Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2004 » Urtarrila

Urtarrila, 2004 hilabeteko artxiboa

Sortu zure weblog pertsonala

Azkenaldi honetako boom-a dira weblog edo bitakorak

Weblog edo bitakorak funtsean webguneak dira, baina bertan egileak, sarri, informazio berriak gehitzen ditu. Idatzitako testuak dataren arabera ordenatuta ageri dira, berrienak goikaldean. Itsasuntzi baten bitakora kaieraren edo eguneroko pertsonal baten antzera, egun bakoitzean gertatutakoak isla ditzake weblog batek edo guk nahi dugun maiztasunez, azken finean, egilea baita kontrol osoa daukana.

Definizio horretatik abiatuta, era guztietako weblog-ak daude sarean. Weblog batzuk kolektiboak dira, normalki gai baten ingurukoak izaten dira eta jende multzo jakin batek idazten du bertan, gai horren inguruan asko dakitenak edo interes berezia dutenak. Beste bitakora batzuk pertsonalak dira: pertsona bakar batek idazten du bertan eta berak nahi duen gaiari buruz, nahi duen hizkuntza erabiliz eta nahi duen beste luzatuz.

Gaiaren arabera sailkatuz gero, badira futbola, zientzia, surf-a, argazkilaritza, zinea, literatura, bideojokoak eta beste hainbat gairi buruzko weblogak. Burura etor dakizukeen edozein gairen gaineko bitakoraren bat izango da, seguru. Euskaraz ere badira bitakora kolektiboak, Sustatu kasu, edo pertsonalak, Taxi Galduak bezala.
Badira bitakoren direktorioak, bitacoras.com edo bitacoras.net kasu, baita bitakoretan edukiak aurkitzeko bilatzaileak ere.

Nork bere zaletasunak, iritziak edo paranoiak islatzeko erabili ohi du bere bitakora. Diseinuan edo argazkilari moduan ona zarela uste baduzu eta zure trebetasuna jendeak mirestea nahi baduzu, ez dago bide hoberik gai horri buruzko weblog-a sortzea baino. Hortaz, badira gai bakar baten inguruko weblog pertsonal asko ere. Esaterako, argazkizale honek bere kamara digitala erabiliz eginiko argazkiak erakusten ditu weblog baten bidez. Testuak barik argazkiak biltzen dituzten bitakorei photolog esaten zaie eta telefono mugikorrekin hartutako argazkien argazkiak biltzen dituztenei moblog izena jarri diete.

Weblogger esan ohi zaie bitakorak egiten dituztenei eta euren artean harreman handia izaten dute. Antzeko zaletasunak islatzen dituztelako edo lagunak direlako, batak bestearen weblog-an irakurri duenari buruzko aipamenak egin ohi dituzte.

Egungo bitakoren beste ezaugarri bat irakurleek idatzitakoari buruzko iritzia emateko aukera da. Bitakora batean agertutakoari buruzko iruzkinak idatz ditzakegu, informazioa gehitzeko edo gustatu zaigun adierazteko.

Kazetaritzan eragina
Weblogger askok seriotasunez hartu dute gai baten inguruan idaztearen ardura, oso bitakora ospetsuak dituzte eta euren informazio zein iritziak arretaz irakurtzen dituzte internautek. Kazetaritza zuzena egiteko modua bilakatu dira bitakorak, hedabiderik gabekoa, Irak-eko gerratik informazioa idatzi duten weblogger batzuk ospetsu bilakatu dira. Editorea kazetari-internauta bera da eta enpresa (egunkari edo argitaletxea) ez da jada ezinbestekoa informazioak zabaltzeko. Etorkizunean kazetaritza era berri honek izango duen eragina eta bilakaera aztertzen ari dira adituak (congreso de periodistas digitales).

Beste ezaugarri bat badute weblog-ek ohiko webguneen ondoan: eguneraketa erraza eta automatikoa dute, horregatik webgune dinamikoak direla esan ohi da. Ohiko webguneetako orrialdeak HTML orrialdeak dira eta estatikoak dira, geuk diseinatu behar ditugu banaka gure ordenagailuan eta gero sarera igo.

Editatzeko errazagoak
Ohiko webguneak egiteko, orrialdeak maketatu behar ditugu banaka (HTML diseinua esaten zaio). Horretarako programa bat beharko dugu, Dreamweaver, FrontPage edo GoLive kasu. Web diseinuaz aparte, jakintza teknikoa ere eskatzen digu webguneak “eskuz” egiteak eta oso nekagarria da orrialde asko gehitu behar ditugunean.

Horregatik sortu dira webgune dinamikoen kudeaketarako sistemak. Sistema horiek aurrez ezarritako diseinu baten gainean eraikitzen dira berez, guk soilik informazioak idatzi behar ditugu eta sistema automatizatu horrek jarriko ditu testuaren titularrak hasierako orrialdearen goikaldean, eta orrialde bat sortuko du albiste edo iruzkin horren testu osoa izango duena.

Iruzkina gehitu Urtarrilak 26, 2004

Hegaldi merkeak edonora

Denbora gutxian bidaien panorama aldatu da Interneti esker, hegaldi merkeetako konpainien hazkundea ahalbidetu baitu sareak. Europan arlo honetan indartsuenak diren bi enpresak Euskal Herrian ditugu, Ryanair Miarritzen eta Easyjet Loiun, baina dagoeneko Volareweb eta Hapag-Lloyd Express gehitu zaizkie 2003an, Bilboko aireportua hegaldi merkeen abiapuntu garrantzitsua bihurtuz.

Gurera heldu berriak diren arren, low cost enpresak duela 30 urte agertu ziren. Hala ere, azken zortzi urteotako kontua da euren arrakasta, sareari ezinbestez lotuta baitaude. Horrez gain, beste ezaugarri batzuk dituzte hegaldi merkeetako enpresa hauek. Hasteko, bulego fisikorik ez dute eta langile kopurua ere oso urria da. Lehengo konpainiek txartelak jendeari saltzeko bitartekariak behar zituzten. Internet heldu denez gero, ez dago bitartekari horien beharrik. Enpresek zuzenean sal ditzakete bidaia txartelak, agentziaren komisioa aurreratuz. Sarearen bidezko salmenta prozesua ere automatizatua da eta txartelik ere ez dute ematen. Bidaiariak bere pasaportea aurkeztu beste izapiderik ez du bete behar. Hegaldi barruan ere gastuak murriztu dituzte, bazkaririk eta afaririk ez dute ematen eta, zerbait jan nahi izanez gero, bidaiariak ordaindu behar du. Enpresa hauek hiri handietako aireportu nagusiak ez dituzte erabiltzen normalean, bertako slot-ak edo ordutegi jakin bat erabiltzeko baimenak askoz garestiagoak baitira. Horren ordez, bigarren mailako aireportuak aukeratzen dituzte edo hiri handi horietatik pixkat urrun daudenak.

Virgin disketxea hasi zen horrelako bidaiak eskaintzen, bere hegazkin konpainia sortu zuenean. Baina sarearen hedapenarekin batera agertu zen Stelios izeneko greziar enpresari gazteak lortu du arrakastarik handiena, bere Easy inperioak ziberkafeak, autoen alogerak eta hotelak hartzen ditu, gastuak murriztearen filosofia berak gidatuta. AEBetako Southwest Airlines-en eredua hobetu zuen Steliosek eta jada Europa barruko hegaldien merkatuaren jabeetako bat dugu, Ryanair-ekin batera. Arrakasta hori ikusita, enpresa handi batzuek euren low cost adarra sortu zuten. Esaterako, British Airways-ek Go sortu zuen, gerora Easyjet-ek irentsi zuena. Era berean, Buzz enpresa KLM handiaren altzotik abiatu zen eta Ryanair-ek eskuratu du orain.

Euskal Herritik abiatuta
Ryanair irlandarrak apalditxotik dauka Miarritzetik Londreseko Stansted aireportura doan linea bakarra gurean, orotara Europako 13 herrialde lotzen dituzten 84 linea dituen arren. Bere publizitatean dioenez, kontinenteko hegaldirik merkeenak eskaintzen ditu, Londonerako joan-etorria 3 euro kostatzen baita, tasak eta segurtasun kostuak gehituta 45 euro kostatuko zaigu, denetara, joan-etorria.

Loiuko aireportutik, berriz, eskaintza biderkatu da amaitu berri den urtean. Go enpresak zeukan Bilbo-Stansted linea mantendu zuen Easyjet-ek, Go erosi ostean, baina 2003an linea berri bi zabaldu ditu, Bristolera eta London Gatwick-era hurrenez hurren. Egunotan, gainera, salneurri bereziki merkeak dituzte Ingalaterrarako hegaldiek eta, data egokia aukeratuz gero, 32 eurotan lor dezakegu joan-etorria.

Baina ez da Londres hemendik ateratzen diren hegaldi merkeen norako bakarra: Stuttgart, Kolonia/Bonn eta Hannover dira Hapag-Lloyd Express (HLX) enpresa alemaniarrak Bilbotik abiatzen diren hegaldi merkeen helburuak. Astean hainbat aldiz egiten dute joan-etorria eta, bataz beste, ehun euro kostatzen da bidaia.

Italiara bidaiatzeko ere hegazkinerako diru falta ez da aitzakia Volareweb Loiura heldu denetik. Milanorako egunero bi hegaldi jarrita abiatu ziren 2003 erdialdean eta dagoeneko Erromara ere egiten dute joan-etorria, ia egunero, ehun euro baino gutxiagoen truke.

Dena dela, hemen aipatzen ditugun salneurriak lor ditzakegun merkeenak dira, daten eta hegaldien arabera aldatzen baitira tarifak. Onena egun ezberdinak saiatzea izango da, egun jakin batzuetan bidaiatzea ezinbestekoa ez bazaigu, eta konbinaketa ezberdinek ematen dituzten emaitzak ikustea, merkeena aukeratzeko. Guk aukeratutako egunetako batean hegaldirik ez badago edo hegaldia garestiegia bada, nabigatzailean atzera egin dezakegu beste bat aukeratzeko.

Enpresa hauen webguneetan nabigatzeko hizkuntza asko aukera daitezkeen arren, batek ere ez dauka euskara horien artean. Ryanair-en katalana ere aukera daiteke, enpresa horren hegaldi asko Kataluniatik abiatzen baitira. Hala ere, frantsesez zein gaztelaniaz daude Easyjet, Ryanair Volareweb eta HLX enpresen webguneak.

