Kexuak eta iritziak sarean

By | 2003/11/02

Herritarrek kexuak eta artikulu edo zerbitzuen gaineko iritziak plazaratzeko bide berria aurkitu dute Interneten horretarako dauden webguneen bidez. Printzipioz, bi motatakoak daude: zerbitzu txar batengatik protestatzeko webguneak eta internauten iritziak bildu eta gaika sailkatzen dituztenak, baina iritzi gehienak negatiboak dira, sarea haserrea bideratzeko modu ona baita.

Gure herriko udalak espaloiak konpontzen ez dituelako, enpresa batek langileak arrazoirik gabe kaleratu dituelako, erosi dugun zerbitzu edo produktu bat oso txarra zelako… Mila arrazoi izan daitezke enpresa, instituzio edo produktu horren gaineko iritzia idazteko. Kritika eraginkorra izan daiteke, aipatzen den hori hobetzeko eta besteentzat baliagarria suerta daiteke, jakinik gauza bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik internauta askok sarean begiratu ohi dutela, beste internautek zer iritzi dioten ikusteko.

Internet ez zegoenean kexuak bideratzeko modu bakarra komunikabide bateko zuzendariari gutunak bidaltzea zen. Horixe hartu du kontuan cartasaldirector.com webguneak, bertan era guztietako protesta gutunak aurki baitaitezke, gaika sailkatuta. Gai batzuk oso ezagunak eta ohikoak dira, telefonia enpresak, administrazioak, tailerrak… Gehien aipatutakoak agerian geratzen dira zerbitzu txar moduan eta idazten dutenak lasaiago geratzen dira, esan behar zutena esanda. Kexuek amorrua askatzeko balio dutenez, batzuetan irainak idazten dituzte Internautek, edo argudioetan oinarritu gabeko iritziak.

Baina dena ez dira kexuak, azterketa kritikoak eta batzuetan iritzi positiboak ere izaten dira. Liburuen iruzkinak dira honen inguruan sortu den fenomenoaren adibide bat eta amazon.com edo barnesandnoble.com liburudendetan egiazta dezakegu bere garrantzia.Iritzi emale eta kritikari berriak sortu dira sarean. Esaterako, jende askok ez daki nor den Harriet Klausner, lehenago paperezko egunkarietan ez zuen idazten, baina Amazon-en 3.000 inguru iruzkin idatziak ditu. Bera bezalako liburu irakurle, idazle, mediku, abokatu, kazetari eta bestelako jendea dago, gai bati buruzko ezagutza sakona dutenak eta komunikabideetan idazten ez dutenak.

Azkenean, iritzi emale telematiko hauetako batzuek ospea irabazi dute sarean eta kontuan hartuak dira haien aburuak. Ospe hori neurtzen dute eta webgune askotan, haien izenaren ondoan ikus dezakegu berak idatzitako iruzkin kopurua eta beste internauten artean haren iritziek duten estimuaren maila. Iritzi bat irakurri ostean geuk daukagu berau baliagarri izan zaigun adierazteko aukera. Horrela, iritzi batzuek eta berauek idatzi dituztenek garrantzia hartzen dute eta iritzi sortzaile bihurtzen dira. Hauetako batzuk profesionalizatu dira eta hasi dira komunikabideetan artikuluak eta iruzkinak idazten. Epinions.com eta about.com webguneetan kalitatezko iritziak bilatzen dituzte, jendeak estimatu eta irakurri nahi izaten dituenak. Horregatik, iruzkin egileei ordaintzen diete, irakurleen artean euren artikuluek duten oihartzunaren arabera.

Amazonen bezala, iritziei buruzko webgune gehienetan iritziak emateagatik ez da dirurik jasotzen. Hala ere, bada iritziak beste nonbait argitaratzeagatik kobratzen duenik. ForeWordreviews.com webguneak liburu iruzkinak saltzen ditu, bakoitza 295 dolarretan. Euren hitzetan “liburuzainek iruzkinak behar dituzte erosketak justifikatzeko; liburu saltzaileek ere bai, alea eta lastoa bereizteko, eta argitaratzaileek analisi fidagarriak behar dituzte, liburu baten indarra eta puntu ahulak ezagutzeko”. Egunkari eta aldizkarietan oso zaila da hedapen txikiko liburuen iruzkinak aurkitzea, sarean ez. Readerville.com webgunean doakoak dira iruzkinak eta truke moduan planteatzen dute. Adituei ez zaie ordaintzen eta ez dituzte puntuen bidez sailkatzen. Bertan idazten dutenez komunitate horretako beste kideen gustuak ezagutzen dituzte. Gehiago fidatzen dira beraien iritzietaz ezen ez New York Times-eko kritikarien aburuez.

Liburuak eta musika dira sarean gehien saltzen diren gauzak, baina iritziak ez dira arlo horietara mugatzen. Espainiako Doyoo.es webguneak “kontsumitzaileen ataria” bezala definitzen du bere burua, produktu bat erosi aurretik kontsultatu beharko baikenuke eta ez baitago iritzi fidagarriagorik jada hori ezagutzen duten beste kontsumitzaileen iritziak baino. Bertan elikadura, finantzak, zinea, ordenagailuak, bidaiak, prentsa… Dena baloratzen da eta edozein gairi buruzko iritziak aurkituko ditugu. Planteamendu bera du ciao.es webguneak eta aurrerago ei doa: iritzia eman dugun produktua egiten duen enpresari helarazten dizkio iruzkinak, produktua hobetu dezaten. Iruzkinak idazten dituenari, berriz, ordaindu egiten diote, beste internauta batek iritzi hori irakurtzen duen bakoitzean zentimo bat irabaziko dugu.

www.quejasonline.com
www.cartasaldirector.com
www.amazon.com
www.barnesandnoble.com
www.allreaders.com
www.allexperts.com
www.ciao.es
www.doyoo.es

LABURRAK

Bushek entzungo du

Gustatuko litzaizuke George W. Bush jaunak berari buruz esateko edo galdetzeko duzuna entzutea? Bada, aukera hori izango du online lehiaketa bateko irabazleak. Saria bere iruzkin kritikoa telebistan aireratzea izango da, AEBetako presidenteak herrialdearen egoerari buruz mintzatzeko egingo duen agerraldian, ordaindutako publizitate iragarki baten bidez. Baina kasu, minutu erdia izango dugu mezua botatzeko. Beraz, ondo prestatu beharko dugu iragarkirako gidoia. Berau ordainduko duen Move On plataforma nagusiki abokatuz osatutakoa da, baina epaimahaian, besteak beste, Michael Moore izango da. Bushen politikari kritika serioa egitea da helburua eta iragarkia osatzeko ideia nagusiak lehiaketaren webgunean bertan aurki daitezke, AEBetan guztiz legalak diren iragarki politikoen informazioarekin batera.

www.bushin30seconds.org
www.moveon.org

Liburuen barruan bilatu

Amazon liburudenda arrakastatsuak berriro irabaziak aitortu ditu
Zerbitzu berria atera du Amazonek, Search inside the book izenekoa, 120.000 libururen barruko testuetan hitzak bilatzea ahalbidetzen duena. Liburu baten bila ibiliz gero, Amazonek izenburuaren, egilearen edo gako-hitzen araberako emaitza erakusten zuen oraintsu arte. Orain, Amazonek liburu horien testu osoa (33 milioi hitz inguru) digitalizatuta daukanez, emaitza horiez gain, bila gabiltzana agertzen den testuen erreferentzia ematen digu. Testu zati bat bakarrik irakurri ahal izango dugu.

www.amazon.com

Birakusi webgunea

Birakusi aldizkariak 7 eta 12 urte bitarteko haurren artean irakurzaletasuna eta Interneten erabilera sustatzeko helburua du. Paperean argitaratzen da hiru hilabetean behin, baina sarean ere badu webgunea, haren osagarri. Flash teknologian eginiko jokoak eta denborapasak aurkituko ditugu bertan, den-denak euskaraz.

www.birakusi.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude