Irratiak sarean entzungai

By | 2003/10/15

Interneten bidez milaka irrati emisora entzun ditzakegu. Bakoitzak nondik emititzen duen ez du garrantzirik, sarean denak eskuragarri baititugu. Pixkat bilatuz gero, era guztietako musika eta programak aurkituko ditugu, makina bat hizkuntzatan.

Haietako asko irrati emisora arruntak dira, irrati uhinen bidez seinalea eskualde edo herrialde batean igorri ohi dutenak. Beste batzuk, berriz, Interneterako propio sortuak dira eta soilik sarean entzun daitezke.

Irrati kate handi guztiak aurki daitezke sarean. EITBren webgunean, esaterako, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi entzun daitezke. Espainiako irrati kate gehienek ere badute sarearen bidezko emisiorik. Bertoko emisorei dagokienez, Herri Irratia, Pititako Irratia eta Hala Bedi Irratia entzun ditzakegu sarean, besteak beste.

Oso ezaguna da Radio France Internationale (RFI), 19 hizkuntzatan emititzen duelako. Lehen soilik uhin laburreko irrati seinaleak igortzen zituen eta orain bere saioak sarean entzun daitezke, besteak beste, vietnameraz, turkieraz, arabieraz, espainieraz, txineraz eta beste hainbat hizkuntzatan. Aukera ederra da RFI hizkuntza horiek nolako soinua duten entzuteko. BBC britainiarrak ere igortzen du seinalea gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan. Albistegiak ezezik, musika saioak eta ingelesa irakasteko irratsaioak eskaintzen ditu BBCk.

Sareari eta uhinei garrantzi bera ematen dion irratia dugu Kataluniako Comradio. Webgunearen bidez albisteak irakur daitezke eta zuzeneko emisioa entzun. Horrez gain, entzun nahi dugun irratsaioa aukera dezakegu, emisioaren orduari erreparatu gabe. Hori da sareko emisioen beste abantaila bat, irratsaioak edozein momentutan entzu daitezkeela.

Interneterako propio sortutako irratiak ere badira, era guztietako saioak biltzen dituen Espainiako Radio Internet kasu, AEBetan 3WK Undergroundradio izenekoak soilik musika igortzen du, musika alternatiboa. Gerraren eta globalizazioaren kontrako mezua zabaltzeko erabili dute Indymedian, irrati libre askok bat eginda. Horrela, Cancun-eko gailurretik emisioak entzun ahal izan ditugu Hego Afrikako Diversity Radio-ren bidez.

Indymediaren irratian, zuzeneko emanaldiez gain, Cancuneko gailurraren inguruan izan diren irratsaioen aukera dago grabatuta entzungai. Grabatutako irratsaioak dira, hain zuzen, Radio4all webgunean aurki daitezkeenak. Edonork jar dezake bertan entzungai berak grabatutako edozein artxibo.

Zentsura gainditzeko ere erabiltzen dute sarea irratiek eta euren mezua nazioartera zabaltzeko. Esaterako, Iraneko oposizioak baditu emisora batzuk sarean, baina gobernuak ere bere mezua hedatzen sarean, hainbat hizkuntzatan emisioak igorriz.

Reggae, Dance, Heavy, Indie, Rai eta imagina daitezkeen era guztietako musikak gustoko badituzu, beti aurkituko dituzu mota horretako musikan berezitutako emisorak sarean, musika baita gehienen ezaugarria. Zergatik daude hainbeste emisora? Bada, esaterako, ys.shoutcast.com aurkibidean topatuko ditugun emisio asko pertsonalak direlako, hau da, lagun batek bere etxeko logelatik eginikoak.

-Sarean daude:

EITB
http://www.eitb.com/
Irratia.com
http://www.irratia.com/
Hala Bedi
http://www.halabedi.org/
Pititako
http://www.pititako.net/
RFI
http://www.rfi.fr
BBC
http://www.bbcmundo.com
Comradio
http://www.comradio.com
Radio Internet

Underground Radio
http://www.3wk.com
Indymedia Radio
http://radio.indymedia.org
http://www.radio4all.net
No War Radio
http://nowar.rootoon.com
Iraneko oposizioa
http://www.radioiranla.com
http://www.radioiranonline.com
Gobernuarena
http://www.irib.ir

-Emisorak aurkitzeko:
http://yp.shoutcast.com
http://www.radio-locator.com

Audio formatoak
Emisora bakoitzak formato jakin batean emititzen du, nahiz eta badiren formato ezberdinetan emititzen duten batzuk. Windows Media eta RealPlayer dira formatorik ezagunenak eta, gehienbat, irrati kate handiek erabiltzen dituzte. Derrigorrez programa berarekin entzun behar dira emisioak, jende askok erabiltzen ditu programa horiek irratia entzuteko baina formato horietan emisioa egitea garestia da.

Irrati emisora txikien alternatiba merkea eta eraginkorra MP3 jarioa da. Emisora txikiek MP3 formatoan emititzen dute, Shoutcast edo Icecast programak erabiliz. Entzuteko, berriz, hainbat programa erabil daitezke. Windows plataforman Winamp dugu erabiliena baina badira beste asko, baita Linux edo Mac OS sistemetako ordenagailuentzat ere. Irratia.com euskarazko irrati digitalaren webgunean gure hizkuntzan azalduko digute Shoutcast jarioa nola entzun.

Gure konexioaren arabera kalitate handiko edo txikiko jarioa entzun ahal izango dugu. Adibidez, 24Kbps konpresio maila altua da, AM irrati baten kalitateko soinua. Modem bidez konektatzen bagara ezin izango dugu hori baino kalitate handiagoko emisioa entzun. ADSLa badugu, ordea, 128 Kbps-tan konprimitutako emisioa entzun ahal izango dugu, ia CD baten kalitatekoa. Horrelako emisioak aurkituko ditugu yp.shoutcast.com aurkibidean. Kalitate onekoa aukeratuz gero munduko beste puntatik bidalitako emisioa entzungo dugu bertako FM irratia balitz bezala.

-Softwareak:
Real Audio
http://www.real.com

-Shoutcast entzuteko:
Winamp (Windows)
http://www.winamp.com
XMMS (Linux)
http://www.xmms.org
MacAmp (Mac OS)
http://www.macamp.com

Nola sortu zure irratia Interneten

Entzule izatetik igorle izatera pasatu nahi baduzu, ez duzu oztopo handirik izango. Bai, emititzeko ez da aparteko ezagutzarik edo tresneriarik behar. ADSL konexio arrunta eta ordenagailu berri xamar batekin nahikoa izango da.

Beharrezkoak diren programak, berriz, doakoak dira eta saretik eskura daitezke. Linux erabiltzen dutenek badute Icecast programa, baina hemen Windowserako Shoutcast zerbitzaria nork bere ordenagailuan instalatzeko argibideak emango ditugu, gehienen eskura dagoelako eta konfiguratzeko nahiko erraza delako.

Arazoak izan dira, hala ere, musika emititzen duten emisorekin, Espainiako SGAE elkarteak, egile eskubideak direla eta, dirua eskatu baitie askori. Baina logelako emisorak ez dira izaten eurentzat molestia handia, ez baitute publiko zabalegia izaten.

Hasteko, Nullsoft-en Winamp instalatu beharko dugu, winamp.com webgunetik jaitsi ostean. Ondoren, shoutcast.com webgunetik, Downloads ataletik programa bi jaitsiko ditugu. Lehenengoa Winamp-i erantsiko diogun plug-in edo gehigarria izango da, haren bidez irratiak entzun beharrean seinalea igorri ahal izateko. Bigarrena Shoutcast zerbitzaria izango da, gure ordenagailura konektatzen direnei seinalea zerbitzatuko dien programa.

Shoutcast zerbitzaria konfiguratu behar dugu gure ordenagailutik emititzeko. Ez da zeregin zaila baina horren azalpenak luze joko luke. Beraz, onena izango dugu shoutcast.com webgunean bertan dauden azalpenak jarraitzea. Funtsean, gure ordenagailuak IP helbide bat eta bakarra izango du sarean konektatuta dagoenean. Bestalde, Shoutcast emisioa ordenagailuaren portu edo sarrera jakin batetik egin ohi da, 8000 izeneko portutik, alegia. Bada, bere ordenagailuko Winamp-etik gure ordenagailura gure helbidea jarrita (adibidez: konektatzen denak gure emisioa entzun beharko luke arazorik gabe.

Winamp erabili behar dugu seinalea MP3 formatora trinkotzeko eta zerbitzarira igotzeko. Kasu honetan Shoutcast zerbitzaria ere gure ordenagailuan izango dugu eta aurretik konektatu beharko dugu. Ondoren, Winamp-en Shoutcast emisioa konfiguratuko dugu Output eta DSP/Effect pluginen bidez.

Emitituko ditugun edukiak guri dagokigu aukeratzea. Gure ordenagailuan ditugun MP3 artxiboen sorta bat aukera dezakegu eta hura emititu edo, bestela, gure ahotsa sar dezakegu.

-Shoutcast konfiguratzeko (gaztelaniaz)
http://software.ethek.com/software/contenido.asp?IDContenido=130

-Winamp-en bidez seinalea igortzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude