Dialer-en iruzurra

By | 2003/09/14

Internauta asko faktura izugarri garestiak heltzean soilik ohartu dira iruzurraz. Gehienetan antzeko ezustea izan ohi da, biktimak telefono faktura jasotakoan izaten baitu iruzurraren berri. Berak gogoratzen ez dituen telefono dei izugarri garestiak datoz faktura horretan, Espainian 906 zenbakiekin hasten direnak, gure ordenagailua zenbaki horietara deitzen ibili delako gu ohartu gabe.

Hasierako sustoaren ostean telefono konpainiari azalpenak eskatzea izaten da hurrengo urratsa, agian enpresaren akats bat izan delakoan. Bertan jakinaraziko digutenez, faktura ondo dago eta deiak gure telefonotik eginak dira. Ordenagailuak egin ditu, ordea, eta gu ezertaz ohartu gabe ziurrenik.
Kontua zera da, webgune jakin batzuetan sartzean, pornografia eskaintzen duten webguneetan gehienbat, guk ezer onartu gabe eta konturatu gabe gure ordenagailuaren konfigurazioa aldatuko duen programatxo bat instalatzen dela.

Programatxo horrek gure Interneterako sarbidearen datuak aldatzen ditu. Sarera sartzen ahalengintzen garen hurrengoan, modem-ak 906 edo 905 zenbakia markatuko du, normalean markatzen duenaren ordez, horregatik dialer esaten zaie programa horiei. Ondorioz, minutu batzuetako nabigazioagatik dirutza ederra ordaindu beharko dugu. Telefono mota hauetara deitzeagatik, asko jota, euro bat pasatxo ordain daiteke minutuko. Baina oharkabean nabigatuta 6.000 euroko fakturak oso ohikoak dira.

Minik handiena egiten duena faktura da, baina salatzeko arrazoi nagusia izan daiteke gure ordenagailuaren konexioaren ezaugarriak aldatu izana. Webgune batzuetan, konfigurazioa aldatzeaz gain, nabigatzaileari barra molestagarria gehitzen diote eta preferentziak aldatzen dituzte. Hori ere ez da legala erabiltzailearen baimenik gabe.

Iruzurraren biktima izan denak kontsumitzailearen bulegora joan behar du, telefono konpainiak ez baitigu esango norena den deitzen ibili garen ordainduzko zenbaki hori. Printzipioz, telebistan zenbaki horiek iragartzen direnean bezala, oharkabean sartu ginen webgune hartan argi eta garbi adierazi behar ziguten horrelako zenbaki batera deituko genuela eta minutu bakoitzaren kostua zein zen. Webmaster azkar batzuek argudiatuko dute dagoeneko erakutsi zigutela, normalean internautok irakurri gabe OK teklari sakatzen diogun ohar horietako baten letra txikian baizetorren abisua. Batzuetan, salaketa jarri beharrean, faktura ordaintzen du internautak, astrologia iragarleen webguneetan edo web pornografikoetan ibili dela agerian geratuko den beldurrez.

Iruzur honetatik babesteko, oraindik guri gertatu ez baldin bazaigu, babes neurriak hartzea izango dugu onena. Terroirs izeneko frantziar webgune batean Explorer programa kentzea proposatzen dute, dialer-en iruzurrak soilik Windows sistema, Explorer nabigatzailea eta telefono bidezko konexioa dutenei eragiten baitie. Horren ordez, Mozilla ezartzea gomendatzen digute, askoz jakingarri gehiago emango baitigu programa berri hori instalatu aurretik. “Gezurra dirudien arren, Explorer kentzea ez da ezinezkoa”, diote. Microsoft-en webgunean bertan dauden argibideak jarrai daitezke, edo IEradicator programa erabili.

Dialer programak gure ordenagailutik kentzeko anti dialer programak erabil daitezke. Terroirs-en YAW (Yet Another Warner) programa gomendatzen dute. Espainiako Asociacion de Internautas (AI) elkarteak Checkdialer izenekoa ipini du edonork eskuratzeko moduan.

Espainian, izan diren kexuak gora-behera, ez da aparteko neurririk hartu, zientzia eta teknologia ministroak duela hiru urte arazoari helduko ziola iragarri zuen arren. Aurrerantzean Espainian 803 (helduentzako edukiak) eta 806 (aisialdia) aurrizkiak sartuko dira indarrean, 906 ordezkatzeko. Askoz kontrolatuagoak izango dira aurrizki berriak eta berauek erabiliz ezin izango dira modem bidezko deiak egin.

Consumer aldizkariak gaiaren azterketa sakona egin zuen, iruzurraren biktima izan denak jarraitu beharreko urratsak aipatzen. Espainiako Asociacion de Usuarios de Internet (AUI) elkarteak hainbat datu biltzea gomendatzen du, salaketa jarri aurretik. Printzipioz, telefono horrekin lotuta dagoen webguneak informazioa eman behar zigun, baina gehienetan nahikoa da banner baten gainean sakatzea .exe programa hori gure makinan ezartzeko. Aurretiazko informazioaren baldintza hori bete ezean, enpresak ezin izango digu ezer kobratu.

Hala ere, gehienetan gu ohartu gabe egiten dutenez, badira arrazoi franko salaketa jartzeko, gure ordenagailuaren konfigurazioa aldatu duenak kalte egin digu, espainiako Zigor Kodeak eta LSSI legeak jasotzen dutenez. LSSI legearen arabera, webgunearen arduradunak behartuta daude euren datuak guri ematera. Gehienez 30 minutu iraun dezake dei batek eta aldez aurretik argiro adierazi behar dute helduentzako edukiak ikuskatzeko dela.

Gure aldetik, aipatutako programak erabiltzeaz gain, telefono konpainiari esan diezaiokegu ordainketa bereziko zenbakiak ezgaitzeko gure linean. Gure ordenagailuko konexioaren ezaugarrietan begira dezakegu, tarteka, zenbakia aldatuta dagoen ikusteko. Nabigatzailearen mezuei ere erreparatu behar diegu, ez onartzeko gure konfigurazioa aldatuko duen inolako programarik edo programa susmagarririk.

Helbideak
terroirs.denfrance.free.fr/p/internet/attaque/dialer.html
www.consumer.es/web/es/especiales/60281_print.jsp
YAW
www.trojaner-info.de/dialer/dialer.shtml
Checkdialer
www.internautas.org
IEradicator
www.litepc.com/ieradicator.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.