Handien erantzuna
Ohiko enpresak, alegia, lehenagotik dauden enpresa handiagoak ere ohartu dira negozioa galtzen ari direla eta kontraerasora jo dute, antzeko eskaintza interesgarriak egiten. Urtearen lehenengo asteotan lehia gogortu da Espainian, Spanair-ek sarearen bidez erositako estatu barruko hegaldiak bederatzi eurotan eskaini zituen eta, lau egun geroago, Iberiak bereak zortzi eurotan eskaini zituen, enpresa horren inoizko txartelik merkeenak. Argi dago lehiak erabiltzaileei egiten diela mesede, bestela enpresek ez bailukete horrelako ahaleginik egingo. Berehala enpresa bien webguneak butxatu eragin zituen bisitari mordoaren oldeak. Lufthansa eta British ere hasi dira egunotan 2×1 gisako eskaintzak egiten.

Aste honetan bertan jakin dugunez, Air Madrid izeneko enpresa berria sortu dute Espainian, hegaldi merkeen negozio eredua kontinenteen arteko hegaldietara zabaltzeko. Txartelak Interneten bakarri salduko dituzte eta gastuak murriztuko dituzte, Europa barruan mugitzen direnak bezalaxe, baina bidaiak ertamerikara eta Karibera eskainiko dituztela iragarri dute.

Ryanair
www.ryanair.ie
Easyjet
www.easyjet.com
Volareweb
www.volareweb.com
HLX
www.hlx.com

LABURRAK

Microsoft hizpide
Datac enpresaren aurkako polizia operazioaren ostean, Microsoft enpresak web orrialde bat ezarri du enpresa horri Windows programa erosi ziotenek kopia pirata eskuratu zuten ala ez egiaztatu dezaten. Bertan, benetako Microsoft-en CDen ezaugarriak deskribatzen dituzte, erabiltzaileek eurek erositakoekin aldera ditzaten. Bestalde, aste honetan bertan jakin dugu Microsoft-ek Windows XP sistema eragilea euskaratuko duela eta itzulpenaren kostua bere gain hartuko duela. Bill Gatesen enpresak erabaki hori hartu du Eusko Jaurlaritzak software librearen aldeko apostua egiten zuela jakin ostean, alegia, berriro ez ziola ordainduko Microsoft-i bere sistemaren itzulpena egiteagatik.

Microsoft eta Datac
tinyurl.com/yweho

Nontzeflash lehiaketa
Nontzeberri aldizkari digitalak Flash animazioen lehiaketa deitu du, Nontzeflash izenburupean. Flash animazioek 2004 urtean eginak izan behar dute eta apirilaren 15era arteko epea dago lanok entregatzeko. FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdiarekin elkarlanean antolatu duten lehiaketa hau gurean Flash animazioen inguruan antolatutako lehenengoa da. Katalunian duela urte batzuk sortutako OFFF lehiaketan inspiratuta dago Nontzeflash baina momentuz soilik SWF animazioak onartuko ditu. Edozein hizkuntzatan egin daitezke animazioak baina ez da onartuko 2,5 MB baino handiagoa den artxiborik. Lehiaketaren arauak, izena emateko modua eta beste jakingarri guztiak nontzeflash.com helbidean aurkituko ditugu.

Nontzeflash
www.nontzeflash.com
OFF
www.offf.org

Iruzkina gehitu Urtarrilak 25, 2004

Software librea administrazioan

Ekonomia eta segurtasuna dira software librearen dohainik ezagunenak. Horiez gain, tokian tokiko hizkuntzetara moldagarria da eta horregatik mundu osoko administrazio publikoak ari dira software librera pasatzen. Gurean ere, erakunde publiko eta alderdi politiko gehienak bat datoz software librea bultzatu behar dela esatean, baina irizpide horiek gauzatzeko prozesuan oztopo asko gainditu behar dira.

Hasteko eta badaezpada ere, software librea zer den azalduko dugu, gainetik bada ere. Edozein programa informatiko agindu multzoa da, ordenagailuari zer informazio nola prozesatu behar duen azaltzen diona. Agindu multzo horri iturburu-kodea esaten zaio. Programa prestatu duenak iturburu-kodea erregistratu eta berau babesteko neurriak hartzen baditu, inork berak prestatutako kodea profitatuz programa horren antzekorik egin ez dezan, jabedun kodeaz ari gara hizketan. Azken urteotan software enpresa gehienek jabedun kodea garatu eta babestu dute.

Aitzitik, kode irekiaz ari gara programatzaileak berau erregistratu barik besteentzat eskuragarri uzten duenean, lagunek kode hori hobe dezaten eta programak garapen handiagoa izan dezan. Noski, egileak bere eskubideei uko egiten die eta horren kontura aberasteko aukerari ere bai.

Kode librea software librearen oinarria da, baina software libre esaten zaio hobekuntzak beti filosofia berarekin jarraituko duten bermea ematen duen lankidetza ereduari. Eredu honi esker, programak hobetu baizik ez dira egingo, ekarpenak beti hoberako izango direla bermatzen baitu eredu honen mekanismoak.

Software librea garatzen edo hobetzen dutenak ez dira erabiltzaile arruntak izaten. Alde batetik, software librea sortu eta garatu duten enpresak daude, edo eurek lagundutako fundazioak. Mozillaren garapena abian jarri zuen Netscape edo OpenOffice.org garatzen duen Sun enpresa kasu. Unibertsitateak edo ikerketa zentroak ere badira, BSD sistema eragileak garatu dituztenak kasu. Azkenik, bolondres talde koordinatuak daude, programatzailez osatuak eta dirulaguntzarik gabe jarduten dutenak. Filosofia horren propagandistarik sutsuenak dira talde hauek eta arloka egiten dute lan, talde bakoitza eremu batean berezituz.

Filosofia honek oraintsu arte indarrean zegoena irauli egin du, programa gero eta hobeak garatuz eta jabedun softwareari aurrea hartzeko gai direla frogatuz. Erabiltzaile arruntak, eskaintza librea ezagutu ahala, konturatzen ari dira alternatiba ona dela eta arrakasta honek euren jabedun softwarea saltzen duten enpresak jarri ditu kinkan. Batez ere orain arte izugarri aberastu diren multinazionalak dira software librearen arrakastak kaltetuko dituenak eta denen artetik bat nabarmentzen da: Microsoft inperioa.

Bill Gates-en enpresa bere nagusitasuna profitatzen ari da oraindik, prozesu luzea izango baita erabiltzaile gehienak software librera pasatzea. Hasteko, milioika erabiltzailek jakin ere ez dakite alternatiba librerik dagoenik, Windows sistema kargatzea, testuak Word-en idaztea, sarean Explorer-ekin nabigatzea eta posta elektronikoa Outlook-en jasotzea munduko gauzarik naturalenak dira eurentzat. Besterik badela jakinda ere, zaila izaten da errotutako ohiturak aldatzea, orain arte egiten genuena egiteko programa berriak ezagutzeko lanak hartzea eta horrek Microsoft-en alde egiten du. Gainera, nagusitasuna eta berarekiko dependentzia teknologikoa bermatze aldera maniobrak egiten ari da Gates-en enpresa, edozer egiteko haren produktuetako bat erabil dezagun.

Baina software librearen aldeko argudioak gero eta sendoagoak dira eta horietariko bat segurtasuna da. Kooperazio lan molde batean garatua, gardentasun bermea du software libreak, begi gehiagok akatsak hobeto nabarmentzen dituztelako. Horrek erabiltzailearen pribatutasuna zainduko duen bermea ere badakar, ez baitugu itsu-itsuan enpresa baten esana sinetsi beharrik. Gainera, segurtasun arloan Windowsek eta Microsoften beste programek dituzten akatsek erabiltzaile asko gogaitzen ari dira azken urteotan, denbora, dirua, datuak eta pribatutasuna galtzen baita birusen erasoen ondorioz. Horrelako arazoak oso gutxitan agertzen dira Linux edo BSD sistema eragile libreak dituztenen ordenagailuetan.

Ekonomia da beste argudio inportantea, bataz beste, Windows sistema eta Office sorta ordainduta dituen ordenagailu bakoitzeko 300 bat euro kostatzen dira programa horiek. Hirugarren munduko herrialde asko ari dira Linux eta OpenOffice.org bultzatzen, dependentzia teknologiko eta ekonomikoa amaitzeko helburuarekin. Hala, Namibiako eskoletan edo Indiako ordenagailu gune komunitarioetan aurki dezakegu software librea. Vietnamen inon baino software pirata gehiago dago, Windows sistemaren kopia piratak egiten baitira. Baina pirateria ez dirudi irtenbide ona denik, eguneraketak eta laguntza teknikoa lortzeko gaitzak dira, segurtasun arazoak mantentzen dira eta dependentzia ere bai. Txinako gobernuaren helburua da apurka-apurka windows bertako ordenagailuetatik desagertaraztea. Horretarako, Linux sistemaren banaketa bat garatu dute Red Flag izenekoa. Gainera, Windowsen alternatiba izango den Asianux ari dira garatzen japoniarrekin batera.

Euskararentzat aproposa
Software librearen beste ezaugarri bat dugu hizkuntza ezberdinetarako moldagarritasuna. Honek berebiziko garrantzia du hizkuntza gutxituentzat, oso merkea baita Linux sistemaren edo gehien erabilitako programen euskarazko bertsioak sortzea. Windows euskaratzeko Microsoft-i bere sistema itzul zezan sekulako dirutza ordaindu behar izan zion Eusko Jaurlaritzak, erabiltzaileek berdin erosi behar izan zuten euskarazkoa eta gainera laster zaharkituta geratu zen itzulpena.

Extremadurako administrazioak munduan ospea irabazi du bere Linex sistema bultzatzeagatik. Linux-en banaketa berezi hau milaka CDtan banatu dute doan herritarren artean eta askok instalatu dute euren makinetan. Funtsean, nabigatzeko, postarako, idazteko eta beste hainbat gauza egiteko programak ditu, baina idazmahaiak, karpetek eta elementu grafikoek Extremaduraren irudiak erakusten dituzte. Hala ere, gure etxeetan bezala, ezinezkoa da gure udaletxe, aldundi eta bestelako instituzioetan aldaketa egun batetik bestera egitea.

Asmoak behintzat norabide horretan doaz. Izan ere, software librearen aldeko aldarrikapenak onartu dira Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean, baita hainbat aldundi, unibertsitate eta udaletan ere. Politikarientzat erakargarria da aldarrikapena eta jada PSOEk agindu du datozen hauteskundeak irabaziz gero administrazioan software librea ezarriko duela. Baina uste onen deklarazioak gora-behera, eguneroko jardunean erabakiok praktikara eramatea zaila izango da.

Eusko Jaurlaritzaren webgunean euskarazko softwarea eskura daiteke. Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Mandrake Linux 8.2 banaketa eta OpenOffice.org euskaraz.

