Kalamuaren loraldi telematikoa

By | 2004/03/07

Azken urteotan kalamuaren landaketan izan den aitzinamendua nabaria da. Autokontsumoa izugarri emendatu eta hedatu da Euskal Herrian, Europa osoan bezalaxe. Landaketa teknikak eta landareen aukera ere garatu dira, batez ere barneko landaketa. Horretan Internetek zerikusi zuzena izan du, bertan eskura baitaiteke horren inguruko informazio guztia inolako zentsurarik gabe.

Duela zortzi bat urte oso bestelakoa zen marihuanaren hedapena gurean. Oso murritzak ziren landaketa zein ezagutza, jatorri zalantzagarriko landare eskasagoak hazten ziren eta beti kanpoaldean, ez zegoen ia bibliografiarik gaiaren inguruan eta jendeak ez zeukan non galdetu. Holandan, ordea, 70etatik tradizioa zegoen marihuanaren landaketa eta aukeraketaren eremuan. Dudarik gabe, Amsterdam izan da garapen horren erdigunea eta zientifikoki garatutako landaketak coffee shop famatuetan zeukan mundu mailako erakustokia.

Baina 95etik hona, Interneti esker, jakinmina eta marihuana onarekiko zaletasuna zabaldu dira munduan, Europan batik bat. Horrekin batera aldizkariak eta grow shop edo landaketa dendak ere hedatu dira, kalamuaren kultura delakoa sortuz. Egun, Holandako hazi denda ezagunek asko saltzen dute Europan sarearen bidez: Sensi Seeds, Serious Seeds eta Dutch Passion dira ezagunenak baina badira askoz gehiago. Barneko laborantzaren zientzia izugarri garatu da, etxean eta urte osoan belar indartsua lortzeko aukera ematen baitu. Debekuaren kontrako elkarteak ere sortu dira, kalamuaren balioak aitortzearen eta ikertzearen aldekoak. Kataluniako ARSEC elkartea izan zen aitzindarietakoa eta Euskal Herrian Kalamudia eta Ai Laket elkarteek jarraitu dute bide hori. Denek sarearen bidez zabaltzen dute informazioa internauten jakinmina asetzeko eta zalantzak argitzeko. Webgune batzuek, landaketari buruzko informazioa emateaz gain, haziak, ongarriak, lanparak eta bestelako tresnak saltzen dituzte.

Internautek sekulako ilusioarekin ekiten diote barneko landaketari, webguneetan edo foroetan begiratu ostean. Esaterako, gaztelaniazko solocannabis.com oso webgune txukuna da, landaketaren inguruko aholkuak, argazkiak eta lege kontuei buruzko informazioa duena. Izurriteei nola aurre egin, ongarriak, argiak, aireztatzea… Zalantza horiek argitzeko eztabaidaguneak daude cannabiscafe.net internauten elkartearen webgunean. Beste batzuetan kalamu zuntzez eta kalamutik ateratako erretxinez eginiko bestelako produktuak ere saltzen dira: kamisetak, gorputzerako olioak, sokak…

Hala ere, webgune askotan sartu aurretik, arduradunek kontsumoaren aldeko webguneak ez direla argitzen diote internautari, lege arazoak ekiditeko. Izan ere, Frantzian haziak ere saltzea debekatuta dagoen bitartean, Espainian alegaltasun egoera gozoa bizi dute dendek, sarearen bidez haziak saltzen dituztenek eta marihuana landatzen dutenek: CaƱamo edo Yerba bezalako aldizkariak arazorik gabe saltzen dira, liburudenda berezituak daude, inoiz baino jende gehiagok hazten du eta ez dago jazarpen handirik… Baina dendak, webguneak eta erabiltzaileak mehatxatuta daude azken aldion, Espainiako gobernuari ez baizaizkio gustatzen Drogen Gaineko Plangintza Nazionaleko Delegatu Robles jaunaren esanetan “drogaren apologia” egiten duten dendak eta webguneak.

AEBetan egoera txarragoa da, erabat debekatuta baitago marihuanarekin zerikusia duen edozer. Noski, ez dago kalamuaren inguruko dendarik eta haziak edukitzea ere debekatuta dago. Horregatik amerikar askok Kanadara jotzen dute hazien, lanparen eta bestelako tramankuluen bila, bertan legeak ez baitira hain zurrunak. AEBetan, hemen baino gehiago, Internet da belarzaleen aterpea informazioa eskuratzeko edo haziak erosteko. Beldurraren beldurrez, batzuk ez dira marihuanaren gaineko webguneetan sartzera ausartzen, poliziak euren mugimendu telematikoak zelatatuko dituen beldur direlako, baina kalamuaren aldeko gizarte mugimendua oso indartsua da, Kalifornian batez ere. Horretan ezagunena dugu High Times aldizkaria, lagun asko erostera ausartzen ez diren aldizkari legala, eta NORML, marihuanaren legeak aldatzearen aldeko mugimendua. Garai batean Kaliforniak marihuana inportatzen zuen Kolonbiatik, hegazkin txikitan eramanda. Autolandaketa garatu zenean, ordea, produkzioa hazi zen eta egun Kaliforniak bere burua eta beste estatuak ere hornitzen ditu, jada ez dute kanpoan belarrik erosten.

