Bitakoren iraultza (eta II)

By | 2003/10/26

Iragan igandean webgune pertsonal eta agerkari txikien edizioa eraldatu duen bitakoren fenomenoa aztertzen hasi ginen, adibide ezagun batzuk emanda. Gaurkoan, weblog-ak egiteko eskura ditugun tresnak eta euskal bitakora batzuk aipatuko ditugu.

Gure bitakora abian jartzeko, idatzeko gaiak eta gogoak izateaz gain, weblog-a bera instalatu beharko dugu, horretarako dauden programak edo zerbitzuak erabiliz. Teknikaren aldetik, bi motatako bitakorak daude: alde batetik, programa edo script jakin batzuk gure zerbitzarian instalatuz eta konfiguratuz sortzen diren bitakorak daude. Doako script sortak daude, Movable Type kasu, nahiko osatuak direnak. Gutxieneko jakintza maila eskatzen dute eta zailak izan daitezke erabiltzaile batzuentzat. Guztiz doakoa eta software librearen filosofiarekin egindakoa da Greymatter softwarea. Erabiltzen zail xamarra den arren, aukera asko eskaintzen ditu.

Badira weblog-ak sortzeko zerbitzuak ere, gure bitakora haien zerbitzarietan jartzea uzten digutenak eta alderdi teknikoaz arduratzen direnak. Horrelako zerbitzuak erabiliz akaso ez dugu lortuko funtzioen eta itxura estetikoaren kontrol osoa baina abiapuntu ona izan daitezke, askok egin duten moduan, agian geroago sistema konplikatuago batera igarotzeko. Normalean doako zerbitzuak izan ohi dira, zure bitakoran erakutsi beharko duzun banner baten bidez finantziatuak. Beste batzuetan ez dago publizitaterik eta aukera gehiago eskaintzen dituzte, baina ordaindu behar izaten da bertan zerbitzua lortzeko.

Blogger dugu doako zerbitzuetan ezagunena eta sinpleena. Txantiloien bidez itxura txukuneko orrialdeak sor ditzakegu. Gure zerbitzarian erabil dezakegu edo eurek eskaintzen duten blogspot.com doako ostatatzea hartuta. Oinarrizko bertsioaz gain, Blogger zerbitzuan badira funtzio aurreratuak eta script erabilgarriak ere. Beste zerbitzu bat TypePad dugu, Movable Type-ren bertsio erraza da, euren zerbitzarietan instalatzeko. Oso webgune txukunak eta fotolog edo argazki bitakorak sor daitezke, baina zerbitzua ordainduzkoa da. Badira doako beste zerbitzu batzuk, blog-city.com, esaterako, edo gure bitakora sistemarik ezagunenetako edozeinen bidez doan jartzea ahalbidetzen diguten zonalibre.org edo bitacoras.com kasu.

Euskal bitakorak
Gurean, beste herrialde batzurekin konparatuz gero, ez dago oraindik hedatuta bitakoren fenomenoa. Badira, hala ere, era guztietako bitakoren adibide batzuk. Sustatu dugu gai baten inguruko bitakora kolektiboa, baina weblog pertsonalik ere bada. Esaterako, pibit.mundurat.net orrialdean blog pertsonala aurki dezakegu, beste atal batzuez gain, baina erdaraz dago gehienbat. Goio Telletxea eta Mikel Lazkanoren webgune pertsonala da Lanbroute. Hasierako orrialdean flash artxiboak daude baina azpiatal batean webloga aurkituko dugu. Barnemuinetan bitakoraren kontzeptu tradizionalari lotutako blog xaloa eta pertsonala da. Kamiyoplanet, berriz kolektiboa da, alegiazko planeta baten inguruan bildu den lagun taldea.

Sustatun behinola aipatutakoez gain, badira beste batzuk blogosferan euskaraz direnak edo zati batzuk euskaraz dituztenak. Aste honetan sarean.com webgunean izan da iragan igandean argitaratu genuen testuaren inguruko iruzkinik. Euskarazko bitakora batzuen berri jaso dugu eta euskaldunek erdaraz eginiko beste batzuk ere ezagutu ditugu. Taxi galduak dugu euskarazko bitakora pertsonala eta bere egile Kaptain Kurtz-ek eman digu horren berri. Gogoeta pertsonalak edo prosa poetikoa egiteko baliatzen dute askok bitakora pertsonala. Nahi duguna esan dezakegunez, gure buruak idatziz askatzeko erabilgarria suerta dakiguke bitakora bat. Horrelako ahalegina da Taxi Galduak izeneko hau, intimoa eta abstraktoa, baita egile berak erdaraz idatzitako La Fabrica de las cosas pequeñas.

Katalanez (1) (2) eta galizieraz badira euskaraz baino askoz bitakora gehiago, jakina baita hizkuntza komunitatea txikiagoa garela, baina euskaldunok sareko gauza berriak probatzen uzkurragoak izateak ere izango du agian zerikusirik. Kontua da Blogaliak Blogometro izeneko ikerketan jaso duenez, hiru hizkuntzon artean sortutako bitakorak 2.400 inguru direla. Euskaraz bospasei ezagutzen ditugu eta beste guztiak galizieraz eta, batez ere, katalanez egongo dira.

Krimbit
pibit.mundurat.net/test
Barnemuinetan
barnemuinetan.eu.hn.org
Kamiyoplanet
www.kamiyoplanet.com
Kaptain Kurtz
taxigalduak.blogspot.com
www.zonalibre.org/blog/hansa
blogometro.blogalia.com

Bertoko beste bitakorak

Estilo pertsonal honen beste adibide bat dugu Belatza bitakora, beste euskaldun batek eginikoa. Bertan, belatza.blog-city.com helbidean, gogoetak eta unean uneko sentipenak biltzen dira, baina gaiak eta iritziak ez dira hain abstraktoak. Testu gehienak gaztelaniaz daude idatzita baina badira euskarazko batzuk. Errealitate sozial eta kulturaleko gaiak aipatzen ditu maiz, ikuspegi humanistiko eta multikulturalarekin aztertuz.

Bertoko bitakora erdaldunen artean silentcolors.net ere aipatu behar dugu. Donostiako neska batek egiten duen diseinu erakargarriko blog pertsonala da, photolog eta guzti. Beste bat Deustu dugu, itxuraz bertako unibertsitateko ikasle batena.

Baina bitakorek ez dituzte testuak soilik jasotzen. Kamara digitalen hedapenaren ondorioz, gero eta gehiago dira argazkiak erakusteko sortzen diren fotolog-ak. Hori egiten du Iñaki izeneko internautak aramaio.com webgunean. Sorkuntzazko argazkiak, itxuraldatuak, paisaiak… Argazkiak atera eta segituan jar ditzakegu gure bitakoran, munduko edozein bazterretan gaudela. Hori testuekin konbinatuz benetako bitakora grafikoak sor ditzakete bidaiariek, XXI. mendeko bitakora kaierak.

Belatza
http://belatza.blog-city.com/
Deustu
www.aramaio.com/deustu
Aramaio
www.aramaio.com

Blogosfera, komunikazio esparru berria

Bitakoren fenomenoak sortu duen komunikazio esparruari blogosfera esaten diote adituek. Webgune batzuetan berau dute aztergai bitakora kolektiboen bidez, giza zientzien ikuspuntutik anitza eta interesgarria baita. Beraz, hauek metablog edo metabitakorak dira, gaztelaniazko blogosfera.org edo AEBetako blogosphere.us kasu. Beste webgune batzuetan bitakoren direktorioak daude. Esaterako, bitacoras.com edo bitacoras.net webguneetan era guztietako bitakoren berri izango dugu.

6 thoughts on “Bitakoren iraultza (eta II)

  1. ander

    Iepa,
    Bidali det iruzkin bat artikulu honi buruz beste zure artikuluan. Honi buruz denez hemen idazten det berriro 🙂

    Zure artikulu interesgarria irakurri det gaur Berrian. Eta jarri naiz bilatzen ea bazeuden weblog euskaldun gehiago. Ta hauek dira aurkitu ditudanak, zuk aipatutakoaz gain.

    Nere webloga helebiduna da.
    http://donosti.mundurat.net/mt/

    Beste hauek gehienak erderaz dira, baina badaude zenbait euskeraz daudenak:

    http://blogia.com/emakume
    http://blogia.com/art
    http://programacionlogica.blogspot.com/
    http://homepage.mac.com/joxe/hamaika/
    http://www.uztarria.com/albistiek
    http://www.i-barakaldo.com/myway/weblog.php
    http://ochoto.diariolinux.com/blog/
    http://orihuela.blogspot.com/
    http://blogzine.blogalia.com/
    http://www.jroller.com/page/aitor
    http://brunobord.free.fr/
    http://lur.deviantart.com/
    http://www.eguzki.com/lurra/
    http://www.jotake-lahaine.org/weblog/cronicas.htm
    http://www.noticias.anboto.com/index.php
    http://oier.blogalia.com/
    http://bilbao.blogalia.com/
    http://juugatsu.iespana.es/juugatsu/
    http://euskaletxea.antville.org/
    http://www.liur.blogspot.com/
    http://borja.casa-sotomayor.net/
    http://www.gorkalimotxo.net/mt/
    http://www.codigoescrito.com/
    http://home.earthlink.net/~woodmat/weblog/basqueblog.html
    http://kebawe.com/
    http://www.zuzuarregui.com

    Ziur zure bi artikuluen ondoren beste euskaldun gehiago animatuko direla weblog munduan sartzen. Ia ba ezagutzen garen guztiok.

    Reply
  2. Kapt. Kurtz

    jue, ander, hoixe lana zurea blog horiek guztiak biltzen. portzierto, orihuela jauna, blog-en inguruan dagoen aditu nagusienetako bat, ecuaderno famatuaren egilea, nafarroako unibertsitateko irakasle da eta bertan hasi dira blog kontuak mugitzen.

    Reply
  3. ZaPo

    Kamiyoplanet paginaren sortzaile eta bultzatzaile bezela pozik idazten dut gaur. “Planeta baten inguruan bildu den lagun taldea.” definizoa irakurri eta dotore! zerbaitetan ari garela badirudi ta aurrera segitzeko animoa ematen du, beraz lanean segi berko euskal kultura zabalduz! Ea laster Bertsolaritzaren bultzadarako sekziotxoa zabaltzen dudan eta hemen komentatzen duzuen! Ondo segi!

    Reply
  4. Pingback: sarean.com » Euskarazko blogintzaren bilakaera, euskal Interneten panoraman

Utzi erantzuna ander(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.