LABURRAK

Hizkuntza gutxituen alde
Erandion Interneten hizkuntza gutxituak sustatuko dituen fundazioa sortu dela iragarri du Cybereuskadi albistegi digitalak. Bizkaiko enpresari eta profesional talde batek Club Unesco Metalingua Fundazioa sortu dute, informazioaren gizartean hizkuntza aniztasuna defendatzeko. Enpresa batean izango du egoitza fundazio berriak eta, besteak beste, Paul Ortega Unesco Etxeko kidea ageri da bultzagileen artean. Bitxia bada ere, sareari buruzko fundazio honen gaineko informazio gehiagorik ez dago momentuz sarean.

Katalunian GoogleCat
Iragan astean aipatu genuen google.com euskaraz erabiltzen genuenak erdarazko google.es domeinura desbideratzen gaituela orain bilatzaileak. Bada, Katalunian beste modu bat asmatu dute google.es horretatik igaro beharrik ez izateko. GoogleCat sortu dute bilatzaile famatuaren ispilua da baina hizkuntza eta itxura ezberdina duena, .es domeinutik igaro beharrik gabe, erabat katalanez dago eta senyera erakusten du GoogleCat-ek. Gainontzean, googleren itxura du eta bilaketen emaitzak ere harenak dira. Haren sortzaile izengabeak adierazi duenez, ¨”Googlek katalana nazioarteko hizkuntza moduan ezagutu barik, Google Espaņa-ren barnean kokatu izanak” bultzatu du webgune hau ezartzera.

www.googlecat.com

Iruzkin 1 Urtarrilak 18, 2004

2003ko aipagarrienak

Bitakoren garapena eta kazetaritza molde berrien sorrera, lagunak egiteko sare sozialak, gero eta botere handiagoa duen Google geldiezina, Spam-aren hazkundea, sarearen bidezko mobilizazioak, Egunkaria, Prestige, birusak… Horiek dira, besteak beste, 2003. urtean sarean izan diren kontu aipagarrienak.

Bitakorek, lehenago sortutako fenomenoa izanik, sekulako hazkundea izan dute 2003an eta aurten ere biderkatuko direla gauza segurua da. Era guztietako bitakora, weblog edo blog-ak daude: pertsonalak eta kolektiboak, tematikoak eta orokorrak, estetikari edo mezuari garrantzia ematen diotenak, fotolog-ak, moblog-ak eta eredu hibridoak. Kazetaritza molde bezala, berria eta partehartzailea izanik, sekulako arrakasta izan du eta horren erakusle dugu Koreako ohmynews.com, neurri handi batean %80 irakurleek eurek osatutako albistegia. Internauta kopuru handia duen herrialde horretan hainbesteko garrantzia hartu du ezen apurtu du ordurarte eskuineko egunkariek zuten oligopolioa eta Roh Moo Hyun presidente bihur dadin ezinbesteko laguntza eman du. Interneteko albistegi bat herrialdeko komunikabide nagusia bihurtu da, oraindik hemen pentsaezina dena baina agian sarearen garapenak urte batzuk barru ekarriko duena. Gurean ere frogatuta dago sustatu.com albistegiaren eredu partehartzaileak internautak erakartzen dituela eta erreferentzia bihurtu da beste komunikabideentzat ere.

Izan ere, kazetaritza tradizionalak eta bitakorek topo egin dute aurten, gai batzuk jorratzeko eredu aproposa izanik, weblog-en kontra egin barik eredua bereganatzea erabaki baitute ohiko komunikabide batzuek. Argentinako Clarin egunkariak kasu, weblogs.clarin.com helbidean bidea eman baitie internautei erreportari izateko. Maila pertsonalean, bitakorak bide berria zabaldu dute kazetari independienteentzat, euren lana ezagutarazteko eta kazetaritza ikasleentzat, jarduera horretan lehenengo urratsak emateko.

Sare sozial telematikoek ere izan dute iaz arrakasta handia Interneten. Lagunak egiteko, lana aurkitzeko eta, gehienbat, bikotekidea aurkitzeko sortu dira Friendster bezalako zerbitzuak, harreman horiek errazteko. Bat-bateko mezularitza zerbitzua, chat berriketa eta web bidezko informazioa biltzen dute zerbitzu hauek. Friendster iazko martxoan abiatu zen eta hilabete gutxiren buruan milioi bat erabiltzaile zituen jada. Hala ere, arrakastak kaltetu duela esan daiteke, zerbitzariek erabat gainezka egin baitute trafikoaren igoera jasan ezinik.

Friendster-en arrakastaren ondorioz, antzeko ezaugarriak dituzten zerbitzuak sortu dira, tribe.net edo everyonesconnected.com britainiarra kasu. Honek 2003ko beste joera arrakastatsu bat gehitu dio, erabiltzaile bakoitzak bere gustoak eta iritziak islatzeko bitakora bat zabal baitezake modu errazean. Negozio eredu honi open source edo software librearen filosofia aplikatuta sortu da foaf-project.org helbidean Friend Of A Friend komunitate librea.

Google bera albiste iturri izan dugu, soilik hari buruzko albisteak biltzen dituen google.dirson.com weblogak frogatzen duenez. Interbrand ikerketa enpresak eginiko inkesta baten arabera, urteko markarik onena Google izan da, Coca-Colari aurrea hartuta. Izan ere, bilatzaileak jarraitu du hazten 2003an, zerbitzu berriak gehitzen eta boterea metatzen. Sareko bilaketetan errege izanik, trafiko globalaren zatirik handiena berak bideratzen du, sareak berez inori ematen ez dion zentralitatea erdietsiz. Horregatik, normala da bera manipulatzeko saioak egotea, hori lortuz gero sekulako boterea baitago jokoan. Ezin neurtu daitekeen boterea da milioika lagunen trafikoa bideratzeko ahalmen hori, ekonomikoa eta politikoa.

Googlek badaki internauta bakoitzak zer bilatzen duen, zer webgune bisitatzen duen, jendeak sarrien bilatzen dituen kontzeptuen estatistikak egiten ditu. Demagun AEBetako gobernuak, CIAk edo beste batek datu horiek eskuratzen eta prozesatzen dituela guztion eta bakoitzaren ibilbideak zelatatzeko, estatuaren segurtasunerako gai arriskutsuen bila dabiltzanak fitxatu ditzakete. Egunen batean, korporazio edo gobernuren batek Google erosi edo menperatuko balu ikaragarrizko boterea eskuratuko luke eta hori da, besteak beste, google-watch.org webgunean agerian utzi nahi dutena.

Birusek kolpeak ematen jarraitu dute, aurreko urteotan bezala. Gero eta bihurriagoak dira eta orain posta elektronikoa ezezik, bat-bateko mezularitza zerbitzuak eta P2P aplikazioak ere erabiltzen dituzte hedatzeko. Baina spam-a edo eskatu gabeko posta bidalketa masiboa ere izan da, tamalez, 2003ko protagonista. Spam-a delitutzat jotzen duten lege berriak gora-behera, haren presentziak gora egin du. Forbes aldizkariak spam-aren top ten sailkapena egin du sarrien errepikatzen diren mezuen izenburuekin. Viagra nagusi da eta Online pharmacy, Get out of debt, Low mortgage rates, Work from home/be your own boss, Hot XXX action edo As seen on Oprah datoz ondoren. Internauta gehienok jaso ditugu inoiz horrelako izenburuak dakartzaten mezu molestagarriak, e-posta helbidea Hotmail zerbitzuan daukatenek batez ere. Sareko trafikoaren zati handi bat hartzen du jada spam-ak eta ez da ikusten epe ertainean horren konponbide miragarririk.

Ohiko komunikabideetan Saddam Hussein izan da urteko pertsonarik ospetsuena, baina Interneten webgune gehiagoren inspirazioa dugu George W. Bush. Parodiak, kritika zorrotzak, irainak… Ez dago guztiz zenbatuta, baina badirudi sareko pertsonarik gorrotatuena den Bill Gates-ek berak baino kontrako webgune gehiago dituela AEBetako presidenteak.

Honekin lotuta, Irakeko gerrak ere izan du oihartzunik sarean. Berari buruz informatzeko sortu diren weblogak eta gerraren aurkako webguneak aipa daitezke. Inoiz munduan egin den lehenengo mobilizazio globala, otsailaren 15ekoa, deitzeko eta koordinatzeko tresna nagusia sarea bera izan da. Mobilizazioaren arrakasta gora-behera, Irak erasotua izan zen, baina aurtengo martxoaren 20rako beste mobilizazio bat deitu dute sarearen bidez, inbasioaren hasieraren urteurrenean. Gurean, eskala txikiagoan bada ere, Prestige petroliuntziaren ezbeharrak eragindako benetako kalteak ezagutarazteko bide alternatiboa izan da sarea, baita mobilizazioak deitzeko ere. Egunkariaren itxierak ere euskal internauten erantzuna ekarri du, aurrera.net ekimena abian jarriz eta mobilizazioen berri emanez. Itxieraren berri eta Egunkariaren berri Espainian eta munduan emateko baliatu dute sarea euskal internautek.

LABURRAK

Guantanamokoak gogoan
AEBetako gobernuak Guantanamon dituen presoak epaiketarik gabe eta inolako eskubiderik gabe daude preso. Horren inguruko informazioa biltzen dute Britainia Handiko ekintzaile batzuek euren webgunean. Horrez gain, iragan astelehenerako deitu zuten protesta ekintza, jendeak leku bat 24 orduz giltzapean utziz preso horien egoera agerian utz zezan.

www.interwebnet.org

Google.com euskaraz
Iazko irailean google.es domeinua abian jarri zuen Google bilatzaileak eta horrek eragina izan du Hegoaldeko internauton bilaketetan. Aspaldion google.com-en euskarazko interfazea erabiltzen genuen internautok bat-batean, google.es domeinura desbideratzen hasi zen bilatzailea, nonbait espainolak garela ulertzen baitu eta webgune berrira garamatza. Bertan gaztelaniazko interfazea ageri da eta nahi izanez gero, euskarazkoa aukera dezakegu google.es domeinupean. Euskal webguneen estatistiketan islatzen denez, orain bilaketa gehienak google.es domeinutik datozkie, aldaketa horren eraginez. Hala ere, google.com-era bueltatu nahi duenak zera egin behar du: Google.com in English klikatu eta ondoren hobespenak aldatu, preferences aukeratuta. Ondoren, interfazearen hizkuntzatzat euskara aukeratu eta preferentziak gorde beharko ditugu. Edozein modutan, nabigatzailearen hobespenetan euskara lehenetsitako hizkuntza moduan jartzea komeni da. Bestela, hizkuntza hobespen horiek kontutan hartzen dituzten webguneek, euskarazko bertsioa eduki arren, ez digute hori erakutsiko.

www.google.com

Iruzkina gehitu Urtarrilak 11, 2004

Niri buruz

a picture of me

Jabi Zabala dut izena. Niri buruzko azalpenak orrialde honetan aurkituko dituzu.

3 iruzkin Urtarrilak 11, 2004

Urte barri, txarri belarri

Oporraldi labur honetako eguraldi eskasak lagunduta, sarean osteratxo batzuk egin ditut etxeko epelean. Lehenengo, Mexikora joan naiz, igandean azaldu nuenez, zapatisten 10. urteurrenari sarearena ere deritzot eta, ziberaktibismoaren ikuspuntutik bederen. EZLNren webgune ofizialean ikusi dut, lehengoan aipatu nuen 20 y 10 kanpainiaren loturaz gain, Radio Insurgenteren mp3 artxibo batzuk daudela eskuragarri. Bertan, Marcos bera dugu esatari eta DJ, BB King eta bestelakoak jartzen eta Garzon epaileari buruz hizketan, besteak beste.

Sustatun mugimendu gutxi, normala denez. Hala ere, Martitzera joandako zundaren argazkiak daudela irakurri dut. Argazki ikusgarriak, inondik inora. Baina alde txarra ere badu paisaia horrek: bertara joateko gogoa pizten du eta, momentuz, aukerarik ez. Ez dago Bilbotik 38 euroren truke eramango gaituen Easyjet-ik oraingoz.

Urte berrirako asmoen artean arabieraren ikasbidean sakontzea jarri diot nire buruari (oraindik nahiko berde bainago) eta, hara non aurkitu dudan arabierazko liburuak eta ikasteko metodoak saltzen dituen liburudenda telematiko bat. Bartzelonan dago Baibar liburudenda-kafetegia eta itxura ona dauka. Nire helburu gorena Mariem Hassan saharauiaren kantak ulertzea da, edo Souad Massi algeriarrarenak. Azken hau martxoaren 26an Miarritzen izango ei da eta Mariem, bera partaide den Mujeres Saharauis taldearekin Bilboko Kafe Antzokian izango da otsailaren 28an, Saharaui Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) 28. urteurrenaren ospakizunetan.

Bilbo Hiria Irratia piztuko dut. Nire herritik ez zen orain arte entzuten, baina Interneten emititzen hasi denez gero, bost axola uhinak. Bit-ak urrunago heltzen dira.

Iruzkin 1 Urtarrilak 5, 2004

Zapatistek eta sareak 10 urte

Hamar urte igaro dira Lacandona oihanetik indigenen altxamendu ezezagun baten berria iritsi zitzaigunetik. 1994ko urtarrilaren 1ean askok estrainekoz Chiapas eta Internet hitzak estrainekoz entzun zituzten, orduz gero sarri elkarrekin aipatuak izan diren hitz bi. Orduraino soilik eremu akademikoan zabalduta zegoen Internet sarea gizarteratzeko bere lehen urratsak ematen ari zen eta EZLNren altxamendua sareko lehendabiziko komunikazio fenomenoa bihurtu zen.

Ez zen kasualitatea izan zapatistak Neoliberalismoak, NAFTA ituna indarrean jarriz, Mexikori haginkada egiten zion egunean bertan matxinatzea. Izan ere, bere ekintzen komunikazio arloa, pedagogia eta propaganda ondo lotu dute zapatistek efektu kolpe bakoitza eman ordurako. Horregatik batzuek, zapatistak gutxietsi nahirik, gerrilla mediatikoa izatea leporatu badiete ere, ondo dakite tiroka hasi balira zer gertatuko zen. Milaka lagun oihanean sarraskituta hiltzeak, inork jakingo ez balu, ez lukeela zentzurik. Munduaren arreta erakarri nahi zuten eta lortu dute, Chiapasen eta Mexikon, funtsean, gaur egun indigenen egoera lehengo bera bada ere.

Blokeen amaieraren ostean krisian zegoen ezkerraren borrokari elementu berriak ekarri dizkio mugimendu honek: kultura indigenen defentsa eta hizkuntza eta komunitate gutxituen garrantzia. Kultura aniztasunaren defentsa kontrajarri diote globalizazioak dakarren kultura uniformetasunari. Kultura indigenei bizkarra emanda bizi zen ezkerreko lagun askori begiak zabaldu dizkiote zapatistek. Neoliberalismoaren izaeraz eta haren ondorioez ohartarazi dute eta egun hain bizirik dagoen globalizazioaren aurkako mugimendua pizteko txinparta izan dira. Pizgarri funtzio horri esker, egun mundu osoan globalizazioaren aurka mobilizazioak egiten dira. Mugimendu horietan erreferentzia argia da Chiapas eta haren inguruan garatutako eta eztabaidatutako kontzeptuak.

Altxamenduaren hamar urteok eta EZLNren 20. urteurrena ospatzeko Rebeldia aldizkariak prestatu duen webguneak argi erakusten du sareak eskaintzen dituen aukerak profitatzen dituztela zapatistek eta euren aldekoek. Webgune honetan, 20 y 10 kanpainiari buruzko informazioa ezezik, afitxak eta irratietan erakusteko iragarkiak eskura daitezke, Marcos komandanteordeak idatzitako ipuinak, artelanak…

Baina ez da EZLNren eskutik jarritako baliabideak borroka horretan garrantzirik handiena izan duena. Izan ere, ezln.org webguneak ez dauka aparteko diseinu modernorik eta informazioaren aurkezpenak akatsak ditu erabilgarritasunari dagokionez. Sarearen antolaketa azkar ulertu zuten zapatistek eta garrantzia eman zioten elkartasun sare telematiko zabal bat osatzeari. Horretan, tresna bezala, posta elektronikoak izan du garrantzirik handiena, ondoren berri taldeek eta webguneek. Azken hauek, sarearen emendatzarekin batera, garrantzia hartu dute, baina baliabideak ez dira hemen inportanteena, sarea ulertzea baizik.

Rebeldia aldizkariak anekdota bat jaso du, elkartasun sareen deszentralizazioa eta bat-batekotasuna erakusten duena. Reclaim The Streets mugimenduak 1998ko ekainaren 18rako mundu mailako protesta jardunaldi baten deialdia e-postaz zabaltzen hasi zenean, sare horretako ekintzaile batek, Kate izena jarriko diogu, deialdiaren inguruko jakingarriak e-postaz bidali zizkion New Yorkeko talde anarkista bati. Hauek Chicagora berbidali zuten eta handik AEBetako hainbat hiritara zabaldu zen. Azkenik, proposamena Chiapaseko zapatista batzuenganaino heldu zen. Hauek Britainia Handiko lagun bati bidali zioten proposamena, testu hau gehituta: “Ikusi duzu proposamen hau? Ba dakizu zerbait ekintza horren inguruan? Aipatu lagun hori Kate zen, ordu batzuk lehenago proposamena New Yorkera bidali zuen neska bera. Mezuak munduari buelta eman zion, Interneten izaera ez zentralizatua eta biderkatzailea profitatuz.

Jada 1997an, gaiaren ikerketa sakon xamarrean Harry Cleaver-ek azpimarratu zuen EZLNk ez zuela zuzenean kanpainia telematikorik abian jarri. Aitzitik, beste batzuek zapatisten mezua aurretik zeuden zirkuitu batzuetan sartu zuten. NAFTAren inguruan, indigenen edo Hego Amerikaren inguruko informazioa trukatzeko sortuak zeuden berri taldeak eta posta zerrendak ziren. Cyberspace and the End of Foreign Policy?:Social Mobilization and the “Zapatista Effect” artikuluan, Cleaver-ek dioenez, “Mitoa da Marcosek oihanean ordenagailu eramangarri baten bidez EZLNren agiriak sarera igortzen zituela”. Agian egun horrela izango da, baina hasieran askoz baliabide eskasagoak zituen Marcosek horretarako. Inportanteena atzerrian zeuden lagun internautak eta jada osatuta zeuden elkartasun sareak izan ziren, AEBetan eta Europan batez ere. Gerora sortu ziren gaiari buruzko eztabaida taldeak sarean, fzln-l zerrenda kasu, batzuk Mexikon (UAM unibertsitatean) eta besteak munduko herrialde aberatsetan.

Geroztik, sareak berebiziko garrantzia izan du EZLNk deitu dituen ekimenak koordinatzeko, 1996an oihanean antolatutako topaketak edo 2001ean Mexiko DFra eginiko ibilaldia kasu. Mundu mailan bere borrokaren norabideaz galdetzeko sarearen bidez eginiko erreferendumean milioi bat lagunek eman zuten botoa eta zapatistek telematikoki esku hartu ahal izan dute mundu osoan hainbat gairen inguruan eginiko mobilizazioetan.

www.ezln.org
www.revistarebeldia.org
www.enlacecivil.org.mx

LABURRAK

Apostasia telematikoa
Fede katolikoari uko egiteari esaten zaio apostasia. Apostatak, umetan bataiatua izan zenez, nolabait eliza katolikotik bere izena kentzeko eskatuz idazkia zuzentzen dio bere gotzaiari. Bada, idazki hori Interneten egiteko laguntza ematen dio apostatari sortu den euskarazko webgune batek. Nork bere izen-abizenak, helbidea eta parrokiako datuak sartuta, neurrira eginiko gutuna sortuko digute, inprimatu eta gotzaiari bidaltzeko. Eliza katolikoak honelako eskaerei ez die jaramonik egiten, beraz, praktikan oso zaila da benetan eskaerak erantzunik izatea, baina aldarrikapen kanpainia moduan planteatzen dute webgunea sortu dutenek.

apostasia.webgune.net

Katalan-gaztelania itzultzailea
Gaztelania-katalan itzultzaile automatikoa ezarri du Interneten Alacanteko unibertsitateak, edonork doan edozein testu itzultzeko moduan. Oso tresna erabilgarria da, norabide bietan testu hutsak itzultzeaz gain, ANSI, RTF edo HTML testuak itzultzeko gai baita. Ez da hau sarean dagoen gaztelania-katalan itzultzaile automatiko bakarra, baina bai azkarrena (segunduko 1.000 hitzeko abiadurarekin) eta libreena. Webguneen URLak emanda, euren itxura grafikoa aldatu gabe itzultzen ditu eta chat berriketak itzultzeko sistema bat dauka.

www.internostrum.com

Irratiak entzungai
Gero eta irrati emisio gehiago entzun daitezke sarearen bidez. Duela egun batzuk hasi zen Bilbo Hiria Irratia bere seinalea Interneten bidez igortzen, baina urrunagoko irratiak ere gurean entzun ditzakegu. Esaterako, Kubako irrati ezagun bi hasi dira sarean emititzen, Radio Rebelde eta Radio Reloj mitikoak. Txinako irratiak ere, makina bat hizkuntzatan igortzen ditu bere programak.

www.bilbohiria.com
www.radiorebelde.com.cu
www.radioreloj.cu
cri.com.cn

Iruzkina gehitu Urtarrilak 4, 2004


sarean.com

Calendar

Urtarrila 2004
A A A O O L I
« Abe   Ots »
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak