Zientziarekin jolastu sarean

By | 2003/11/09

Internet ez da soilik aisialdia betetzeko ganorarik gabeko edukien multzo bat. Edukirik interesgarrienak aurkitzeko batzuetan geuk bilatu behar izaten dugu, ez baitira lar ezagunak. Ez dira masa kontsumorako produktuak. Besteak beste, hori zientziarekin gertatzen da: ez da jendetza erakartzen duen gaia, baina gustua aurkituz gero oso zirraragarria da.

Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta jakin-min handiagoa sentiarazten du zientziak. Sarean badira zientziari lotutako webgune asko, interaktibitatea eta animazioak profitatuz ezagutza eta jakin-min hori zabaldu nahi dutenak.

Zein txikiak garen ohartzea, nondik gatozen imaginatzea, bizitza non, noiz eta nola sortu zen galdetzea… Natura eta zientzia hutsak poesiaren eta filosofiaren ezinegonarekin duten lotura estuaz ohartarazi gintuen Carl Sagan-ek bere Cosmos telesail gogoangarrian. Zientzialariek hasieratik erabili dute sarea ezagutza trukatzeko eta, azken aldion batik bat, ezagutza hori gizartean hedatzeko. Zientzia dibulgazioa ez zen sarean hasi baina egun gizakiok dugun informazio guztia aurki dezakegu bertan.

Unibertsoaren ezagutza gure eguzki sistematik hasteko abiapuntu egokia izan daiteke Solarviews webgunea. Bertan eguzkiaren eta planeten gaineko informaziogune handia eta ondo sailkatua dago. Ingelesez, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez eta alemanieraz, planeta bakoitzari buruzko datu zehatzak eta irudi sorta ederrak aurkituko ditugu. Astronomiaren oinarriak ezagutzeko ikasgaiak ditu eta haurrentzako aktibitateak daude, kometa baten nukleoa prestatzeko esperimentua kasu.

Hemendik planetei behatzeko, gure teleskopioa eduki ezik, Hubblesite erabil dezakegu. Ingelesez dagoen webgune honetan Hubble teleskopioari buruzko informazio guztia dago. Bere historia, erabilera eta jakingarri tekniko guztiez gain, irudi ikusgarrien galeria dago eta ikasleek astronomia ikas dezaten atal berezia. Bertan, hainbat jolas didaktiko aurkituko ditugu, Hubble une jakin batean non dagoen asmatzeko edo kometa bat guk geuk egiteko jarraibideak.

Airearen eta espazioaren Smithsonian museoa oso garrantzitsua da eta bere webgunean, benetako museoan dauden erakusketen informazioa ezezik, online erakusketak ditu, jada museoan ikusgai ez daudenak. Hegazkingintzaren historiari buruzko irudi bilduma du eta Apolo proiektuaren gaineko erakusketa zabala, besteak beste.

NASAren unibertsoa
Baina espazioaren arloan dudarik gabe AEBetako NASA erakundearen webguneak aipatu behar dira. Webgune erraldoia dauka, nasa.gov hasierako orrialdetik abiatuta osorik ikustea ia ezinezkoa dena. Pazientzia eta denbora asko behar izango ditugu bertan murgiltzeko, atal asko baititu eta denak interesgarriak baitira. Esaterako, Liftoff to Space Exploration webgunean, unibertsoa, zientziaren oinarriak, astronauten bizimodua edo espaziountzien bilakaera azaltzen duten atalak daude. Antzeko atalak eskaintzen ditu era erakusgarri eta didaktikoagoan NASAren hezkuntza sailak. Agentzia publikoa denez bere ezagutza ondarea zabaltzeko ahalegina egiten du eta bere edukiak ere doan har ditzakegu, argazkiak kasu, eta ez bakarrik espaziokoak. Bertatik lurra zehaztasunez erakutsiko diguten argazkiak daude Visible Earth proiektuaren webgunean. Satelitetik ateratako kalitate oneko argazkiak dira, besteak beste Euskal Herria erakusten dutenak. Lurraren argazkiak Living Earth webgunean ere aurkituko ditugu, Ilargia, Martitz eta beste planeta batzuen irudiekin batera.

Espazioa erakusten diguten ehunka webgune daude, unibertsitate, museo eta bestelako erakundeenak, baina dena ez da espazioa zientzian. San Franciscoko Exploratorium museoan espazioaz gain giza gorputza aztertzen dute, gazteentzako esperimentuak daude eta hitzaldiak zuzenean ikus ditzakegu. Aipagarria da “Sukaldaritzaren Zientzia” atala, sukaldean ohikoak diren ekintzen atzean dauden fisika eta kimika erreakzioak aztertzen dituena. Unibertsoa azaltzeko CERNekin egiten dute lotura hemendik. Izan ere, Suitzako CERN dugu munduan dagoen fisika laborategirik handiena, partikula azeleragailua dauka eta, gainera, bertan sortu zen web nabigazioa. Askoren arabera, Explorelearning.com dugu fisikari buruzko jakintza gazteei era atseginean azaltzen dien webgunerik onena. Arlo guztiak hartzen ditu: mekanika, optika, uhinak, elektrizitatea, magnetismoa, bizitzaren zientziak… Dena ekintza interaktiboen bidez ikasteko aukera emanez.

Baina berton ere badudu horren antzeko adibiderik. Miramon Zientziaren Kutxagunearen webgunean ere esperimentu interaktiboak, erakusketak eta lotura interesgarri piloa aurkituko dugu euskaraz. Elhuyarren Zientzia.net webguneak astero erreportaia interesgarriak eskaintzen ditu, euskaraz nagusiki baina baita ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere. Gaztelaniaz Alex Fernandez Muerza kazetari bilbotarrak ahalegin handia egin du Divulcat aldizkaria abian jartzeko eta oso aldizkari txukuna egiten du beste aldizkari elektroniko zenbaitekin elkarlanean. Bistan da zientzia dibulgazioak gurean defendatzaile sutsuak dituela baina internauta gazteen interes faltagatiko kezka ere somatzen da, webgune hauek arrakasta gutxi baitute eduki hutsalez jositako amaraun erraldoian.

Solar Views
www.solarviews.com
Hubble
www.hubblesite.org
Smithsonian museoa
www.nasm.si.edu
NASA
liftoff.msfc.nasa.gov
edspace.nasa.gov
education.nasa.gov
visibleearth.nasa.gov
CERN
www.cern.ch
Planetary society
www.planetary.org
Kutxagunea
www.miramon.org
Zientzia.net
www.zientzia.net
Divulcat
www.divulcat.com

LABURRAK

Mailman eta postaria
Mailman, software libreko posta zerrenda kudeatzailerik ezagunenaren euskarazko bertsioa prest dago eta doan eskuragarri. Nork bere web zerbitzarian ezar dezakeen script sorta da Mailman, banaketa zerrenden edo buletin elektronikoen harpidetzak kudeatzeko aukera asko eskaintzen dituena. Funtsean, Yahoogroups zerbitzuak egiten duena baina publizitaterik gabe eta aukera gehiagorekin egiten du, besteak beste euskaraz. Hala ere, Mailman instalatzerik ez duenak Postaria.com zerbitzua erabil dezake bere zerrendak kudeatzeko. Sustatu weblog-ak, Yahoorena utzita, postaria.com hasi da erabiltzen albisteak harpidedunen artean banatzeko.

www.librezale.org
www.postaria.com

Berriketa euskaraz
Euskarazko chat berriketa zerbitzua sortu du Euskal IRC webguneak. IRC-hispano zerbitzuan bezala, berriketarako kanal batzuk sortu dituzte eta webgunearen bidez ere solasteko aukera dago, baina zerbitzua IRC programa baten bidez sartzeko pentsatuta dago. Hainbat kanal dituzte sortuta eta nork bere kanala sortzeko aukera ematen dute.

www.euskalirc.com
www.irc-hispano.org

Doako telefono sareak
Erabiltzaileen artean artxiboak trukatzea ahalbidetzen duen P2P teknologia heldu da telefono deietara. Doako telefono deiak egiteko aukera eman nahi dute Kazaa programaren sortzaileek, musika trukerako erabiltzen den sistema bera erabilita. Sortu duten programak Skype du izena eta kalitate oneko deiak egin daitezke erabiltzaile biren artean. Hori IP ahots sistema batekin konbinatuta lortzen da ordenagailua telefono bihurtzea.

www.skype.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude