Blogak 2.0 jardunalditik

By | 2006/04/08

Julenuri's PhotoDuela urte batzuk Interneti buruzko topaketa batean lau euskaldun izango ginen -izan ohi ginen- 1.0 aroan. Ostegunean, berriz, euskaldun talde esanguratsua zegoen Deustuko Unibertsitatean, Blogak 2.0 jardunaldian. Euskaldunak 2.0 gara? Ez nintzateke horrelakorik esatera ausartuko. Hala ere, euskaldun mordoa ikusi nuen atzoko topaketan, babestuta sentitu nintzen, gazteak eta ez hain gazteak ordenagailuekin batzuk, PDArekin besteak… Homologatzen ari ote gara teknologia berrien arloan? Beharko dugu, bihar-etzi munduan nazio moduan agertzea asmo badugu, gure hizkuntza bizirik egonik (Argazkia Julenena da) .

Amaitutakoan, backchannell edo chat berriketan esaldi hau irakurri nion bati, Bartzelonako gazte haiek al estilo First Tuesday aurkeztu zutela euren eyeos ekimena, web bidezko idazmahai itxuraz polita eta interesgarria. Bilbon Foro Bilbao izaten ziren puntucom garaiko bilera haiek, baina, zibernegozioen gainbeherarekin ahanzturaren putzuan geratu dira. Une batez gogoratu dut, hala ere, nola kezkatzen gintuen 1.0 aroan foro hartako e-posta banaketa zerrendako kudeatzailearen pribatizazio ahalegin ilunak (gaurko ikuspegitik ikusita, nahiko barregarria). Jose Del Moral ere bazegoen orduan antolakuntzan eta baten batek alukeria egin nahi izan zion, urrearen txin-txina usaintzen zielako topaketa haiei. Azkenean urrerik ez… foro hura desegin zen joint venture abentura gehienak bezala. Baina haria galtzen ari naiz.

Sapientia melior auro dio, ordea, Deustuko auditorioko leloak. Baina pelotazo 2.0 berri baten esperoan, batzuk babesle, partner edo erosle bila dabiltza (Bartzelonako eyeos-eko gazteak helduagoa zen bertoko batek lagunduta, babestuta etorri ziren, hala ere). Haren eskaintza interesgarria zenn arren kutsu bera somatu nion txapak banatzen ibili zen Linkjako ordezkariari, baina ez diot garrantzirik ematen erosia nahi izate horri, bakoitzak bere bidea aurkitu nahi du eta ideia berriak dituzten gazte batzuek pelotazoa dute gogoan, normala denez.

Loic Le Meur-en mintzaldia interesgarria izan zen bere hitz egiteko eragatik eta eman zituen Frantziako adibide batzuk ezagutzen ez nituenak. Baina, ohartu gabe seguruenik, frantximanta guay arketipikoaren topikoak bota baizik ez zuen egin: oso pozik zegoela Espainian eta oso gustokoa duela espainiako sukaldaritza, harat-honat dabilela munduko hiritarra sentitzen zela eta zerbait esan zuen bere herrialdeko gazte grebalari eta protestalariak gutxietsiz. Aurreko biek ez ninduten harritu, hirugarrena onartezina iruditu zitzaidan.

Aipatzekoa da Alianzoren eta, bereziki, Jose Antonio del Moralen lana eta ahalegina. Garai batean Berrinetek ez zeukan jarrera ona euskaldunekiko eta egun, berriz, euskalduntzen dabil gogotsu. Bilakaera ikusi diot bere jardunari, positiboa inondik inora, eta sentsibilitate aldaketa hori sareko euskaldunekiko harremanetatik datorkiola pentsatzen dut. Euskaraz majo ahalegindu irratia.com-en zen egin genion elkarrizketan. Chapeau!

Gutxitan gertatzen den fenomenoa ikusi nuen topaketan: euskal eta erdal blogosferen arteko topaketa. Irakurrita ezagunak genituen batzuk bertatik bertara ezagutu genituen eta eurek gure berri izan zuten. Batzuk ez nituen ikusi eta ezagutzeko aukera galdu nuen, beraz. MiniD famatua, Unai Goikoetxeta eta Newton misteriotsua kasu (gerora aurpegia ikusi diodan arren). Aspaldi ikusi gabeak ere han ziren: Luistxo Fernandez, Josu Azpillaga, Iban Aranzabal, Joseba Etxebarria, Premine, Dirson… Geroko iruzkinen bidez izan dut batzuen eta besteen berri.

Beste aurkezpenen inguruan ez naiz gehiegi luzatuko. Alvaro Andoin eta Julen Iturbe ondo. Googlekoa ondo, Yahookoa ez hainbeste (gainera, Googlekoak utzi zion makina, aurrekaririk gabeko lankidetza adibidea emanez).

Kazetaritza 2.0 atalera heldu ginen 14:50ean, berez 15:00etan hasi behar zenean. Horretan antolakuntzak huts egin zuen, aurrekoen denboretan zurruna ez izateagatik. Audientzia osoa goseak hilik zegoen ordurako eta askok alde egin zuten atal hori hasi orduko.

Lontzo Sainzek jendeak ETBko eguraldiaABILDUAeitb.com helbidera bidaltzen dituen argazkiei atarramendua ateratzeko galeria batzuk aurkeztu zituen, web 1.0ko kontu bat, besterik gabe. El Correokoak Canal Si aurkeztu zuen, blogak baztertuta bakarrik ohiko hedabideen bertsio digitaletatik eta Vocentoko blog mugatu horietatik edaten duen agregatzailea. Bigarrenak 2.0 aroko teknologia baten (jarioak) moldapena egiten duen arren, uste dut ez dutela beste inongo 2.0 ezaugarririk, ez batak ez besteak. Enpin, tristea da oraindik hedabide tradizionalek zentraltasun eta norabide bakarreko bertikaltasun klabean ulertzen duten sarea, nolako beldurra dioten sarea-nodoak-horizontaltasun-eskuhartze eskemari. Euren paperezko-uhinezko-diruzko babesari esker duten itzala blogekiko (esaterako) lehia librean galtzeari.

Eta ahalegin uzkur horien ostean benetako 2.0 kazetaritzaren txanda heldu zen. Lau sosekin baina mila ideiarekin egindakoarena. Gorka Juliok eta Patxi Gaztelumendik hitza hartu zuten orduan, euskaraz noski. Ordura arte goseari eutsitako beste batzuk altxatu ziren eta baten batek harrituta deskubritu (edo gogoratu) egingo zuen beste hizkuntzaren bat dagoela Espainiako bazter hauetan (Loic-ek ez, alde eginda zegoeneko). Protesta uzkur bakanen bat izan zen, gaztelaniazko eta ingelesezko mintzaldietan egon ez zena, eta. Ordurako lantokirako bidean behar nuen arren, pixkat geratzea erabaki nuen, ea zer zioten, eta ingeleserazko aldi bereko itzulpen azkar eta pobrea inprobisatu nuen backchannell-ean, Ibanen ordenagailuarekin (bidenabar, Loic-ek ingelesez hitz egin zuenean ez zen itzulpenik izan).

Arrapaladan eta ia denborarik gabe ibilbidea egin zuten Gorkak eta Patxik bloginfluence, Teketen, blogari.net, Sustatu, Hala Bedi, Bilbo Hiria… Eguneko euskarazko berbaldi bakarra rifirraferik zaratatsuena bilakatu zen, Patxik eitb24ri blogosferatik eta euskal saretik kanpo bizitzea leporatu zionean (lotura falta, azken finean). Lontzok mikroa hartu zuen orduan zer eta zabaldu.com-en berri orduantxe izan zuela onartzeko. Badirudi euskal sareko kontuak eitb24n ager daitezen faxa armairutik atera eta hautsa kendu beharko diogula. Tira, egondako rifirafeaz beste testu batean jardungo dut, hainbat kontu azaltzeko paradigmatikoa iruditu zitzaidalako, baina aretoan goseari, nekeari eta diglosiari tinko eusten zioten erdaldun bakanek pentsatuko zuten: “Pero estos no estaban de tregua?”

Baten bat mahainguru honetan euskaraz egiteak eta honetaz ez mintzatzeak atsekabetu zuen. Bigarrenarekin ados erabat. Baina internauta bera Gorka eta Patxi blogariak besterik ez izateak atsekabetu zuen… Eta zer? Hori da 2.0 sarea, ezta? Blogak dira 2.0 sare honen zentroa eta elementu nagusia (eta topaketaren goiburua). Bertako gehienok blogariak ginen. Enpresa handi baten ezdakitzer zerbitzu itxi eta jabedun eta komertzial hutsaren aurkezpena nahiago duenak okerreko lekura jo zuen, nire aburuz.

One thought on “Blogak 2.0 jardunalditik

  1. Pingback: sarean.com » eitb24 Vs. 2.0 sarea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude