Gure webgunea ezagutarazi (I)

By | 2003/11/16

Lana amaituta dago, ordu piloa sartu ostean nahiko txukun gelditu da gure enpresako edo gure elkarteko webgunea. Batzuek uste dute horrekin nahikoa dela zabaldu nahi dugun mezua jendeari helarazteko. Bisitariak berez etorriko diren ustea ustela dela konturatuko gara laster, estatistikei behatuz gero, lanaren erdia oraindik egiteke dagoelako. Publizitatea ere behar dute webguneek, sarean bertan batez ere.

Alferreko lana da inork bisitatuko ez duen webgunea egitea. Analogia bat jartzeko, etxean telefono berria jartzea eta inori zenbakiaren berri eman gabe jendeak deituko digula pentsatzea bezalakoa da. Tamalez, gurean izan dira horrelako kasuen adibide antologikoak, webgune instituzional handi eta garestiak tartean. Aitzitik, mezua hedatuko bada ezinbestekoa dugu horren berri ahalik eta leku gehienetan ematea. Saretik kanpo, webgune baten helbidea duten kartelak, automobilak, pegatinak, orriak eta pintadak ikus ditzakegu sarri. Ikusgai dauden ia euskarri guztiak dira erabilgarriak, irudimena erabiliz gero.

Baina sarean bertan ere egin behar da webgune baten publizitatea eta horretarako hainbat baliabide erabil daitezke. Bannerrak, esaterako, iragarki eraginkorrak dira gure webgunearen publizitatea egiteko. Iragarki moduan erabiltzen diren irudiak dira, gure webgunea besteen orrialdeetan iragartzeko. Gure lagun batek bere webgunean gure bannerra ipini dezake, mesede moduan, baina berau webgune askotan agertzea nahi badugu banner truke sistema batean esku har dezakegu. Sistema automatizatu baten bidez, gure orrialdeetan beste kideen bannerrak erakutsiko ditugu eta eurenetan gurea agertuko da. Euskal Herrian euskalbanner.com dugu banner truke sistemarik ezagunena. Bannerrek, sistema horietan esku hartu ahal izateko neurri estandarra izan behar dute, normalean 468×60 pixelekoak dira eta ez dute zertan irudi finkoa izan, gif animatuak izan daitezke eta azken aldion flash formatoko iragarki ikusgarrak ere badira.

Itxura interesgarria badu, jendeak gure bannerrean klik egingo du, bestela ez. Horregatik, edozein iragarkik bezala, erakargarria izan beharko du eta lelo iradokitzailea izan. Ezaguna da aurki.com bilatzaileak egin zuen banner bat, sexu konnotazioak zituena. Inoiz Aurkik izan duen arrakastatsuena izan zen, estatistiken arabera. Estatistikak aipatu ditugunez, esan beharra dago bannerren bidezko publizitatean, aldizkarienean ez bezala, zehatz-mehatz jakin dezakegula zenbat internautak ikusi duen eta horietarik zenbatek egin duen klik bertan. Kontzeptu bien arteko proportzioak ematen digu clickthrough ratio-a edo bannerraren arrakasta maila. Irizpide orokorrak dira banner iradokitzailea egitea, dena erakusten ez duena, internautak horren ostean zer dagoen begiratzera bultzatzeko.

Posta bidalketa kolektiboak ere, gure webgunearen berri emateko balio dute. Baina hemen oso erraza da spam-ean edo eskatu gabeko mezuen bidalketa masiboan jaustea, hortik zehar lagun, enpresa edo komunikabideen e-posta helbide mordoa lortu badugu. Gogoratu behar dugu spam-a legez kanpoko jarduera dela eta Espainiako legeetan debekatuta dagoela.Frantzian ere spammer bat kondenatu dute berriki eta Europar Batasunak ere debekatu du jarduera molestagarri hori. Beraz, lagunei webgunearen berri eman, spam-ean jausi gabe eta haien helbideak mezuaren CCC edo kopia itsuaren eremuan jarrita.

Bilatzaileak
Jendea erakartzeko dira orain arte aipatu ditugun jarduera horiek. Bilatzaileak, ordea, gure bila dabiltzanak edo guk eskaintzen dugun produktu edo testuaren bila dabiltzanek gu topa ahal izateko informazioguneak dira. Bi motatako bilatzaileak daude, direktorioak eta robot edo spider-ak.

Lehendabiziko multzokoak webguneak gaika sailkatuta ageri diren aurkibideak dira, atalak eta azpiatalak dituzte eta pertsonek egiten dute sailkapena. Internautak bere webgunearen berri ematean aurkibideko zein azpiataletan agertzea nahi duten adierazten du eta gero aurkibideko pertsona batek proposamena aztertu eta bertan jartzea onartzen du edo ez. Yahoo izan zen lehendabiziko direktorioa, bi internautak euren gogoko helbideak ordenatzeko sortua 1995ean. Open source-aren filosofiari lotutako dmoz.org proiektua, berriz, partehartzailea da eta ez du jaberik. Bertako edukiak euskaraz erakusten dizkigu aurki.com bilatzaile euskaldunak eta orain google.com-en emaitzetan integratuta ageri dira Dmoz-eko webguneak.

Robot edo spider-ak dira bigarren multzokoak, gaika ordenatu barik web orrialdeen textuak “irakurri” eta gogoratzen dituzten datu base erraldoiak. Robotek, ezagutzen dituzten webguneak sarri bisitatzen dituzte eta sartutako testu berriak indexatzen dituzte, aurrekoak gaurkotuz. Lehenago Altavista zen robotik ezagunena baina egun Google dugu bilaketen jaun eta jabe, web orrialdeetako testuak sailkatzeaz gain, bilaketa adimentsuak egiten dituelako, bila gabiltzana topatzeko beste hainbat faktore kontutan hartuta eta dmoz direktorioaren edukiak gehituta.

Badira bilatzaile gehiago eta badira gure webgunearen lotura bilatzaileetan gorago agertzea lortzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiguten enpresa asko. Bilatzaile nagusiak, ordea, hauek dira eta beste guztiek ez dute hainbesteko garrantzirik. Emaitzetan gorago agertzeko ez da beharrezkoa enpresa bat kontratatzea eta guk geuk egin dezakegu lan hori. Datorren astean jarraituko dugu gai honekin eta emaitzetan nabarmentzeko teknika batzuk azalduko ditugu, bilatzaile bakoitzean alta emateko prozesuak xehatzeaz gain.

LABURRAK

Artearen datu basea
Euskal artearen datu basea Interneten osatzeko asmoa du Bilboko Arte eder museoak, Arteder izenburupean. XIX. mendearen hasieratik gaurdaino gurean izan diren artisten gaineko informazioa bildu nahi dute sarearen bidez denontzako eskuragarri izango den datu base baten bidez. Momentuz bakarrik 30 artistaren fitxak ageri dira webgunean, baina denboraren porazuz betetzea espero du museoak. Erderazko bertsioa da webgunean nagusi eta haren itzulpena da euskarazkoa, orrialdeen egituran eta nabigazio ikurretan erdara mantenduta. Gainera, soilik Windowserako Internet Explorer nabigatzailearen bidez ikus daiteke ongi.

Arteder
http://www.bd-arteder.com/

Ukberri online
Uribe Kosta eta Leioako kanpusa informazio esparru izango dituen Ukberri aldizkari digital euskalduna jarri dute abian eskualdeko kazetari batzuek. Indymedia eta Sustatu agerkari elektronikoen kazetaritza eredua jarraitu nahi du Ukberrik, jendearen ekarpenez hornitutako argitarapen irekia. Izena gorabehera, erdaraz argitaratzen den Uribe Kosta Digitalaren euskarazko alternatiba izan nahi duen Ukberrik argitalpenaren kudeaketarako software libreko PostNuke sistema erabiltzen du.

Ukberri
www.ukberri.net
Ukdigitala
www.ukdigitala.com

Helbide sinpleak
Askotan dokumentu batean itsatsi edo paperean idatzi nahi dugun web helbideak luzeegiak, zeinu arraroz beteak eta aldrebesegiak izan ohi dira. Lan hori errazteko sortu dute TinyURL zerbitzua, helbide luze horietako bat emanda, tinyurl.com/uyqv gisako helbide laburra bihurtzen duena. Helbide sinple hori sartuta, jatorrizko URL luze horretara bideratuko gaitu zerbitzu honek. TinyURL doakoa da, nahi beste helbide labur ditzakegu eta, webgunean diotenez, betirako mantenduko dituzte helbide laburtu horiek.

Tiny URL
www.tinyurl.com
Adibidea
http://tinyurl.com/uyk1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude