Netiketa arauak

By | 2003/12/07

Interneten komunikazioa eraginkorra izan dadin gizalegezko portaera ezinbestekoa da. Lantokian edo lagun artean bezala, besteak errespetuz tratatzea gomendagarria da sarean ere, batzuetan nahi izan gabe gure jarduerak beste internautei kalte egin baitiezaieke. Horregatik, molestagarri ez izateko netiketa edo sareko jendetasun arauak ezagutu eta errespetatu behar dira.

Sarean besteak ez molestatzeko gomendio bilduma da netiketa. Internet plaza bat da, ordenagailu sare hutsa baino giza sarea da, postontzi edo makina bakoitzaren atzean pertsona bat baitago. Benetan nolakoa den eta nor den baino, nolako jarduera duen axola zaigu. Hemen alderdi teknikoek garrantzi handia dutenez, zehaztu beharko dugu arlo bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez den egin behar, gure ezjakintasunagatik inori kalterik ez egiteko.

Jada gai zaharra da netiketarena, baina urterik urtera internauta berriak sartzen dira sarean eta gehienetan netiketaz zerbait ikasi orduko kalte handia egin dezakete ezjakintasunagatik. 1995ko urrian agertu zen RFC 1855, Netiquette Guidelines dokumentua, egun pixkat zaharkituta egon arren, netiketaren arauak estrainekoz zehaztu zituena. Bertan, posta elektronikoa erabiltzeko, banaketa zerrendak kudeatzeko, berriketan aritzeko eta berri taldeetan idazteko arauak ematen zituzten internauta berrientzat, jada erabiltzen ez diren bestelako zerbitzuak erabiltzeko gomendioekin batera.

Netiquette home page webgunean netiketa arauen bilduma dago, The Core Rules of Netiquette izenburupean. Virginia Shea-k idatzitako Netiquette liburutik hartua dago hamar arauko zerrenda hau eta sareko harremanetarako arau orokorrak dira. Horiez gain, webgune honetan aipatutako liburua online irakur daiteke eta gure ezagutza neurtzeko galdera-erantzun jokoa aurki dezakegu. Arau guztiak sakonki ezagutzeko webgune horietara jotzea gomendagarria da, baina guk gainetik aipatuko ditugu arlo bakoitzari buruzko gomendio nagusiak, sareko baliabide bakoitzak arau zehatzak baititu.

Posta elektronikoa dugu sareko baliabiderik erabiliena eta bertan jokabide oker batek kalte handia eragin dezake.Tentuz eta neurriz erabili behar da. Lehenengo araua gure helbidea zaintzea eta lagunei bakarrik ematea izan beharko luke. Gure helbide pertsonala edonori emateak denbora gutxira spam-aren biktima izatea dakar ezinbestean. Horregatik argi utzi behar zaie gure mezu pribatuen jasotzaileei gure helbidea ere pribatua dela eta zabaltzeko baimenik ez dutela. Batzuek mezu guztiei sinadura moduan atxikitako testu baten bidez azaltzen dute hori. Adeitasun bera izan behar dugu guk gure lagunen helbideekin, ez baitizkigute horretarako eman. Mezu kolektiboa bidali behar badugu, posta elektronikoak aukera ematen digu lagun guztiei haien helbideak agerian geratu gabe mezua bidaltzeko: haien helbideak mezuaren CCC: eremuan sartuta. Jasotzaile nagusiaren edo To: eremuan gure helbidea sartuko dugu eta kitto.

Kontu handia izan behar dugu mezuei erantsita bidaltzen ditugun artxiboen neurriarekin. Gaur egun banda zabalera emendatu da ADSL konexioen ondorioz, baina oraindik erabiltzaile asko modem arrunt batekin konektatzen dira. Horiei Megabyte bateko mezua bidalita sekulako kaltea egingo diegu, konexioa minutu batzuetan blokatuz, eskuratzeko zailtasun handiak baitituzte. Eskatu gabeko artxiboa izanez gero, are gehiago haserretuko da gure laguna: konprimitu gabeko argazki erraldoi edo animazio inozo hori ezabatzen duen bitartean haren biraoak offline entzungo ditugu agian.

Artxibo horien formatoarekin ere kontuz ibili behar dugu, denek ez dute sistema eragile bera erabiltzen eta. Windows sistema erabiltzen dutenek uste dute Word dokumentuak bidaltzea munduko gauzarik normalena dela. Bada, badira internauta asko Word dokumentuak zabaltzerik ez dutenak, testuetarako beste programa bat erabiltzen dutelako edo ez dutelako .doc dokumenturik zabaldu nahi, makro birusak hedatzeko bidea izaten baitira. Testu artxibo bat erantsita bidali nahi izanez gero, grabatu RTF formatoan, programa askorekin konpatiblea baita. Arau bera aplikatu behar da PowerPoint aurkezpenekin. Askoz egokiagoa da Flash animazioak bidaltzea, gutxiago okupatzen dutelako eta nabigatzaile gehienek instalatuta daukatelako berauek ikuskatzeko programa, sistema eragile guztietan. Maketazio eta estilo jakin bat duen testua bidaltzeko PDF formatoa da egokiena eta sistema guztietan ikus daitzeke mota horretako artxiboak. Testuen itxurak ere badu garrantzirik, erabiltzaile batzuek (gero eta gutxiagok) testu hutseko mezuak baizik ez dituzte irakurtzen ahal, ez HTML estiloak dituztenak. Maiuskulaz idaztea ere ez dago ongi ikusia, GARRASIKA aritzea adierazten baitu.

Eztabaida zerrendetan esku hartzeko errespetua eskatuko digute. Onena izango dugu denbora batez lurker izatea, hau da, besteek zeri buruz eta nola idazten duten ikastea, gure iritziak botatzen hasi baino lehen. Zerrendaren gaiari ez dagozkion mezuei offtopic esaten zaie eta oso justifikatuak izan behar dute, bestela jendea gogaituko dugu. Offtopic mezuez betetzea zerrenda bat hondatzeko bide segurua da, gaiarengatik interesa dutenek alde egingo baitute. Irizpide nagusia jendeari denbora eta konexioaren zabalera alferrik ez galaraztea da.

Gizatasunez jarduteak irainik ez botatzea dakar. Pertsonekin ari gara, ez pantailekin; horregatik funtsean aurpegira esango geniekeena esan behar diegu. Bestalde, ezin gara anonimatuan izkutatu irainak eta frogatu gabeko gauzak besteei aurpegiratzeko. Gauza bat anonimatu hori baliatuz salatu nahi badugu, frogak beharko ditugu gure salaketa irain hutsa izan ez dadin. Flaming esaten zaio berri talde edo posta zerrenda bateko internauta bi edo gehiago aurpegiratze pertsonalez betetako mezu kate luzean nahasten direnean. Neurriz egiten den flaming-a ez dago guztiz gaizki ikusita, baina mezu trukea luzatzen bada zerrendako beste kideak nazkatuko dira eztabaidaz.

Chat Berriketan ere netiketa errespetatu behar da. Irizpide nagusia “Ez egin inori zuri inork egitea nahi ez duzuna” esaldian laburbiltzen da. Aurretik aipatu ditugun aholkuetako batzuek balio dute honetarako ere, baina berriketan badira batzuk zehatzagoak: ez erabili ongi etorri mezu automatikorik, ez errepikatu mezu lerro bat hamaika aldiz, kontuz ibili script-ekin eta ez onartu edonork bidalitako artxiborik. Honen atzekoa den bat-bateko mezularitzan (messenger mota ezberdinetan) ere badira jarraitu beharreko aholku batzuk: ez sartu zure lagunen zerrendan horretarako baimenik eman ez dizunik, ez aztoratu zure laguna mezu sorta handiekin, agian ez baitu erantzuteko denborarik eta ordenagailu aurrean ez zaudenean, jakinarazi zure egoeraren adierazlea aldatuz.

Besteei laguntza eskaintzea dugu netiketaren aholku positibo nagusia. Ezagutzaren partekatzea Internet bera sortzeko ezinbestekoa izan zen, ikerleek ezagutza batak besteari erakusteko bidea aurkitu nahi baitzuten. Filosofia horren gainean hedatzen ari da ezagutza sareari esker, eztabaida foroetan, bilatzaileetan eta posta zerrendetan besteek informazio bila gabiltzan gaiari buruz idatzi dutena aurkituko baitugu. Software librea ere filosofia horretan oinarrituta garatzen ari da. Geuk dakiguna besteei azaldu behar diegu, gure akatsak errepika ez ditzaten eta urrunago hel daitezen.

The Core Rules of Netiquette
www.albion.com/netiquette
Netiqueta
www.netiqueta.org
Aholku gehiago
www.advicemeant.com
RFC 1855 gaztelaniaz
http://www.netiqueta.org/netiqueta_rfc_1855.shtml
RFC 1855 frantsesez
http://www.sri.ucl.ac.be/SRI/rfc1855.fr.html

4 thoughts on “Netiketa arauak

  1. Pingback: HUEZIko Web 2.0 ikastaroa on-line jarraitzeko aukera - Klik Bikoitza

  2. Pingback: Netiketa - Zoriontasuna

  3. Pingback: Netiketa - Vini Lo

  4. Pingback: Teknoberriak: Netiketa - Klik Bikoitza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude