Euskara, sareko 40. hizkuntza

By | 2003/09/07

Katalanak sarean duen presentzia neurtzeko ikerketa egin berri du Softcatala institutuak. Horren arabera, katalana 19. hizkuntza da orrialde kopuruari dagokionez. Euskara 40. postuan dago eta frantsesa Interneteko hirugarren hizkuntzarik erabiliena da.

Hizkuntzen sailkapena egin berri dute abuztuan softwarea katalanera itzultzeaz eta katalanezko programak sortzeaz arduratzen den Softcatala elkartekoek. Hizkuntza bakoitzak duen orrialde kopurua neurtu dute, AllTheweb bilatzaileak emandako datuak erabiliz. Bilatzaile hori ez da web orrialde gehien indexatuta dituena, baina Softcatalakoen aburuz, hizkuntzak irizpide onargarrien arabera sailkatzen ditu. Sarean badira beste baliabide batzuk, e-posta, berriketa, eztabaida zerrendak eta berri taldeak kasu, baina neurtzeko gaitzagoak dira eta horregatik weba edo amarauna hartu dute aztergai, web orrialdeak hain zuzen ere.

Duela hiru urte Vilaweb atariak eginikoa eguneratu nahi izan dute Softcatalakoek. Orduan, bilatzaile beraren emaitzen arabera egin zuten sailkapena eta katalana sareko 19. hizkuntza zen, orrialde kopuruari dagokionean. Sailkapen horretan euskara 31. hizkuntzarik erabiliena zen, baina sailkapenean hain goian egoteko arrazoia ez zen euskaldunon webgune pertsonal eta profesionalen kopuru handia, administrazioetako hainbat agiri eta buletin derrigorrez euskaraz argitaratzearen ondorioa baizik. Nolabait, gure hizkuntzaren garrantzia puztuta dago sailkapenean.

Aurtengo neurketaren arabera nabarmen jaitsi da gure hizkuntza sailkapen horretan, 40. lekuraino jaitsiz. Guztira, euskaraz 154.709 orrialde daude AllTheweb-en indexatuta. Gurearen aurretik, munduko hizkuntzarik ezagunenez gain, lituaniera, bulgariera, islandiera eta galegoa aipa daitezke. Goiko aldean, ingelesak jarraitzen du nagusi, alde ederragatik gainera. Ondoren, hurrenez hurren, alemana, frantsesa, japoniera eta espainiera daude. Azken honek txinerari aurrea hartu dio gutxigatik baina, Softcatalakoek nabarmendu dutenez, oraindik milioika orrialde daude sailkatzeke hizkuntza horretan eta ez da ezberdindu txinera mota ezberdinen artean.

Katalana ere nabarmen jaitsi da sailkapen horretan, 23. posturaino. Ikerketa egin dutenen arabera, duela hiru urteko ikerketan katalana zegokion lekua baino aurrerago ageri zen eta aurtengoak datu fidagarriagoak dira, orrialdeak hobeto sailkatu baitira. Dena dela, bada datu bitxirik, milioika hiztun dituen arabiera katalanaren ostean, 24. lekuan, agertzea kasu.

Googleko eledunen arabera, egun amaraunak 9.000 eta 12.000 milioi web orrialde inguru ditu. Googlek soilik 3.000 milioi ditu indexatuta eta AllTheweb-ek 2.100 inguru, baina kontutan hartu behar da orrialde asko errepikatuta daudela eta badirela txineraz eta gainontzeko hizkuntza asiarretan oraino sailkatu ezin izan direnak.

Vilaweb-ek 2000. urtean eginiko ikerketak ez zituen indonesiarra, thai, kroaziera edo estoniera kontutan hartu, orduan AllTheweb ez baitzen berauek identifikatzeko gai. Bilatzaile honek web orrialde baten hizkuntza zein den jakiteko hitz jakin batzuen presentzia neurtzen du. Hala ere, Sofcatalakoek onartzen duten moduan, sistema hauek ez dira guztiz fidagarriak, zenbait orrialde txikiren kasuan huts egin baitezakete. Hizkuntza minorizatu zenbaiten kasuan ere errakuntzak egon daitezke sailkapenean, okzitaniera eta katalanaren artean edo galegoa eta portugesaren artean kasu.

Duela hiru urte Vilaweb-ek egin zuen bezala, Orrialde kopurua hizkuntza bakoitzaren hiztun kopuruarekin alderatu dute Softcatala-koek. Sarean hizkuntza bakoitzak bere hiztunekiko duen presentzia neurtzeko beste modu bat da. Hiztun bakoitzeko sarean hizkuntza bakoitzak duen orrialde kopurua neurtuta. Katalanak orduan 0,07 orrialde zituen hiztun bakoitzeko eta egun 0,45 orrialde ditu. Euskarak 0,06 zituen duela hiru urte eta egun 0,26 orrialde ditu hiztuneko.

Orrialde kopuruaren igoera nabarmena izan du gure hizkuntzak, baina gainontzekoek azkarrago egin dute gora. Hizkuntza txikia izanik kopurutan beti orrialde gutxi izango du, baina indize honek erakusten digunez, kualitatiboki ere atzean geratu gara besteen ondoan. Testu gehiago ezezik euskaldun gehiago sareratzea da gure hizkuntzaren erronka eta euskaldun horiek webgune euskaldunetan nabigatzea.

Sarean badira hizkuntzen presentzia aztertzen duten hainbat webgune eta lan. Esaterako, 1997an, hizkuntzen Hit Parade-a egin zuen Internet Society (ISOC) elkarteari lotutako Babel Team proiektuak. Orduan hizkuntzak sailkatzeko baliabideak urriagoak ziren eta soilik 17 hizkuntzaren artean sailkatzeko gai izan ziren ikerleak, denak mendebaldeko alfabetokoak. Kanpoan geratu ziren, beraz, txinera, arabiera eta beste asko. Hala ere, daturik aipagarriena da orduko web orrialdeen %80,2 ingelesez zeudela. Egun, AllTheweben indexatutakoen %60 inguru daude ingelesez, Internet mundu osoan hedatuz doan seinale.

Katalanaren egoera 2003an
www.softcatala.org/articles/article26.htm
2000ko ikerketa
www.vilaweb.com/especials/5anys/enquesta.html
Munduko hizkuntzak
www.ethnologue.com
Hizkuntzen eta kulturen behatokia
www.funredes.org/LC
1997ko beste sailkapen bat
babel.alis.com/palmares.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude