Gure webgunea ezagutarazi (eta II)

By | 2003/11/23

Iragan astean gure webgunearen berri emateko bide batzuk aipatu genituen, hala bannerrak nola e-posta mezuen bidalketa. Bilatzaile motak aipatu eta euren funtzionamendua deskribatu genuen. Gaurkoan sareko orakuloetan zentratuta, topatzaile nagusietan gure webgunea erregistratzeko eta bilaketen emaitzetan gure helbidea nabarmendu dadin aholku batzuk emango ditugu.

Direktorioak gaika sailkatutako aurkibideak direnez, pertsonek kudeatuak izaten dira. Webgune edo pertsona jakin baten bila baino, gai baten inguruko webguneen bila gabiltzanean aproposenak dira, emaitza fidagarriagoak aurkituko baititugu. Azken finean pertsonak dira, editoreak, proposamenak aztertu eta sailkatzeko ardura dutenak. Dmoz-en leloak dioen moduan «Gizakiek hobeto egiten dute» lan hori robot batek baino. Hala ere, gure webgunea sailka dezaten laguntza eman behar diegu, zein ataletan agertzea nahi dugun adieraziz.

Dmoz-en gure webgunearen berri emateko onena Aurki bilatzailera jotzea izango dugu, bertan Dmoz direktorioan dagoen egitura bera aurkituko baitugu gure hizkuntzan. Hasteko, gure webgunea zein atal eta azpiataletan sailka daitekeen pentsatu behar dugu. Ondoren, Aurkiren direktorioan nabigatuko dugu, harik eta gure webguneari zehaztasunik handienarekin dagokion azpiatala aurkitu arte. Orduan, pantailaren goikaldean, Webgune bat gehitu dioen lekuan klik egin eta gure datuak sartzeko pantaila ageriko zaigu.

Hasteko, gure URLa sartu behar dugu, webgunearen helbidea. Ondoren, gure webgunearentzat izenburua idatzi behar dugu, webgunearen izen ofiziala izan dadin eskatzen digute bilaketa ahalik eta errazen egiteko. Gero, gure webgunearen deskribapena sartu behar dugu, 25 hitz baino gutxiagotan hizkera propagandistikorik gabe ahalik eta zehaztasun handienaz gure webgunea deskribatu behar dugu, tartean berau kokatzeko baliagarriak izango diren gako-hitzak sartuz. Azkenik gure e-posta helbidea sartuko dugu, editoreak gurekin harremanetan jarriko badira. Ezin dira sartu jada direktorioaren beste atal batean sailkatuta dauden webguneak, ezta webgune berera bideratuko gaituzten URL helbideak. Gure webgunea beste bilatzaileetan nabarmendu dadin oso gomendagarria da Dmoz-en sartzea, gehienek bere direktorioa erabiltzen baitute emaitzak aurkezteko, tartean Google, Yahoo, AOLsearch, DirectHit, HotBot, Lycos eta beste batzuk.

Gure webgunea gehitu eta hiru astera direktorioan ageri ez bada editoreek proposamena atzera bota duten seinalea izan daiteke edo ez dutela denborarik izan berau aztertzeko. Gogoratu behar dugu Dmoz proiektu irekia dela eta euren denbora zeregin horretan musutruk ematen duten internautak direla editoreak. Gu geu ere bihur gaitezke atal bateko editore, atal asko baitaude baten faltan. Horretarako Editore bihur zaitez dioen lotura jarraitu eta nork bere burua proposatu besterik ez du.

Yahook, bilatzaileen lehian atzean geratzen ari den arren, oraindik garrantzia mantentzen du eta bere aurkibidean egotea garrantzitsua da. Webgune baten berri emateko prozedura Dmoz-enaren antzekoa da, baina hemen Yahooko langileak dira editoreak. Hasteko, yahoo.com, yahoo.fr edo yahoo.es helbidera jo behar dugu. Direktorioa bat bera da, beraz, nahiago dugun hizkuntzaren arabera bat edo bestea hartuko dugu.

Azpialdean webgunea iradoki dioen loturan sakatuko dugu eta ondoren, gure webgunea jada Yahoon ez dagoela ziurtatuta, berau agertzea nahi dugun azpiatala adierazi behar diogu. Euskal webguneak geografikoki derrigortuta daude Espainia edo Frantzia kategorietan agertzera, azken honetan Akitaniaren barruan dagoen Atlantiar Pirineoak departamentuaren barruko azpiatal moduan ageri da Euskal Herria. Inglesezko sailkapenean, ordea, Basque hizkuntza moduan dago islatuta eta azpiatala du hizkuntzen artean, hizkuntzalaritza arloan. Halaber, beste Basque azpiatal bat aurkituko dugu giza zientzien kulturak eta gizarteak azpiatalaren baitan.

Behin gure webgunearen kokapena aukeratuta, Dmoz-en bezala, URL helbidea, izenburua, deskribapen laburra, gure izena eta e-posta sartu behar ditugu. Webgunearen kokapen geografikoa ere sar dezakegu nahi izanez gero, baina aurretik aipatutako sailkapenaren barruan kokatu beharko dugu.

Robotak
Robotetan ezberdina da alta emateko prozedura. Hauetan nagusia Google da, dudarik gabe, eta beste bat aipatzearren, Altavista nabarmenduko dugu, duela urte batzuk garrantzitsuena zelako.

Googlen gure webgunearen berri emateko urratsak oso errazak dira. Hasteko, euskarazko bertsioan sartu eta, bertan, Googleri buruz loturan klik egin. Hor, ingelesez, For site owners atalean Submitting your site aukeratu. Gure URL helbidea sartu eta, nahi izanez gero, Comments atalean gure webgunearen deskribapena sartu ingelesez. Azken honek ez du eraginik Googlen web orrialdea sailkatzeko, barne erabilerarako baizik ez baita.

Altavistak gure webgunea bertan sartzeko ordaintzea eskatzen digu, letra handiz, baina doan ere egin daiteke, horrela eginez gero nabarmentzea edo agertzea ziurtatzen ez duten arren. Submit a site aukeratu ostean, azpialdean Basic submit aukeratu eta gure URL helbidea sar dezakegu. Gizakiak garela ziurtatzeko, irudi batean azalduko diren letrak idazteko eskatuko digute eta e-posta helbide bat emateko.

Kontutan hartzekoa
Robot biek webgune osoan dauden testuak indexatzen dituzte baina informazioa hartzeko modu ezberdinak dituzte. Googlek testu guztiak hartzen ditu kontutan, orrialdearen izenburuak orrialdeak identifikatzeko garrantzi gehiago duen arren. Altavistak ere orrialde bateko testu osoa hartzen du, baina metatag kodeei erreparatzen die halaber. Hauek nabigatzean ikusten ez ditugun kodeak dira, baina robot batzuek kontutan hartzen dituzte, horregatik komeni da ondo jartzea.

Orrialdearen kodean, <Title> eta </Head> etiketen artean meta name izeneko etiketak sar ditzakegu. Keywords izenekoan, orrialdeari lotutako gako-hitzak sartuko ditugu eta description izenekoan oso definizio laburra.

Googlek internautari benetan bila dabilena erakusteko helburua du eta horregatik manipulazioen eragina murrizten saiatzen da etengabe sailkapen parametroak manipulatzaileen trikimailuetara egokituz. Funtsean, Googlerekin arrakasta izateko gakoak bi dira. Alde batetik, testu deskriptiboak izatea, gure webgunearen ezaugarriak testuinguru berean egon daitezen, ahal dela elkarren ondoan eta internautek bilatu ohi dituzten orden berean. Testua nagusi izatea ezinbestekoa da, irudiak eta flash animazioetan dauden testuak ez baititu kontutan hartzen.

Beste gakoa PageRank-en leku ona izatea da. Beste webguneetan gurerako dauden loturak kontutan hartzen ditu Googlek gurearen garrantzia neurtzeko. Inork bere webgunean gurera loturarik jarri ez badu, ez du Googlek nabarmenduko. Hortik manipulazio saiakerak sortzen dira, Google Bombing delakoak kasu, ahalik eta orrialde geihenetan webgune baterako loturak jarrita, baina Googlek horiek ere igartzen ditu eta tranpatiak zigortzen ditu emaitzetan beherago jarriz. Hala ere, beti da ona lagunen orrialdeetan gurerako loturak egotea.

Informazio gehiago euskaraz
igela.luberri.net/Ikas15.htm

7 thoughts on “Gure webgunea ezagutarazi (eta II)

  1. ander

    Iepa,

    Nere iritziz azkenean aipatzen duzun PageRank hori da modurik errazena bakoitzaren webgunea Googlen agertzeko. Eta jakinik google bitartez irixten direla normalean bisita gehienak (%80), bertan agertzea ezinbestekoa da web bat ezagutarazteko.

    PageRank altua duen webgune batek zure webarekiko lotura bat jartzen badu, zure web horria googlen agertuko da aste pare batetan. Ona izaten da web horrek zurearen antzeko gai bat jorratzeak, baina hori ere ez da beharrezkoa.

    Zure lotura hori link zerrenda batean jartzen badute googlek gutxiago puntuatuko du, beraz harik eta link gutxieneko leku batean agertzea hobea da.

    Web baten PageRank-a ezagutzeko modurik errezena google toolbar delakoa instalatzea da. Hizkuntza ezberdinetan dago, baina euskeraz oraingoz ez.
    “Barra” hori zure bilatzailean (explorer) agertuko da, nahi duzunean, eta horrela jakin dezakezu web baten PageRank-a.
    Gainera pop up nazkagarriak kentzeko ere baliagarria da.

    http://toolbar.google.com/intl/es/install

    Ta bukatzeko esan .tk .net .com … edo horrelako domeinu bat izan ezkero baina horriak beste batean, betiere azken domeinu hau publizitatu behar dela. Horrela googlek zure horri guztiak indexatuko ditu.

    PD: Luberri loturak www-a sobran du.
    PD2: Kurtz Kapitainaren lotura nere weblogera doa 🙂

    Reply
  2. Luistxo Fernandez

    Google-k aurki zaitzan klabeak dira, nire ustez:

    1. Testu bidez ematea zure webguneko informazioa, HTML zuzenean: ez testua javascript-en bidez jeneratu (Javascript menuak ere, kalterako), irudietan edo flashetan jarri.

    2. Sarrera orri argi bat, non testua eta informazioa den nagusi (introrik ez), eta lotura zuzen eta unibokoak dauden barruko edukietara.

    3. Barne-loturen sarea: menu dinamikoek, eta web mapa dinamikoak (guztietan loturak testu bidez eginez, ez irudiz) gunearen barne-loturen eta orri indibidualen irisgarritasuna handitzen dute, eta orri guztien edukia Googlek irakurtzea errazten.

    4. Azala berritzeko diziplina. Google-ren robotak bisita gehiago egingo dizkio aldatzen doan webguneari, eta garrantzia handiagoa ere emango dio.

    5. Hitz klabeak baino, benetako hitzak. Guneak hitz egin dezala hitz egin beharrekoaz. Udal baten guneak bere herriko kontuez testu asko badakar, informazioa bilatzen duenak Googlen aurkituko du.

    6. Orri bakoitzak URL bat, ez framerik, ez desbideraketa ezkuturik. Batzuetan klikatzen duzu urlia.com gunean, baina gero klik bakoitzean ez da goiko domeinu/url hori aldatzen: estalki bat da, ze egiazki zabiltza nabegatzen http://www.euskalnet.net/usuarios/urlia/hau.html orrian zehar… Googlek ez du errespetuz tratatzen halako webgunerik.

    7. URL zuzen eta gardenek (berba naturalak ere URL-etan ere jartzen dituztenak) izugarri laguntzen dute.

    CodeSyntax-en webguneek exito handia dute alde horretatik. Egindako udal webguneetan ikusten dugu. Debagoieneko eskualdean, zenbait eginak ditugu. Bilatu Googlen Bergarako edo Eskoriatza edo Arrasateko alkateen izenak, eta gure webguneak agertzen dira. Aretxabaleta.com ez da guk eginak, goiko arau horietarik asko betetzen ez dituen webgunea da, eta bilatzen baduzu hango alkatea ez duzu aurkituko udal webgune hori.

    Reply
  3. jabi

    Guztiz ados Luistxok idatzitakoarekin. Beste bat gehituko nioke nik: dmoz-en egotea. Bertako loturak eta bertako deskribapenean dauden hitzak nabarmentzen ditu Googlek emaitzetan.

    Anderrek aipatu duen Page Rank-i buruz, kontutan hartu behar da ez dela Googlek kontutan hartzen duen algoritmo bakarra. Jendea asko obsesionatu da bombin-arekin (Egunkariako kasuan adibidez) eta uste dut hori, hutsala ezezik ahalegin kontraproduzentea izan daitekeela, bera kontura daitekeelako (horretan dabiltza etengabe lanean) indizearen iruzur ahaleginetaz.

    Reply
  4. ander

    Google:
    Bai , googlek gauza ugari hartzen ditu kontutan, baina nahikoa da googlen agertzen den orri bateko lotura bat zure web orrialderako, googlek zure orria indexatzeko. Ta web lotura hori PageRank altuko orri batean badago azkarrago agertuko zara, googlek orri horiek azkarrago bisitatzen bait ditu.

    Publizitatea:
    Luistxok aipaturiko puntuekin guztiz ados nago.
    Baina ez dira nahiko googlen agertzeko, ez behintzat domeinu propiorik gabeko webgune pertsonalentzat.
    Herri bateko webgune batek ez du gehiegi mugitu behar googlen agertzeko, beti ere badakielako loturak agertuko zaizkiola. Baina web pertsonal bateko webmasterrak zertxobait publizitatu behar du bere burua.

    Bombing:
    Jabik dioen bombing teknika horren balioaz asko hitzegin da. Ez dakit egunkariko bombing-ak arrakasta izan zuenik (“egunkaria” bilatzean “Egunkaria Aurrera” dago lehena), baina badakit prestigen inguruko bombinak bai lortu zuela bere funtzioa, eta hilabete ugari igaro ziren googlek hartaz konturatu zen arte.
    Baina bombing hauek kasu puntualak dira eta ezin dira erabili web normal bat publititatzeko.

    Dmoz:
    Dmoz-en agertzea ere bide ona da googlen agertzeko, baina esperientziaz dakit hilabete ugari behar direla bertan agertzeko.

    Keyword-ak:
    Importantea da alkatearen izena jarriz herriko webgunera irixtea, baina nere ustez lortu behar dena “Bergara” keyword-a erabiliz google-eko lehenengo postuetan agertzea da.

    Zure empresaren kasuan ikusten da jabetzen zaretela bilatzaileen importantziaz, hala ere empresa gehienak webguneak ondo egin bai, baina sarean galdurik uzten dituzte, publizitatu gabe eta berriztatu gabe.

    PD: bilatu “alcalde de san sebastian” 😉

    Reply
  5. newton

    Baina zer axola du webgune bat gorago edo beherago azaltzea? Akaso weblog batean irakurle kopuruak garrantzia ahal du?
    Ene ustean, hobe da gutxi eta onak izatea, asko eta kaxkarrak izatea baino…
    P.D. Asko pozten naiz euskalBlogak irakur eta topatzean…

    Reply
  6. ander

    Newton … weblog batean irakurle kopuruak “ez du garrantzirik”, eta zuk diozun bezala hobe da gutxi baina onak (hala ere gogoratu badirela weblog komertzialak).
    Baina nola irixten dira zure weblogera? ba … beste batzuetan komentatzen, lagunen bidez edo google bidez ; publizitatea.

    Baina esan bezala weblog kasua ezberdina da.

    Hitzegiten ari ginen webgune guztiei buruz, eta adibidez torloju empresa batek bere webgunea ongi azaltzea nahi izango du, salmentak izan daitezkeelako. Gauza bera gertatzen da beste mila kasu komertzialetan, edota ez hain komertzialak.

    Reply
  7. ZaPo

    Publizitatearena ez da gauza komertziala edo ez komertziala izatearen kontua soilik. Weblog pertsonal batean orduan eta jende gehiago sartu orduan eta kalitateko jende gehiago aurkituko duzu, hori seguru eta webgune pertsonal bat komertziala ez da inoiz izango, baina nori etzaio gustatzen publizitate pixkat eginez jende askok zure eraketen berri izatea? Azken finean ez duzu ezer fisikoa irabazten publizitatearen bidez bisita kopurua igotzean, baña zure satisfakzio pertsonalerako eta zure zerbitzuen onurarako primerakoa da.

    Nire esperientzia pertsonalarengatik esan dezaket Dmoz dela Googlen azaltzeko biderik azkarrena. buelta dexente eman ondoren Dmoz-en nire URL-a sartu eta aste pare batera azaldu baitzen, ez beste leku askotan bezela…

    Reply

Utzi erantzuna jabi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.