Wirehog eta The Facebook

By | 2004/12/02

Berehalako mezularitzari P2P sareen aukerak gehitu dizkie Wirehog programak. Berriki jarri dute abian “kableetako urdea”, baina Stanforden eta Harvarden bakarrik. Izan ere, bere erabilera AEBetako unibertsitateetara mugatzeko asmoa dute sortzaileek, kopia eskubieak direla eta, legearekin arazorik ez izateko. Horregatik unibertsitateko ikasleentzako soilik den sare sozial bati lotuta sortu dute Wirehog, izugarrizko arrakasta izaten ari den The Facebook sareari.

Sare horrek The Facebook du izena eta Friendster edo Orkut gisako sare sozial itxia da, Friend of a friend (FOAF) gisakoa edo gonbidapen bidezko sare mugatua. Agertu eta berehala sekulako oihartzuna izan du The Facebook sareak, seguruenik bere berezitasunagatik. Izan ere, gizarteko sektore dinamiko eta zehatz batentzat egina dago propio: unibertsitateetako ikasleentzat. Ardura, grina eta interes zehatzak dituzte ikasleek eta The Facebook sareak horiek asetzeko egina dirudi.

Hain arrakastatsua izaten ari da The Facebook ezen New York Times egunkariak sare horrek ikasle askoren artean sortu duen dependentziaz eta, haren ondorioz etorri diren emaitza akademiko kaxkarraz ohartarazi du: “Duela 10 hilabete abiatu zen sarea, Harvard-eko bost ikaslerekin, eta dagoeneko AEBetako 300 ikastegitako ikasleentzat komunikatzeko eta denbora galtzeko erarik ohikoena bilakatu da The Facebook”, nabarmentzen zuen Peter Applebomek aste honetako erreportaia batean.

Harremanetarako sarea da The Facebook eta, hain zuzen, bere izena Internet aurreko garaietan horretarako erabiltzen zen oinarrizko tresna batetik hartua du, “aurpegien liburua” izaten baitzen ikasle iritsi berriak lehenengo egunean jasotzen zuen ongi etorri oparia. Liburu horretan bere ikaskide guztien aurpegiak ageri ziren, irribartsu eta lirain, high school-eko graduazio egunean ateratako erretratuetan. The Facebook honetan ere aurpegiak ikusiko ditugu, baina akaso ez dira garai batekoak bezain txukunak izango, parrandan edo bestondo aurpegi eskasarekin ageri baitira ikasle gehienak euren fitxetako argazkietan.

Bertan izena emateko, bere unibertsitateko e-posta helbidea eman beharra dago, bakarrik unibertsitateko ikasleak onartzen baitira. Ondoren, nork bere ikastegiko beste kideen profilak ikusteko aukera du eta haien lagunak zeintzuk diren ere ikus dezakegu (haien kasuan izena eta argazkia soilik ikus daiteke. Helburu nagusia jendeari ikastegian lagunak egiten, bere joera eta planteamenduak dituen jendea aurkitzen laguntzea da sare honen helburua. Horretarako tresna erabilgarriak daude The Facebook-en. Esaterako, zaletasun baten inguruko taldeak sor ditzakete kideek, edo jarrera estetiko edo politiko baten ingurukoak. Erabiltzaile batek bila dezake besteen profiletan, bere gustoko rock taldea nork aitatzen duen ikusteko.

Talde cool eta murritzak ere sortzen dira, estatusa duten lagun aukeratuak dituztenak estimatuak baitira, AEBetan popular izateak daukan garrantzia ez baita ahaztu behar. Horregatik, lagun gutxiegi duena bezala, lagun gehiegitxo duenaren estimua jaisten da besteen artean. Honetan ere darwinismoa eta soziologiaren legeak aplikatzen dira bete-betean.

Eta zerbitzu honen aukerak emendatzera etorri da Wirehog. Oraingoz horientzat soilik dago eskuragarri, baina programaren azalpenetan ez diote soilik horientzako izango denik. Hala ere, egileek argi utzi nahi dute Wirehog ez dela truke programa bat eta gure makinan ditugun argazkiak, filmak eta bestelakoak soilik lagunen esku jartzeko aukera dugula. Geuk erabakiko dugu lagun bakoitzari zer erakutsi eta zer ez dugun inoren esku utziko.

Berehalako mezularitza zerbitzuen arteko lehian, baliabide berriak gehitu nahi dizkiete horretan dabiltzan enpresa nagusiek. Hala, MSN Messenger, Yahoo eta AOL ari dira etengabe euren zerbitzuen ahalmena zabaltzen. Baina komunitate txiki batek sorturiko programa txikiek dute honetan abantaila. Enpresa handi bat ez da ibiliko truke librearen lur labankorretan, musikaren eta zinearen industriak lepora salto egingo bailioke berehala. Komunitate murritz batentzat soilik eskainiz gero, berriz, zailagoa izango du industriak Wirehog-i aurre egitea. Grokster kasuan komunitateari eman zioten arrazoia epaitegiek, legea haustearen ardura truke zerbitzuak ez baizik eta komunitateko kideek izango luketela ebatsita.

LABURRAK

Wikipedia albistegintzan
Azken urteotan entziklopedia librearen eredu arrakastatsua lantzen ibili ondoren, Wikipediako sortzaileek informazioa biltzeko eredu partehartzaile hori albisteetara eraman nahi dute. Dagoeneko badago sarean Wikinews izango denaren aurrerapena, proba moduan bada ere. Entziklopedia libreko arduradunen esanetan, “gertaeren berri ikuspuntu neutraletik emateko” asmo sendoa dute. Ohiko komunikabideetatik ezezik, Indymedia edo Ohmynews-en eredutik aldendu nahi dute eurena, gertaera hutsen berri emanez eta iritziak baztertuz.

Google erantzunak
Bilatzailerik famatuena eta erabiliena sareko orakulua dela esan ohi dugu, baina bilaketei ezezik zalantza teknikoei ere erantzuna eman nahi die Googlek orain, Google Answers zerbitzuaren bidez. Inon argitu ez dugun zalantza teknikoren bat izanez gero, bertan bota dezakegu eta 2,50 dolarretik hasita, berau erantzungo duen norbait aurkituko dugu. Geuk ezarriko dugu aurretik zalantza bakoitza argitzearen truke zenbat ordaintzeko prest gauden. Bestalde, duela egun batzuk Google Scholars izeneko zerbitzua jarri zuen abian bilatzaileak, jakintza zientifikoen bila dabiltzanentzako dokumentazio biltegi berezia.

Aranzabalen bitakora
Joxe Aranzabalek, azkenik bere bitakora zabaldu du. Aranzabal famatua egin zen euskal internauton artean, Sustatun bere gaixotasunaren inguruko artikulu sortagatik eta egun Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala izenburuko liburua prestatzen ari da, berak idatzitakoen eta haiek izandako oihartzunaren inguruan. Azkenik bere iritziak eta bestelako idatziak plazaratzeko tokia zabaldu du, oraino Interneten Sustatu adierazpide bakarra izan baitu. Faroa da bitakora berriaren izena eta Patxi Trapero izeneko beste euskarazko bitakora berriarekin batera Blogspot zerbitzuan aurkituko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude