Anje Duhalde, Errobiaren bidetik

By | 2003/10/17

Hegoaldea ondo ezagutzen duen lapurtarra dugu Anje Duhalde. Gaztetatik musikari eta kantari, euskarazko rockaren hasiera markatu zuen Errobi talde mitikoaren sortzailea izan zen Mixel Ducaurekin batera. Ondoren, Akelarre taldetik igaro ostean, bakarkako ibilbideari ekin zion eta 9 diskoko sorta ederra eman digu orain artean, azkena Brassens Kantari izenekoa. Arrangoitzeko musikariarekin izan gara, musika, zentsura eta Iparraldea mintzagai.

UK aldizkarian argitaratua. Bertsio osoa.
-Nola hasi zinen euskal musikaren munduan?
Musikaren bidez, 16 urterekin berreskuratu nuen euskara, Mixel Labegerieren kantu batzuk entzuten. Ez Dok Amairu hasten zen orduan… Baina orduan euskara ez zen nire kezka, Rolling Stones baizik.

-Euskararekiko harremana nolakoa zen orduan?
Ustaritzen hazi nintzen, Lapurdiko hiriburu kulturalean. Sei urte arte euskaraz egin nuen. Garai hartan frantses hezkuntza ministerioak erabaki zuen hizkuntza politika gogorra egitea, konturatu baitziren Frantziar gehienek ez zutela frantsesa egiten. Guri gogorrena tokatu zitzaigun, kultura ezabatzea. Euskaraz egitea debekatzen ziguten, zigortuak ginen. Gure herrian medikuaren semeak bakarrik egiten zuen frantsesez, baina Baionara joaten ginenean arraza berezi batekoak bezala ginen, mespretxuz tratatzen gintuzten. Batzuk ziren gaskoinak eta gu ginen baskorroak. Zortzi urterekin jada frantsesez egiten nuen. Aitarekin beti euskaraz, baina ama oso gogor jarri zen horrekin, frantsesez egin behar genuela. Frantsestu gintuzten, hizkeraz eta izaeraz.

-Hegoaldea zer zen zuentzat orduan?
Horiek espainolak ziren guretzat. Hegoaldearekiko lehenengo kontaktua 68an izan nuen, Debako Arte Eskolako batzuk ezagutu nituen, Daniel Landarten bidez, orduan Enbatan sartu bainintzen. Gero Burgoseko auzia izan zen eta politika arloan harremanak sakondu ziren. Benito Uztaritzen ikusi nuen eta gogoan dut harritu nintzela, Donovan-en bertsio bat egin zuelako.

-Nolakoa izan zen Errobiren sorrera
Ni El Fuego izeneko berbena taldean nengoen 66tik, bateria jotzen. Orduan talde guztiek izen espainolak zituzten, Los Amigos eta horrelakoak. Euskarazko abestiak sartzen hasi ginen 68an, baina soldaduskatik bueltan erabaki nuen euskarazko taldea egin behar genuela. Landartek bazuen kantu bat, Zure begiek, Mikel Laboak kantatu zuena… Hiruzpalau kantu nituen jada, 1973an, Mixel Ducau ezagutu nuenean.

-Lehenengo euskal rock taldea izan ei zen Errobi.
Hori diote baina ez da oso inportantea niretzat. Lehendik euskarazko rock kantu batzuk baziren, lehenengoa Egan-ek atera omen zuen, baina formalki talde bezala bai, lehenengoa Errobi izan zen. hasieran bikote bezala funtzionatzen genuen. Beste armonia eta ahots batzuk ekarri genituen eta horrek markatu zuen aldaketa. Orduan Lete, Benito, Laboa, Urko eta horrelakoak zeuden.

-Orduko joerak jarraitu zenituzten, rock progresiboa eta abar.
Tira, hasieran country-folkaren eragina handiagoa izan zen eta geroago etorri zen rock progresiboa, 77an. Errobiren diskorik deigarriena eta salduena Bizi-bizian izan zen: zuzenekoa, rockeroa, baina euskal doinuak ere baziren bertan. Gaiak oso internazionalistak ziren. Gero rock sinfonikoa sartu zen eta Ametsaren Bidea izan zen ibilbide horren bukaera.

-Kostatu zitzaizun Errobiren itzaletik aldentzea?
Bai, 80an bakarkako lehen diskoa oso folkie-a izan zen, hortik aldendu nahian. Hala ere, Errobiko kantari bezala identifikatzen ninduten oraindik. Nolabait bizi behar nuela eta, Akelarre taldearen eskaintza hartu eta hiru-lau urtez ibili ginen Euskal Herri osotik. Erromeriaren aldaketan eragin handia izan genuen, baina nik bide hori agortua ikusi nuen eta beste bat hartzea erabaki nuen.

-Zure bakarkako diskoetatik zein duzu maiteen?
Zaila da esaten. Agian esango nizuke bakoitzetik zer dudan maiteago. Baina aukeratuz gero Bakezaleak eta Zuzenean hartuko nituzke. Nire irudirik benetakoena ematen baitute. Azkena, Brassens kantari, haren kantekin beti egin nahi izan dudan gauza bat da. Oso ondo hartu dute frantsesek ere, Frantzia osotik mezuak jaso baititut eskerrak emanez.

-Iparraldean nola ikusten duzu euskal musikaren egoera?
Galdera hori beti egiten didate, sondeoak egiteko aparailua banintz bezala. Lapurdikoa naiz baina euskalduna naiz, besterik gabe. Nik uste krisia dagoela baina alde guztietan, ez bakarrik Iparraldean, euskaldungoan baizik. Horrek ondorioak dakartza baina badago, hala ere, lan egiteko gogoa duen jenderik.

-Kontraste harrigaria da, esaterako, Garazin hardcore elkarte bat egotea.
Azken bost-sei urteotan oso talde gogorrak agertu dira, baina beti da hegoaldean gertatzen den fenomenoaren kopia bat. Gure garaian gazteak hegoaldetik iparraldera begira zeuden eta orain Hegoaldeari begira daude Iparraldeko euskaldunak. Badira elementu batzuk itxaropen handiak neuzkan beraiekiko baina azken finean betikoak gaude: Erramun, Niko eta beste batzuk.

-Nola ikusten duzu frantsesak erakartzeko ahalegina, Arrosako jaialdia kasu?
Arrosakoa nazioartean oso ondo hartua da, baina nik galdera egiten dizut: nola euskaldundu hego euskal herria? Hogei urte pasatu dira, hizkuntza politika bat izan da eta emaitzak oso kaxkarrak izan dira. Iparraldean, hizkuntza ofizialki onartua ez den bitartean, partxeak ipintzen ibiliko gara. Seaska lan sakona egiten ari da, noiz arte ez dakigu… Funtsezko arazoa da herri bat ez garela eta gure burua benetan komunitate moduan planteatzen ez dugun bitartean ez dugu aurrera egingo.

-Hegoaldekook nola jokatu beharko genuke Iparraldearekiko?
Begira, Iparraldeko gizartea nolakoa den jakin behar da. Aldea irudikatzeko joan hadi Hendaiara, handik hartu Hondarribirako txalupa poteoaren orduan eta konturatuko haiz bi kilometroko tartean zein ezberdinak diren alde biotako gizarteak. Hori hasteko. Gizartearen harremanak… Dena da ezberdina. Kostaldearen eta barnealdearen artean ere diferentzia handia dago. Beti izan da eta dramatikoa bihurtzen ari da azken urte hauetan. Zuberoa Pauera begira dago, administratiboki eta denerako. Diferentziak izan dira beti, nafarroan ipar nafarroaren eta erriberaren artean bezala.

-Zertan da Baionan euskal kulturgune bat sortzeko proiektua?
Oraindik goizegi da esateko, finkaturik ez dagoelako, baina nik uste dut aterako dela. Gutxi gora behera Kafe Antzokiaren eta Zenbat Gararen egitura bertsua egitea izango litzateke. Eskaera badago jendearen aldetik eta beti bezala
beharrezkoa da borondate politikoa. Udaletxeak oniritzia eman behar du, horren zai gaude, baina nik uste dut aurrera aterako dela.

-Zentsura dugu modako hitza gurean.
Zentsura egongo da, gero eta gehiago, hor dago Fermin Muguruzaren kasua, Egunkaria ere zentsuratu dute, ni ere zentsuratu ninduten… Baina zentsura hori ez da egongo bakarrik artean edo komunikabideetan, arlo guztietara zabalduko da. Onena izango dugu bakoitzak bere alor txiki horretan jarraitzea lanean. zeren eta gero eta konbentzituago nago hemen kontua ez dela une batean zaratak ateratzea eta gero isiltzea. iraupen kontua da: iraun behar dugu eta irauteko metodo bat bilatu behar dugu, ez da gutxi.

-Erasoen aurrean zer egin behar du euskalgintzak?
Kantuak dioen bezala, inor ez mintzearren isilduko banintz… Azken finean ez gara ixildu behar. Nik ez nuen espero hainbestekoa izango zenik erasoa, baina argi dago hemen kondenatzen gaituztenean ez dutela gizabanakoa kondenatzen. Inuxenteak izan gara azken urteotan, pentsatzen genuelako gure dinamikan sartuta egonik ez zigutela erasoko. Ikusten da benetan enfrentamentu filosofiko ekonomiko politiko baten aurrean deus gutxi garela. Horrek arduratzen nau baina azken finean gogo kontua da. Esaterako, Palestinan hor daude zapalduta baina ez dute intifada gelditu, harriekin egiten dietete aurre tankeei. Horrek zer pentsatu ematen du.

7 thoughts on “Anje Duhalde, Errobiaren bidetik

  1. Ibai

    Kaixo.
    Atsegin izango nukeen, neretzat euskal olerkari oberenarekin harremanetan jartzeko aukera emango bazenidaten. Anjerekin solasketa bat izateko aukera baneuke, eskertuko nizueke. Besterik gabe, ondo izan.

    Reply
  2. lierni

    Anje Duhalderen kontzertuen berri eduki nahiko nuke

    Reply
  3. ainara bilbao

    bidali mesedez egan taldearen diskografia

    Reply
  4. Jabi Zabala Post author

    Ba, Eganen diskografia jakin nahi baduzu, zergatik ez duzu bilatzen googlen? edo Megadendan?

    Reply
  5. kristintxo

    Inor ez mintzearren isilduko banintz … kantaren izena jakin nahi nuke, eder ederra iruditzen zaidan kanta baita.

    Eskerrik asko.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.