“Gerezien denbora” kantuaz eta bere esanguraz

By | 2015/02/06

Industrializazioa, langile-borrokaren hastapenak, lehenengo grebak eta errepresioa ageri dira Gerezien denbora pastoralean. Larunbatean Barakaldon izango dugun pastorala bertara ekartzea oso ideia aproposa izan da, industria eta bera posible egin zuten langileak gogoratu behar baitira. Borroka, errepresio, sufrimendu eta lorpenen historia hori ezkutatua eta behar baino ahantziagoa izan dugu, historia ofiziala botereak idazten baitu, han eta hemen. Izenburua ere aproposa da, Le temps des cerises kantua baitakar gogora. Parisko Komunan omen du sorburua kantuak, baina zer dakigu kantu honi buruz?

Le Cri du peuple

Jacques Tardiren irudia, Le Cri du peuple komiki-libururako

1871ko urtarrilean prusiarrak Parisen sartu ziren, lau hilabeteko setioaren ostean. Berehala alde egin zuten prusiarrek, baina bitartean, Frantziako Asanblada Nazionala Versallesen ezarri zen. Parisko botere-hutsunea profitatuta, 60 egun iraun zuen gobernu independiente, aurrerakoia eta herritarra ezarri zuten ezkerreko indarrek. Versalleseko gobernuak Parisko Komuna zapaldu zuen aste odoltsuan, eta ondorengo errepresio bortitzak martiri esanguratsu batzuk utzi zituen iraultzaileen historiak oroitzeko.  Artean komunisten eta anarkisten arteko zatiketa egin gabea zen (hurrengo urtean gertatu zen, Hagako kongresuan) eta, beraz, Parisko Komuna herritarren gobernu iraultzaile eta aurrerakoi baten saio eredugarritzat aldarrikatzen dute, batzuek zein besteek.

Pixkat atzerago joan behar dugu denboran Gerezien denbora kantuaren jatorria aurkitzeko. Jean-Baptiste Clément kantugile iraultzaileak 1866an idatzi zituen eta Antoine Renard-ek musika ezarri zion 1868an. Hiru urte geroago Parisko Komuna eta, bereziki, hura deuseztu zuen aste odoltsuaren errepresio garaiari lotuta geratu zen betiko, Clémentek aste odoltsu hartan, barrikadetan frantziar gobernuaren soldaduei aurre egiten hildako Louise izeneko erizain bati dedikatu baitzion kantua. Heroi bihurtutako erizain hura Louise Michelekin nahastu zuten askok, anarkistentzat sinbolismoz kargatutako izena baita berau (Lucio Urtubia nafar anarkistak izen bereko gunea sortu zuen 1997an Parisen), baina Michel berak, bere memoria liburu batean iradoki zuen bera ez zela Clément-ek omendutako Louise bera. Horrela zioen letrak:

Quand nous chanterons le temps des cerises (Quand nous en serons au temps des cerises)
Et gai rossignol et merle moqueur
Seront tous en fête
Les belles auront la folie en tête
Et les amoureux du soleil au cœur
Quand nous chanterons le temps des cerises
Sifflera bien mieux le merle moqueur

Etorkizun zoriontsu bati buruz dihardu letrak, pentsatzen dut iraultzaileen garaipen eta lorpenen ostean helduko den etorkizun bati buruz ari dela. Gereziak ugari etorri ohi dira, baldin eta behar baino lehenago loratu ez badira, orduan seguruenik haizeak eta euriak hondatuko baitituzte lore horiek eta fruitua ez da helduko. Tira, hori da nik gereziei, metafora moduan aurkitzen diedan esanahia. Gurera etorrita, liburu baten izena ere badira Gerezi denbora eta Gerezi gorrien garaia. Gurean ere badira gereziondoak, baina euskaldunagoa dirudi sagarrak, antza, eta batzuek Sagarren denboran bilatu dute analogia polita. Gainera, gereziak eta sagarrak lortzea ez dago soilik elementuen menpe, gizakiek behar bezala inausi eta zaindu egiten badute askoz fruitu gehiago emango baitute. Bai, badakit hau esana dudala lehenago ere.

Kantuari dagokionez, Yves Montandek egin zuen ezagutu dugun bertsiorik ezagunena. Bertan, akordeoi paristarra eta piano apala entzungo ditugu, kantaera leun eta lasaia, eta disko zahar baten doinu ezaugarria. Beste bertsio batzuk izan dira: Jean Lumiere, Marc Robin, Nana Mouskouri… Nik doinu hau Motivés diskoko bertsioaren bidez ezagutu nuen, oso moldaketa interesgarria duena: country musika, slide gitarrak eta akordeoi Montmartretarrak tex-mex bihurtuta. Tolosako (Frantzia) Zebda taldeak, hainbat artistaren kolaborazioekin, mundu osoko borroka kantu ezagun batzuk bildu zituen Motivés CD horretan, Hasta siempre Comandante, El paso del Ebro, Bella Ciao eta L’Estaca, besteak beste.

Kantua -letra zein doinua- euskarara ekarri du batek baino gehiagok. Ikusiko dugunez, euskaratu dutenek ez dute itzuli jatorrizko testua, bertsio libre xamarrak baitira. Esaterako, Itxaro Bordak pastoralerako eginiko bertsioa hemen entzun dezakegu, pastoraleko kideak abesten:

Maiatz beteko lanbro artean /harrotu dira gerezitzeak / arropa zuritan / bazter orotan esperantzaren / lili ederrak ireki dira./ Maiatz beteko lanbro artean / harrotu dira gerezitzeak. // Xoxoa kantuz aditzen dugu / gerezitzeen malde beroan / maitasuna galdez,/ gerezi perlak gorritzen dira / dabilan odol ttantta bezala./ Xoxoa kantuz aditzen dugu / gerezitzeen malda beroan. // Maiteko dut nik amodiozko / oldarra eta gerezitzeen / denbora betiko,/ xoxoen kantak ene zauriak / ez ditut nehoiz ezabatuko./ Maiteko dut nik amodiozko / oldarra eta gerezitzea.

Unai Otegi musikariak LKN-CGT sindikatuak egindako bideo dokumental baterako prestatutako bertsioa ere aurki dezakegu beste bideo honetan. Hemen letrak:

Gerezien garaia abesterakoan
urretxindorrak eta zozo beltzak
ospatuko dute
Neska lirainak pozez zoratzen
ta maitaleen bihotzak lehertzen
Gerezien garaia abesterakoan
zozo beltzaren kantu alaia

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude