Kongresuak eta jardunaldiak modan

By | 2004/05/13

Azken egunotan hainbat kongresu, jardunaldi, foro, feria eta topaketa batu dira bizi gaituen informazio saturazioa areagotuz. Aurreratuko dut, lehendabizi, ez dudala gehiegi sinisten kongresu mota batzuetan. Hala ere, era guztietakoak eta oso ezberdinak dira batzuk eta besteak. Egia esan, ez dut inoiz sinistu trajedunentzako antolatutako Interneti, gizarte digitalari edo ziberarteari buruzko bilkuretan. Kritikoek Bartzelonako foro famatuari ikusten diotena ere ikusten diet nik.

Duela bi aste Bilboko CiberArt kongresua izan zen baina, lana zela eta, azkenean ez nintzen bertaratu. Egia esan, egitarautik asteleheneko gonbidatu biak bakarrik interesatzen zitzaizkidan, Derrick de Kerckhove eta Richard Stallman. Azken hau, software librearen guru ezaguna, jokoz kanpo zirudien sartzeko euro mordoa ordaindu behar ziren kongresuan.

Bitartean, irakurri dudanez, 2005ean berriro egingo dute Bilbon IT4all kongresua, izenburua gorabehera, aipatu trajedunek beste trajedun batzuentzat eginikoa eta globalizazioaren aurkako taldeen eta hackerren protestak eragin zituena. Esanguratsua zen kongresuaren webgunea Explorerrerako egina izatea, IT4all (informazio teknologiak denentzako ingelesez) aldarrikapena hasieratik ezeztatzen zuena. Iazkoan multinazionaletako ordezkari franko izan zen eta ziberaktibistak zein globalizazioaren aurkakoak kanpoan geratu ziren. Kanpoaldean, hobe esan, Euskalduna jauregiaren atarian elgarretaratzea egin baitzuten ekitaldiaren hipokrisia salatzeko.

Nire aburuz Interneti buruzko bilkura horiek oinezko internautentzat izan beharko lukete, sarea eraikitzen ari diren editore xumeentzat. Zintzoagoa iruditzen zait hau, inongo kongresu jauregi barik sarea bera aukeratu baitu eztabaidalekutzat. Ordainduzko vedette-hizlariek ere, ziurrenik ez dute maitatuko horrelako bilkura telematikorik (ez hamaikagarrenez nahastu telematiko eta birtual hitzak)glamour eta sos gutxikoak baitira.

Bordelen hilabete honetan izango den feria edo Bilboko Expovacaciones-i zintzotasun handiagoa ikusten diet, azken hau egin den erakustazoka berriaren izenari Eroski ere kutsatu duen ingelesarekiko menpekotasun kulturalaren zantzu berberak igartzen zaizkion arren. Probintzianismo berri horretan murgiltzeak ez die, antza webgunearen euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren maila berean uzteko denborarik utzi.

One thought on “Kongresuak eta jardunaldiak modan

  1. Gartxot

    Kongresu horiek profesionalek antolatuak dira, dirua irabazteko. Programa osatu eta instituzio bati saltzen diote, instituzioek oso net-art-internauta-aurrerakoi irudia eman nahi dutenez, horrelakoak ordaindu eta kitto. Irudi kontua da, besterik gabe, eta askotan kontradikzioa aurkezten zaie aldarrikatzen dutena benetan eskatzen dutenak kanpoan protestaka agertzean.

    Reply

Utzi erantzuna Gartxot(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude