Al Jazeera Libian, liluraren amaiera?

By | 2011/04/16

Aldaketa itzela ekarri du Al Jazeerak panorama informatiboan. Molde mendebaldarrekin eta diruz ondo hornituta, telebista dinamikoa, kritikoa, zorrotza, itxura profesional eta aseptikokoa ekarri du azken 15 urteotan, herrialde arabiarretan telebista eredu berria eta bakana izanik. Duela lau urte ingelesezko katea abian jarri zuenetik iraultza mundura zabaldu du, ikuspuntu alternatiboa ematen duen telebista konbentzional honek. Azken hilabeteotan erabakigarria izan da Tunisian eta Egipton izan diren matxinaden arrakastarako… Baina Libiaren kasuan, mendebaldeko komunikabideekin lerrokatuta, alde bateko informazioak bakarrik ematen ari da. Qatarrek interesa eta esku-hartze militar zuzena duen gatazka honetan neutraltzat hartzen jarraitu behar ote dugu?

Dudarik gabe Al Jazeera telebista kateak azken urteotako arnas berria ekarri du nazioarteko komunikabideen eremuan. Hain beharrezkoa den kontrasterako aukera bakanetakoa ematen du Qatarreko kateak, mendebaldearen etnozentrismoa apurtuz. Bere helburua omen da “iparretik hegoaldera doan informazio jarioaren norabideari buelta ematea”, garapen bidean dauden herrialdeetako albisteak nabarmenduz. Bere leloak “beldurrik gabeko kazetaritza” dio. Eta, arrisku handiak hartuz, bere kazetariek inperioaren egiez bestelako errealitatea erakutsi digute: Irakeko inbasioa, Palestinaren aurkako erasoak… Ikuspegi ezberdinarekin jorratuz, inbadituen eta erasotuen alderdian jarriz.

Hedabide alternatiboa dela esan daiteke, beraz, baina nazioarteko kate handi batek duen hedapen, profesionaltasun, azpiegitura eta diruarekin. Qatarreko petrodolarrak dira Al Jazeera sustengatzen dutenak, bai, erabateko monarkia sistema politikotzat duen estatu txiki bateko jekeek gobernatzen dute mundu arabiarrean indar demokratikoak sustatzen omen dabilen katea.

Detaile hori alde batera utzita, egia da askok ikusten dugula Al Jazeera ingelesez, programazio intersgarria du eta orain Interneten ere ikus daiteke zuzeneko seinalea. Beste askok ikusi nahi baina ezin dute AEBetan, bertako kable operatzaile gehienek euren aukeran sartu nahi ez dutelako. Horregatik kateak berak kanpainia sustatu du, jendea Twitter eta Facebook bidez mobilizatuz, AEBetan seinalea zabal dadin eskatzeko. Lilura hori gurean ere zabaldu da, batzuek Al Jazeera euskaraz eskatzera heldu dira, erdi txantxetan, baina inbidiaz, gurean horrelako bat edukitzearekin amestuz. Fermin Muguruzak bertan herrialde arabiarretako musikaren inguruko saio sorta egin du (hilaren 26an hasiko da Al Jazeera English-en).

Eta bitartean, gero eta nabarmentasun gehiago ari da hartzen, Tunisiako eta Egiptoko gertaerak direla eta batez ere. Aljerian ere, bertan izan da gobernuaren aurkako istiluetan, Sirian eta Yemenen egunotan manifestazioak ari da jarraitzen eta demokraziaren aldeko indarrak sustengatzen. Bahreinen, hala ere, aldaketa nabaritu dute batzuek Al Jazeeraren jokabidean, jekeen gobernu sunia nagusiki Xiiak diren herritarrak zapaltzeko saudiak eta emiratiak kontratatu eta gero. Lehen oso kritikoa zen eta oso harreman txarrak zituen bertako gobernuarekin, baina bat-batean Bahreineko istiluak pantailatik desagertu dira, goitik lerro editoriala agertu omen da, Qatarreko agintariei ez baizaie Xiiak babestea eta arabiar penintsulako lagunak kaltetzea interesatzen.

Eta Libiakoa heldu da, eta gauzak aldatu dira. Esan izan da Al Jazeera independientea dela munduko panorama informatiboan, baina baliteke independentzia hori ameskeria izatea, basamortuko ispillatzea bezala, Qatarren interes ekonomiko zuzenak tartean sartzen direlarik. Horrek -interes ekonomikoak- eragin du lerro editorial nabaria, mendebalde osoarekin lerrokatze argia kasu honetan. Geopolitikan kasualitate gutxi, eta eszeptikoak garenez, kausalitate asko ikusten ari naiz. Golkoko herrialdeek lehiakide dute Libia petroleoaren ekoizpen eta salmentan, eta Gadafi ezin du ikusi ere egin Qatarreko emirrak.

Ez da egundo egon AEBen edo Europaren esku-hartzeetan inoiz zinezko interes humanitariorik, beti nahastu dira ekonomikoekin eta Libia interesgarri egiten duena bere eguneroko 1,5 milioi petroleo upelak dira. Afrikako erreserbarik handienak dira. Hortaz, zauritutako balearekin bezala, marrazo mordoa dabil Gadafiren inguruan bueltaka. Lagun humanitario horiek Kontaktu taldea izenekoa osatu dute, non eta Qatarren. Orain Obamak, Sarkozyk eta Cameronek aitortu dute helburua Gadafi egoztea dela, hori argi izan dute qatartarrek hasieratik, NATOrekin batera interbentzio taldean sartu dira gerra hegazkinekin. Interbentzioa antolatu eta justifikatu nahi dutenek giza eskubideak eta demokrazia jartzen dituzte zurigarri gisa, Benghazikoek mesedez amerikarren interbentziorik ez dutela nahi dioten arren, eurak bakarrik omen direlako gai Gadafi botatzeko, Qatartarren armak erabiliz.

NBEren ebazpenek parte bietako edozeini armak saltzeko debekua ezartzen du, baina inolako lotsarik gabe ari dira Qatariak Gadafiren kontrakoei armak pasatzen. Qatarrek argi du laguntza interesatu hori zeren truke nahi duen eman, eta lortu du: Libiako Kontseilu Nazionalaren izenean (nortzuk dira herritar antolatuak?) salduko du berak matxinoen eskuetan dagoen petroleoa, eurekin adostu duenez.

Airean hegazkinak, lehorrean armak eta uhinetan telebista. Bakarrik matxinoen berri ematen duen Al Jazeerarekin nahikoa ez eta Qatarrek telebista katea prestatu die matxinoei, eure mezua zabal dezaten. Akaso, Googlerekin sortu den bezala, Al Jazeera watch moduko bat sortu beharko litzateke, kate honek ekarri diguna eta estimatzen dugun hori zaindu ahal izateko.

One thought on “Al Jazeera Libian, liluraren amaiera?

  1. Josu

    Orain arte oso ondo portatu da Aljazeera matxinada guztiekin, baita ere golfoko estatuetan daudenekin. Egia da ez dagoela demokraziarik bertan, erabateko monarkia hereditarioa baino, eta gainera oraingo emirrak bere aita kendu zuen estatu kolpea emanda. Ez dakit zer pentsatu.

    Baina egia da ere Gadafi zoratuta dagoela eta kendu behar dutela, baina Aljazeeraren neutraltasuna kasu honetan argi dago ez dagoela, bidaltzen ari delako dirua, armak, hegazkinak… pakete horretan doaz kazetariak ere agian.

    Reply

Utzi erantzuna Josu(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude