Era guztietako ekintzaileak aspaldi hasi ziren sarea erabiltzen. Salaketa publikorako bidea eta mezua zabaltzeko aukerak eskaintzen ditu Internetek. Salatu nahi den horretaz informazioa lortzeko, ekimenean laguntzeko prest dauden lagunak topatzeko eta ekintzen koordinaziorako ere balio du. Edozein unetan bihur gaitezke ziberekintzaile.
Euskal kostaldea petroleoz zikinduta dagoela, gure enpresa erosi duen multinazionala langileak kaleratzen hasi dela, gobernuak egunkari bat itxi duela, saharauiek 27 urte daramatzatela erbestean eta inork ez duela ezer egiten… Mila adibide jar litezke. Herritar askok sentitu dute inoiz bidegabekeria baten aurrean zerbait egiteko beharra baina inpotentzia nagusitzen da akabuan, zer egin edo nola egin jakin ezik. Internauta askok sarean aurkitu dute haserre hori bideratzeko aukera. Akaso pankarta bat eskuan kalera irtetea beharrezkoa izango da kasu askotan, baina badira gizartean eragiteko bide berri eta eraginkorrak.
Sarean eragiteko ez da ezinbestekoa talde batean antolatuta egotea, baina ekimen kolektiboek indar gehiago izan ohi dute. Esaterako, globalizazioaren aurkako mugimendua, funtsean bakoitza bere etxean dauden ekintzailez osatua dago, telematikoki koordinatzen diren ekintzaileek posta zerrendak erabiltzen dituzte eztabaidatzeko edo chat berriketa bilera birtualak egiteko. Antolakuntza modu horrek sarearen beraren egitura bezalakoa da, ez dago bilgune edo zentru bat, nodo independienteak baizik. Kaleko manifestazioak, hitzaldiak edo liburuen edizioa koordinatzeko erabiltzen dute sarea. Webguneari dagokionez, Indymedia sarea mundu osoan zabalduta dauden tokian-tokiko informaziogunez osatua dago. Internautak berri emale dira komunikabide kolektibo horietan baina ez dira webgunearen diseinuaz edo edizioaz arduratu behar.
Funtsean, ziberaktibismoaren tresna nagusiak webguneak eta posta elektronikoa dira. Webguneak salatu nahi dugunaren gaineko informazio guztia bildu behar du eta ezinbestekoa da, sarean gure kanpainia horren erreferentzia izango delako. Bertan, testuak ezezik, argazkiak edo bideoak jar daitezke gure salaketa frogatzeko. Nahi beste dokumentazio jar dezakegu baina, beti ere, era txukunean aurkeztuta. Webguneak ondo egituratua egon behar du eta hasieran oinarrizko informazioa soilik eman behar dugu. Bertan menua jarriko dugu dokumentazioa, bideoak, argazki galeriak eta testu gehigarriak egongo diren webguneko beste orrialdeetarako loturekin.
NetAction elkarteak bere The virtual activist ikastaroan hainbat aholku ematen ditu. Esaterako, webgune «xaloa eta informatiboa» egitea, nabigazioa zaildu lezaketeen Java edo Flash aurkezpen ikusgarririk gabe. Gurekin kontaktuan jartzeko bideak eskaini behar ditugu, e-postaz edo telefonoz. Beti galdera berak erantzuten ez ibiltzeko, komeni da SEG edo Sarritan Eginiko Galderak (FAQ ingelesez) izeneko orrialdea egitea.
Ahal den guztietan eman behar dugu webgunearen berri, saretik kanpo egiten dugun edozein komunikaziotan edo mezu elektronikoetan webgunearen helbidea jartzea gogorarazten digu NetAction-ek, interesa dutenek bertan aurkituko baitute informazio gehigarri guztia.
Posta elektronikoari dagokionez, neurriz erabili behar dugu tresna hau gure mezua zabaltzeko. «Bidali ahalik eta lagun gehienei» gisako mezuak ez dira oso eraginkorrak. Aitzitik, oso kaltegarriak izan daitezke. Edozein mezu katetan bezala, etengabe berbidaltzearen ondorioz e-posta helbide pertsonalez betetzen dira mezuok eta gure helbidea milaka lagunen ordenagailuetan agertuko da. Horrek bi ondorio negatibo izan ditzake: batetik, haiek birus batek kutsatu ostean birusak bere burua gure helbidera bidaltzea. Bestetik, gure helbideak spammer baten eskuetan jaistea eta, handik gutxira zabor mezu komertzialen izurritea jasaten hastea. Horren ordez, guk bidalitako mezuetan lagunen helbideak Bcc eremuan sartu behar dira, jasotzaileek besteen helbideak ikus ez ditzaten.
Are absurdoagoa da gure aldarrikapena sina dezaten mezu katea sortzea. Ilogikoa da, guk ez baititugu sinadura berriak jasoko eta sinadurak ez baitira denak bata bestearen atzean metatuko. Hobe dugu e-postaz zure webgunearen helbidea ematea eta jendeak sinatzeko formularioa bertan ezartzea. Edozein modutan, mezuak bidaltzea eskatu ez digutenei bidaliz gero spam-tzat har dezakete, nahiz eta zerrendatik kentzeko bidea eman. Internauten haserrea piztu ohi da horrelako mezuak sarri errepikatzen direnean.
Ohiko tresna bi horiez gain, badira beste baliabide batzuk, azken aldion erabiltzen ari direnak. Flash animazioak webgune baten hasierako orrialdean ez dira egokiak, baina irudimentsuak eta ironikoak badira, azkar zabalduko dira saretik. Sonatua izan da aurten Avertefue kanta, marea beltza dela eta espainiar gobernuaren kontra ateratako Asereje-ren bertsio ironikoa. Gerraren kontrako animazioak, Flash jokoak edo Power Point aurkezpenak izugarri hedatu dira e-postaz.