Munduko Merkataritza Erakundeak (WTO) gailurra egingo du Cancunen (Mexiko) irailaren 10etik 14ra bitartean. Seattlen gertatu zen moduan, protestak eta bilkura paraleloak ari dira antolatzen sarearen bidez. Oraingoan, hurbil diren Chiapaseko zapatistek ere esku hartuko dute antigailurrean.
Egunotan Chiapas albiste izan da, Oventic-en izandako topaketentagik eta EZLNk abian jarri duen barraskiloen antolaketa berriagatik. Irailan, berriro, Yucatan inguru hori albiste izango da WTOk gailurra egingo baitu bertan, Cancun hirian. Turismoaren eta kontsumoaren sinbolo den hiri horretan herrialde pobre eta aberatsen arteko merkataritza harremanen eta nekazaritzaren antolaketa globalaren inguruko erabakiak hartu nahi dituzte boteretsuek. Horrelako bilkuretan ohikoa denez, bertan izango dira agintariek entzun nahi ez dituzten gauzak esango dizkieten ekintzaileak.
Iragan astean ekintzaile telematikoez mintzo ginen eta, Cancunen prestatzen ari diren ekintza eta bilkura alternatiboak antolaketa modu berri horren adibide argiak dira. Cancunen izango diren jardunaldi, manifestazio eta abar telematikoki antolatzen ari dira eta Interneten bidez haien berri izan dezakegu.
WTOk Seattlen egin zuen azkenaurreko gailurra, 1999ko abenduan, eta bertan globalizazioaren aurkako mugimenduaren protestek protagonismoa kendu zioten gailurrari. Horregatik hurrengo gailurra Dohan (Qatar) izan zen, protestaldirik izango ez zela bermatu baitzuen bertako gobernuak. Cancunen mundu osoko 145 herrialdetako ordezkariek nekazaritza izango dute eztabaidagai, Dohan hasitako eztabaiden helburu nagusia AEBk eta Europar Batasunak herrialde garatuetan nekazaritzarako dirulaguntzak jaistea adostea da.
Cancun aukeratu dute oraingoan boteretsuek biltzeko. Mundu osoan ezaguna den turismo gune hau 1971an sortu zuten ezerezetik ingurune natural polit eta garbi batean eta egun kutsadura arazo ikaragarria duen 300.000 biztanleko hiria da. Bertako biztanleen erdiak haietako asko indigenak pobrezia gorrian bizi dira eta ez dute ur edangarririk, elektrizitaterik, osasun zerbitzurik, zabor bilketarik edo hondakin uren zerbitzurik. Luxuzko hoteletan dauden turisten ondoan egonik, bertatik bertara islatzen da Cancunen aberatsak aberats eta pobreak pobre mantentzen dituen munduaren antolaketa. Baina Indymedia Cancun-en arabera, ez dute hiria aukeratu horren paradigma izateagatik, bertako jendeeen «kontzientzia sozialaren maila apalagatik» baizik.
Seattlen hasitako mugimenduak bere indarra erakusteko aukera izan du, herrialde boteretsuetako agintariek eginiko beste gailur batzuetan. Baina Cancunekoan, bilkuraren garrantziaz gain, badira beste faktore batzuk protestak eta bilkura alternatiboak garrantzitsuak izango direla pentsatzeko. Alde batetik, Merkataritza Librearen Itunak kaltetutako nekazari asko daude Mexikon eta, bestetik, Chiapasen ondoan dago Cancun.
Hain zuzen ere, oso lotuta dago zapatisten borroka globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurkako borrokarekin. Zapatistek bat egin dute gailurraren aurkako protestekin eta Cancunera joateko deitu dute. EZLNko Zebedeo komandanteak adierazi berri duenez, «Cancunera joan nahi genuke, bainu bat hartzera eta zer dagoen ikustera. Ez gara WTOren bileraz ari, gizateriaren aurkako mundu gerra berriaren aitzindari den erakunde horretaz. Aitzitik, planeta osoko jendeek egingo duten bilkuraz ari gara, diruaren mundu baztertzaileari ezetz esateko eta beste mundu bat posible dela esateko izango den bilkuraz».
GAILUR PARALELOAK
Irailaren 1etik 7ra, hedabide eta teknologia alternatiboen inguruko jardunaldiak izango dira. Nekazarien foroa irailaren 8an eta 9an izango da, Via Campesina eta beste elkarte batzuek deituta. Irailaren 10ean nekazarien ibilaldia izango da. Irailaren 12an mobilizazioak izango dira, Cancunen bertan eta mundu osoan, zapatisten esanetan «planetaren jabeak direla uste dutenen aurka». Herrien foroa ere izango da, gailurrak iraungo duen egunetan. Horien guztien gaineko informazioa omcmexico.org helbidean aurki daiteke.
Bestalde, Heinrich Boll fundazioak Boll foroa antolatuko du, GKEn, globalizazioaren aurkakoek eta gobernuetako ordezkariek elkartzeko xedez. Halaber, Gazteen Foroa ere izango da, Emakumeen Nazioarteko Foroa, bidezko merkataritzaren erakustaldia eta mundu mailako parlamentarien foroa. Albisteak Indymedia sarearen bidez jasotzeaz gain, ekitaldi hauen guztien informazioa sareko irrati baten bidez entzun ahal izango da cancunradio.org helbidean.
Foro alternatiboak
omcmexico.org
Hedabide alternatiboak
espora.org/cancun03
cancun.mediosindependientes.org
chiapas.indymedia.org
mexico.indymedia.org
www.cancunradio.org
Boll Foroa
www.cancun2003.org
Via Campesina
www.viacampesina.org