabilera biak uztartzen dituena eta talde edo zerrenda bakoitzaren XML feed-a ere duena, azken mezuak eta erantzunak Bloglines bezalako zerbitzu edo programen bidez jasotzea ahalbidetzen duena.

Spam-aren kontra, Thunderbird
Mozillaren azken bertsioetan posta programari spam-a zer den irakasteko aukera dugu, baina postarako bakarrik den Thunderbird programak bahe berezia dakar, aldez aurretik spam-a ezagutzeko gai ei dena. Ikuskizun dago norainoko eragina duen baheak eta birusdun mezuak ere gelditzeko gai den, baina Outlook-ek aspaldi eduki behar zuen ahalmena du behintzat Thunderbird-ek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude