Publizitate erauntsi elektronikoa

By | 2003/10/12

Eskatu gabeko publizitate mezuak hedatzen ari da eta jada arazo handia dira hainbat internauta eta enpresarentzat. Spam deritzon izurriteak geldiezina dirudi eta gure postontzia erabat blokatu dezake. Babes neurririk onena gure e-posta helbidea lagun gutxiri ematea da.

Egunero kontu berbera errepikatzen da milaka etxe eta lantokitan. Internautak bere postontzi elektronikoa zabaldu eta berak eskatu ez dituen hainbat publizitate mezu heltzen dira bere helbide elektroniko pertsonalera: zakila luzatzeko modu miragarriak, kable telebista doan ikusteko aparailuak, viagra pilula merkeak, etxetik mugitu barik lan egiteko aukera, azkar aberasteko errezeta magikoak… Denetarik iragartzen dute eta, kopuru handia jasoz gero, nahiko molestagarriak dira, banan-banan ezabatu behar baitira.

Behin gure helbidea spammer horien eskuetan jausiz gero, tarteka, mezuren bat edo beste jasotzen hasiko gara. Denboraren porazuz, gero eta gehiago izango dira zabor mezuak, gehiago izango baitira gure helbidea daukaten lagunak. Konturatzerako, gure mezu pertsonalak gutxienak izango dira publizitate mezuen ondoan eta bilakaera ez da geldituko. Muturreko kasuetan egunero 100 edo 200 mezu jasotzera heltzen dira batzuk. Azkenik, gure betiko helbidea bertan behera utzi eta helbide berria sortu beharko dugu spam-etik ihes egin nahi badugu.

Nazioarteko arazoa bihurtu da publizitate-erauntsia eta, haren kontra sortutako legeak gora behera, izugarri emendatu da spam-aren hedapena eta kopurua, batez ere duela urte batetik hona. Jada hiru mezu elektronikotik bat, trafikoaren %36, spam dela dio horren kontrako softwarea egiten duen Brightmail enpresaren txosten batek. Ondorioak nabarmenak dira jada enpresa eta etxeetan: erabiltzaileak zoratu, zerbitzariak blokatu, trafikoa moteldu… Gartner aholkularitza enpresaren arabera, 10.000 langileko enpresa batek urtero 13 milioi dolar inguru galtzen ditu eskatu gabeko e-posta dela eta.

Spam-aren kontrako programak badira, baina ez dira oso eraginkorrak. Gehienek gako-hitzen araberako baheak ezartzen dituzte, publizitate mezuetan aurkitu ohi diren hitzak bilatuz eta horiek dakartzaten mezuak ezabatuz. Baina spamerrak oso azkarrak dira eta bahe horiek gainditzen dituzte euren mezuei izenburu irudimentsuak jarriz. Gainera, baliteke guretzako den mezuren bat ezabatzea gako-hitz horietako bat edukiz gero.

Izurriteak geldiezina dirudi eta zaila da legeak eremu honetan betearaztea. Esaterako, Espainiako LSSI legeak eta AEBetako Internet Freedom Act izenekoak debekatzen dute eskatu gabeko publizitate mezuak bidaltzea. Espainian honako baldintzak bete behar dituzte publititate mezuek: Mezuaren gaian argiro publizitatea dela adieraztea eta aldez aurretik internautaren baimena izatea. Horrela izan ezik spam-tzat hartuko da, nahiz eta bidaltzaileak bere mezuetan banaketa zerrendatik ezabatzeko aukera eman. Dena dela, herrialde bateko legeen bidez nekez zigor daiteke beste herrialde bateko spam-erra, nor den jakinda ere. Horregatik eremu zabalagoa hartu beharko dute lege horiek, eraginkorrak izango badira. Iragan martxoan eskatu gabeko publizitatea debekatuko duen araudi bateratua egiteko proposamena aurkeztu zuen Europar Batasunak.

BABES NEURRIAK hartzeko spam-aren mekanismoa ulertu behar dugu. Sarea etengabe arakatzen dute spamerrek, euren zerrendetara gehitzeko e-posta helbideen bila. Webguneak arakatzen dituzten robotek a-bildua duen edozein hitz hartu eta datu basean sartzen dute. Beste batzuek berriketa kanalak eta Usenet-eko berri taldeak arakatzen dituzte. Maltzurrenek mezu kateak sortzen dituzte, internautek batak besteari bidaltzen dizkioten txisteekin, irudi barregarriekin edo sinatu beharreko aldarrikapenekin. Txistea ona baldin bada laster milaka helbide ageriko dira mezu horietan, jendeak Forward sakatu eta lagun guztien helbideak jarriko baititu agerian. Handik gutxira txistea amesgaizto bihur daiteke koadrila osoarentzat, spam-a jasotzen hasiz gero postontzia garbitzea, hots, haren kontrola berreskuratzea ezinezkoa delako.

Gainera, azken aldion Internauta batzuk birusak erabiltzen hasi dira helbideak lortzeko. Zabor mezu horietako batzuek zomorro eta troiarrak dakartzate, hedatzeaz gain makina bakoitzean dau dauden e-posta helbide guztiak bildu eta e-mail harvester edo e-posta biltzaileari bidaltzen dizkiotenak. Segundu gutxitako kontua izan daiteke internauta horiek milaka helbide batzea. Pertsona hauek gero helbide sortak saltzen dizkiete beste spammer batzuei, milaka edo milioika helbidez osatutako datu baseak. Askotan helbide sorta horiek eskaintzeko ere spam-a erabiltzen dute inolako lotsarik gabe.

Frogatuta dago alferrekoa dela bidaltzaileari mesedez zerrendatik ezabatzeko eskatuz idaztea. Gehienetan bidaltzailearen helbide hori ez da benetakoa izaten eta benetakoa denean gure mezua baliagarria izango zaio spammer-ari, gure helbidea indarrean dagoela berretsiko dio eta.

Guri gerta ez dakigun komeni da zuhur ibiltzea, sareko eztabaidaguneetan, webguneetan, formularioetan eta gure e-posta helbidea eskatzen diguten leku horietan guztietan gezurrezko helbidea ematea da onena. Gure helbidea inori ematekotan soilik konfidantzazko lagunei ematea eta eurei helbidea beste inori ez emateko eskatzea. Hala ere ez gara inoiz guztiz salbu egongo.

Aholkuak euskaraz
http://www.besafeonline.org/
AUI
http://www.aui.es/contraelspam
Collectif anti spam
http://caspam.org/

LABURRAK

Ordenagailuen museoa
Californiako Mountain View hirian ordenagailuen historiari buruzko museoa dago, Computer History Museum izenekoa. BertanVisible storage erakusketa dugu ikusgai, azken hamarkadetan izan diren ordenagailuen bilduma ederra. Erakusketak ez du historiako ordenagailu guztiak erakustea helburu, esanguratsuenak izan diren makinak baizik. Bertaratu ezin garenontzat erakusketaren bertsio telematikoa jarri dute sarean. Oso urte gutxitan izan den bilakaera izugarri azkarraz ohartuko gara lehendabiziko Xerox, Commodore eta Apple makinak ikusita. Egun oso retroak ematen duten diseinuak ikusiko ditugu, makina handiak eta eramangarri primitibo samarrak.

Museoa
www.computerhistory.org

SGAEren kontra
Egunotan sartu da indarrean CD grabagarri bakoitza 15 zentimo garestiago egiten duen kanona. Espainiako egileen eta editore gehienak biltzen dituen SGAE elkarteak eramango du diru hori, CD horiek musika legez kanpo kopiatzeko erabiltzen direla argudiatuta. Honek erabiltzaile askoren haserrea piztu du, CDak aurretik zertarako erabiliko diren jakitea ezinezkoa dela baitiote eta ez diote SGAEri diru hori kobratzeko zilegitasunik aitortzen. Batzuk mobilizazioak egiten ari dira egunotan eta webgune berria jarri dute sarean euren arrazoiak emateko.

Kanpainia
www.putasgae.org

Napster deskafeinatua
Napster ospetsua berriro datorrela iragarri dute baina ez da lehengo bera izango, jazarpenaren ostean sistemak asimilatua geratu baita diskagintza asaldatu zuen truke zerbitzua. Doakoa zena orain ordainduzko zerbitzua izango da, disketxeek dirua irabaz dezaten. Berau sortu zuen Shawn Fanning-ek ere orain poliziaren kolaboratzaile bezala aurkezten du bere burua, musika legez kanpo trukatzen dutenak salatzeko programa bat sortu baitu. Zenbat buelta ematen dituen munduak! Egungo Napster berriak, hala ere, doako beste zerbitzu batzuk dira, Kazaa, WinMX eta SoulSeek.

Napster
www.napster.com

2 thoughts on “Publizitate erauntsi elektronikoa

  1. kapt. kurtz

    nik hotmaileko kontu bat daukat eta izugarria da. ez naiz 60 mezutara iristen, baina nahiz eta filtroak eduki, 30 bat jaso ditzaket. spam mezu gehiago jasotzen ditut lagunek bidaliak baino. hori ziur. “free diplomas”, “viagra online”, eta neska izateagatik ez dudan zakila luzatzeko mezu iraultzaileak. ene…
    terran dudan kontuan ere, paretsu.
    nazkatuta naute!

    Reply
  2. Oier

    Ba niri ez zaikit hainbeste iristen, ez kontua blokeatzeko adina. Jende askori “iristen zaizkidan e-mailen erdiak spam dira” entzuten diot. Niri gero eta gehiago iristen zaizkit, baina hala ere gutxi, orain egunean bat edo bi…Baina ezagutzen dut bat, e-mailez 3 aldiz aldatu duena spam-agatik, eta egun bakarrean 60 mezu spam iritsi zitzaizkiona!!!!!

    Reply

Utzi erantzuna Oier(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.