Baina azken aldi honetan beste aitzindari bat bihurtu da, ustekabean, debekuaren aurkako mugimendu telematikoko ikonoa: Tommy Chong aktorea. Oso ezaguna da Chong porruzaleen artean, 70eko eta 80eko hamarkadetan kanutoak protagonista ziren film barregarri batzuk egin baitzituen Cheech lagunarekin, Cheech eta Chong bikote artistikoa osatuz. Kaliforniako bere dendan bong-ak, pipak eta kalamuari lotutako parafernalia saltzen zuelako atxilotu eta azaroan bederatzi hilabeteko eta 20.000 dolarreko zigor eredugarria ezarri zioten. Operazio berean atxilotutako beste dendari batzuei baino zigor handiagoa ezarri nahi izan zioten “AEBetako erretzailerik famatuena izateagatik”, adierazi dute NORMLekoek. Bere aldeko kanpainia telematikoa aurkituko dugu freetommychong.org webgunean.

Cervantes da gai honen inguruko idazlerik famatuena, bere liburu mardula landaketaren bibliatzat hartzen baitute. Jorge Cervantes amerikarraz ari gara, Indoor Marijuana Horticulture liburuaz gain marijuanagrowing.com webgunea ere egin duena. Bertan aholkuak, testigantzak eta lotura franko aurkituko ditugu. Azken aldion conoisseur asko dago eta marihuana mota ezberdinen ezaugarriak aztertzen eta erkatzen dituzte overgrow.com bezalako webguneetan.

Weblog-en artean ere bada Liberad @ Maria bezalako bitakora berezirik. Irratirik ere bada, radiomarihuana.tk kasu. Irrati telematiko honek marihuanari buruzko irratsaioak igortzen ditu sarean shoutcast sistemaren bidez.

LABURRAK

Lana topatzeko
Sareari esker askok lortu dute lanposturen bat, lanbide.net zerbitzu publikoa edo infojobs.net bezalako zerbitzu pribatuak erabiliz. Duela hilabete batzuk kaixo.com atariari lotutako euskolana.com zerbitzua abian jarri zen, lan bila dabiltzan euskal internautei zuzendua. Dagoeneko 1.000 curriculum jaso dituzte eta estatistikak egin dituzte jasotako datuekin. Bataz beste 25-35 urte bitarteko emakume bizkaitarra, goi mailako ikasketak egin dituena da euskolana.com-en lan bila dabilena. Webgune elebiduna den arren, erabiltzaile gehienek (% 85) gaztelaniazko zerbitzua erabili dute lana bilatzeko. Eskatzaile gehienek (%40,6) goi mailako ikasketak dituzte.

www.euskolana.com

Katalanaren alde
Katalanezko webmaster independienteen WICCAC elkarteak hizkuntza politika sendoagoa eskatu dio Generalitat-i, lege bidez webguneetan katalanaren presentzia arautzeko. Elkarte horrek eginiko ikerketa baten arabera, Kataluniako webguneen %43k soilik dute katalanezko informazioa. Kirola edo hezkuntza hizpide dutenen egoera onargarria den bitartean, enpresa webguneetan soilik %30ek daukate zerbait katalanez.

www.wiccac.org

Aholkuak politikariei
Hauteskunde garaian gaudela eta, Internet & Euskadi elkarteak aholku sorta prestatu du politikariek euren egitasmoetan kontutan har dezaten. Guztira 11 aholku dira, tartean euskara sustatzea, sofware librea lehenestea, sarrera zerbitzu unibertsaltzat hartzea, CDen canon-a ezabatzea, dialerrak debekatzea eta spamaren kontra borrokatzea.

www.interneteuskadi.org

One thought on “Kalamuaren loraldi telematikoa

  1. newton

    Argi dago internetek ate asko irekitzen dituela, zorionekoak oraingo kalamuaren garaiak, nahiz eta argi egon hobeak izan zintezkeela, beti egongo baita legalizazioaren gaia; baina horretaz aparte argi dago, gaur egungo kalitatea eta fidagarritasuna duela urte batzuk baino hobeagoa dela, zorionekoak kalamu kontsumitzaileak šŸ˜‰

    Reply

Utzi erantzuna newton(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.