2003ko aipagarrienak

By | 2004/01/11

Bitakoren garapena eta kazetaritza molde berrien sorrera, lagunak egiteko sare sozialak, gero eta botere handiagoa duen Google geldiezina, Spam-aren hazkundea, sarearen bidezko mobilizazioak, Egunkaria, Prestige, birusak… Horiek dira, besteak beste, 2003. urtean sarean izan diren kontu aipagarrienak.

Bitakorek, lehenago sortutako fenomenoa izanik, sekulako hazkundea izan dute 2003an eta aurten ere biderkatuko direla gauza segurua da. Era guztietako bitakora, weblog edo blog-ak daude: pertsonalak eta kolektiboak, tematikoak eta orokorrak, estetikari edo mezuari garrantzia ematen diotenak, fotolog-ak, moblog-ak eta eredu hibridoak. Kazetaritza molde bezala, berria eta partehartzailea izanik, sekulako arrakasta izan du eta horren erakusle dugu Koreako ohmynews.com, neurri handi batean %80 irakurleek eurek osatutako albistegia. Internauta kopuru handia duen herrialde horretan hainbesteko garrantzia hartu du ezen apurtu du ordurarte eskuineko egunkariek zuten oligopolioa eta Roh Moo Hyun presidente bihur dadin ezinbesteko laguntza eman du. Interneteko albistegi bat herrialdeko komunikabide nagusia bihurtu da, oraindik hemen pentsaezina dena baina agian sarearen garapenak urte batzuk barru ekarriko duena. Gurean ere frogatuta dago sustatu.com albistegiaren eredu partehartzaileak internautak erakartzen dituela eta erreferentzia bihurtu da beste komunikabideentzat ere.

Izan ere, kazetaritza tradizionalak eta bitakorek topo egin dute aurten, gai batzuk jorratzeko eredu aproposa izanik, weblog-en kontra egin barik eredua bereganatzea erabaki baitute ohiko komunikabide batzuek. Argentinako Clarin egunkariak kasu, weblogs.clarin.com helbidean bidea eman baitie internautei erreportari izateko. Maila pertsonalean, bitakorak bide berria zabaldu dute kazetari independienteentzat, euren lana ezagutarazteko eta kazetaritza ikasleentzat, jarduera horretan lehenengo urratsak emateko.

Sare sozial telematikoek ere izan dute iaz arrakasta handia Interneten. Lagunak egiteko, lana aurkitzeko eta, gehienbat, bikotekidea aurkitzeko sortu dira Friendster bezalako zerbitzuak, harreman horiek errazteko. Bat-bateko mezularitza zerbitzua, chat berriketa eta web bidezko informazioa biltzen dute zerbitzu hauek. Friendster iazko martxoan abiatu zen eta hilabete gutxiren buruan milioi bat erabiltzaile zituen jada. Hala ere, arrakastak kaltetu duela esan daiteke, zerbitzariek erabat gainezka egin baitute trafikoaren igoera jasan ezinik.

Friendster-en arrakastaren ondorioz, antzeko ezaugarriak dituzten zerbitzuak sortu dira, tribe.net edo everyonesconnected.com britainiarra kasu. Honek 2003ko beste joera arrakastatsu bat gehitu dio, erabiltzaile bakoitzak bere gustoak eta iritziak islatzeko bitakora bat zabal baitezake modu errazean. Negozio eredu honi open source edo software librearen filosofia aplikatuta sortu da foaf-project.org helbidean Friend Of A Friend komunitate librea.

Google bera albiste iturri izan dugu, soilik hari buruzko albisteak biltzen dituen google.dirson.com weblogak frogatzen duenez. Interbrand ikerketa enpresak eginiko inkesta baten arabera, urteko markarik onena Google izan da, Coca-Colari aurrea hartuta. Izan ere, bilatzaileak jarraitu du hazten 2003an, zerbitzu berriak gehitzen eta boterea metatzen. Sareko bilaketetan errege izanik, trafiko globalaren zatirik handiena berak bideratzen du, sareak berez inori ematen ez dion zentralitatea erdietsiz. Horregatik, normala da bera manipulatzeko saioak egotea, hori lortuz gero sekulako boterea baitago jokoan. Ezin neurtu daitekeen boterea da milioika lagunen trafikoa bideratzeko ahalmen hori, ekonomikoa eta politikoa.

Googlek badaki internauta bakoitzak zer bilatzen duen, zer webgune bisitatzen duen, jendeak sarrien bilatzen dituen kontzeptuen estatistikak egiten ditu. Demagun AEBetako gobernuak, CIAk edo beste batek datu horiek eskuratzen eta prozesatzen dituela guztion eta bakoitzaren ibilbideak zelatatzeko, estatuaren segurtasunerako gai arriskutsuen bila dabiltzanak fitxatu ditzakete. Egunen batean, korporazio edo gobernuren batek Google erosi edo menperatuko balu ikaragarrizko boterea eskuratuko luke eta hori da, besteak beste, google-watch.org webgunean agerian utzi nahi dutena.

Birusek kolpeak ematen jarraitu dute, aurreko urteotan bezala. Gero eta bihurriagoak dira eta orain posta elektronikoa ezezik, bat-bateko mezularitza zerbitzuak eta P2P aplikazioak ere erabiltzen dituzte hedatzeko. Baina spam-a edo eskatu gabeko posta bidalketa masiboa ere izan da, tamalez, 2003ko protagonista. Spam-a delitutzat jotzen duten lege berriak gora-behera, haren presentziak gora egin du. Forbes aldizkariak spam-aren top ten sailkapena egin du sarrien errepikatzen diren mezuen izenburuekin. Viagra nagusi da eta Online pharmacy, Get out of debt, Low mortgage rates, Work from home/be your own boss, Hot XXX action edo As seen on Oprah datoz ondoren. Internauta gehienok jaso ditugu inoiz horrelako izenburuak dakartzaten mezu molestagarriak, e-posta helbidea Hotmail zerbitzuan daukatenek batez ere. Sareko trafikoaren zati handi bat hartzen du jada spam-ak eta ez da ikusten epe ertainean horren konponbide miragarririk.

Ohiko komunikabideetan Saddam Hussein izan da urteko pertsonarik ospetsuena, baina Interneten webgune gehiagoren inspirazioa dugu George W. Bush. Parodiak, kritika zorrotzak, irainak… Ez dago guztiz zenbatuta, baina badirudi sareko pertsonarik gorrotatuena den Bill Gates-ek berak baino kontrako webgune gehiago dituela AEBetako presidenteak.

Honekin lotuta, Irakeko gerrak ere izan du oihartzunik sarean. Berari buruz informatzeko sortu diren weblogak eta gerraren aurkako webguneak aipa daitezke. Inoiz munduan egin den lehenengo mobilizazio globala, otsailaren 15ekoa, deitzeko eta koordinatzeko tresna nagusia sarea bera izan da. Mobilizazioaren arrakasta gora-behera, Irak erasotua izan zen, baina aurtengo martxoaren 20rako beste mobilizazio bat deitu dute sarearen bidez, inbasioaren hasieraren urteurrenean. Gurean, eskala txikiagoan bada ere, Prestige petroliuntziaren ezbeharrak eragindako benetako kalteak ezagutarazteko bide alternatiboa izan da sarea, baita mobilizazioak deitzeko ere. Egunkariaren itxierak ere euskal internauten erantzuna ekarri du, aurrera.net ekimena abian jarriz eta mobilizazioen berri emanez. Itxieraren berri eta Egunkariaren berri Espainian eta munduan emateko baliatu dute sarea euskal internautek.

LABURRAK

Guantanamokoak gogoan
AEBetako gobernuak Guantanamon dituen presoak epaiketarik gabe eta inolako eskubiderik gabe daude preso. Horren inguruko informazioa biltzen dute Britainia Handiko ekintzaile batzuek euren webgunean. Horrez gain, iragan astelehenerako deitu zuten protesta ekintza, jendeak leku bat 24 orduz giltzapean utziz preso horien egoera agerian utz zezan.

www.interwebnet.org

Google.com euskaraz
Iazko irailean google.es domeinua abian jarri zuen Google bilatzaileak eta horrek eragina izan du Hegoaldeko internauton bilaketetan. Aspaldion google.com-en euskarazko interfazea erabiltzen genuen internautok bat-batean, google.es domeinura desbideratzen hasi zen bilatzailea, nonbait espainolak garela ulertzen baitu eta webgune berrira garamatza. Bertan gaztelaniazko interfazea ageri da eta nahi izanez gero, euskarazkoa aukera dezakegu google.es domeinupean. Euskal webguneen estatistiketan islatzen denez, orain bilaketa gehienak google.es domeinutik datozkie, aldaketa horren eraginez. Hala ere, google.com-era bueltatu nahi duenak zera egin behar du: Google.com in English klikatu eta ondoren hobespenak aldatu, preferences aukeratuta. Ondoren, interfazearen hizkuntzatzat euskara aukeratu eta preferentziak gorde beharko ditugu. Edozein modutan, nabigatzailearen hobespenetan euskara lehenetsitako hizkuntza moduan jartzea komeni da. Bestela, hizkuntza hobespen horiek kontutan hartzen dituzten webguneek, euskarazko bertsioa eduki arren, ez digute hori erakutsiko.

www.google.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.