Berriro ere Durangoko Azoka izan dugu hitzordu eta hizpide egunotan. Kokapen berria, oraindik burutu gabe badago ere, ikusgarria da. Hala ere, azalera arteragoko urteetako bera da eta jendetza artean ibiltzea nekeza izan da egun gehienetan. Urterik urtera lagun gehiago parajetzen dira Durangora, baina disko eta liburu ekoizleek jaitsiera somatu dute urtean zehar.
Kanpoko produkzioen ondoan jaitsi dira azken urteotan hemengoen salmentak. Elkarlanean-eko Anjel Valdesek errua pirateriari bota dio telebistan… Diagnostiko koxua iruditzen zait, ordea, zeozer gehiago egongo da. Liburuen salmenta baxuen errua ere izango du sareko truke libreak azkenean. Ez naiz aditua, baina beste faktore batzuk ere izango dira pirateriaren betiko rekurtsoaz gain. Akaso ohitura aldaketek, saltoki handiek, argitaletxe handi espainiarrek, liburudenda kateek, soziologiak eta PlayStation-en ugaltzeak ere izango dute zerikusirik.
Aurtengo nobedadeen artean Sarrionandia eta Atxagaren liburu berriak nagusitu dira (nik Sarrirena erosi dut). Gomendagarrien artean BAP taldearen CD eta DVDa (Metak), inoiz Euskal Herrian izan den talderik onenarekin gozatzeko aukera.
Ostegunean txiringitoa montatu eta umeen txanda egin genuen. Arratsaldean profesionalen txanda zen eta gustora ibili ahal izan ginen erakustokietan, lagunak agurtzen eta gure kultura produkzioaren neurriaz jabetzen.
Teknologia berriak atalean panel koloretsuz apainduta Euskaltelen gune laranja aurkitu nuen. Euskal ekoizpenen azoka batean marzianada ederra iruditzen zait umeak bideojoko erdaldunekin jolas dezaten jartzen duten stand hori. Azokako gehienei ere bai, seguru, baina Ardanzaren enpresa nire babeslea ez denez, nik esan egiten dut. Gainontzean, Nontzeberri, Bizkaie eta beste batzuek euren produktua erakusteko jarri dituzte pantaila batzuk. Egia esan, euren benetako eremua sarekoa da eta horregatik ez dute azokan ezer berezirik erakutsi beharrik. Kontrakoa pentsatu behar du Gerediaga elkarteak, urterik urtera webgune urri berdinarekin agurtzen baigaitu ziberespazioan azokaren erreferentzia bila gabiltzanak. Ganorazko webgune bat beharko luke azokak, itxuraz eta mamiz eraberritua, baina tira, datorren urtean agian…
Beti bezala, SUSAkoak euren erakustokian egungo euskal literaturaren balorerik ausartenak, kalekoenak, hurbilenak eta freskoenak plazaratzen. Aurten Edorta Jimenezen Kilkerren Hotsak eleberria erosi dut. Nobela historikoa da, egile berak Durangorako ere prestatu duen beste baten ondorioz sortua. Izan ere, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan izenburuko liburua prestatu du, ikerketa historikoa berau, eta gai honen inguruan eleberria egitea bururatu zitzaion. Bada, azken aldion liburu politiko eta historiko gehiegitxo irakurtzen dut eta ez dut betarik hartzen eleberriak irakurtzeko. Horregatik Kilkerrekin hastea erabaki dut.
Amaitzeko, euren abade-bizkaiera artifizial xamar hori inoiz gustoko izan ez dudan arren, oso interesgarria iruditu zait Labayru ikastegikoen azken ekarpena, Labayru hiztegia. Aitortu behar dut aurten Labayruren beste liburu bat ere erosi dudala, Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia, baina behar-beharrezkoa iruditu zait beti bizkaiko lexikoa euskara batuaren partetzat onartzea. Horrek aurreko urrats bat eskatzen du, hitzok nola idatzi behar diren zehaztea, eta hori da hiztegi honen helburua. Hala ere, argi utzi nahi dute Labayrukoek ez dela bizkaiera hiztegia, bizkaierari bereziki erreparatzen dion hiztegi osoa baizik.
Nire aldetik, beti ahalegindu naiz bizkaierazko hitzak sartzen, baina sarri zuzentzailearen figurarekin egin dut topo. Bizkaitik ekialderago ere egin beharko lukete ulertzeko eta onartzeko ahalegina, maiz bizkaierazko berbak aztertu barik beste baliokide bat sartu eta arteztu dutela sarri uste izaten dute, uste onez bada ere, besteak bezain batua dena baztertuta.
iepa,
Arrazoi daukazu durangoko azokaren webgunea nahiko zaharkitua dagoela. Jarri beharko lukete orrialde nagusi bezala 2003 urterako egin dutena, hori bai nahiko ondo dago, azokako egunkaria eta guzti.
Orrialde zaharrean esteka bat dute, baina nahiko ezkutatua geratzen da.
http://www.durangokoazoka.com/azoka03/portada_e.asp
Erreza da pirateriari errua botatzea salmentak onak ez direnean, baina ez dut uste hori denik errudun bakarra. Gaur egun gazteok, nire burua barne, irakurketaren arloan 0 borobila aterako genuke, ez baitugu ohiturarik liburu bat hartu eta irakurtzen jartzeko eta nahiago dugu pantaila baten aurrean jarri eta ikusten dugunarekin konformatzea. Badakigu gehienok penagarria dela bai, baina… Beraz liburuen salmenta jeitsiera gelditzeko irakurketarako ohitura igo behar da.
Diskoena beste kontu bat da, orduan eta diska gehiago daude, kuttunenak bai erosten ditugula baina noren presupuestoa iristen da gustoko dituen diska guztiak erosteko lain? inorena ez izan gaitezen realistak eta honen soluzioa bai da pirateria. Baina honen soluzioa ere denok dakigu zein den, naiz eta diskografiek nahiago duten kejaka segi eta soluzioaan perntsatu ere ez egin, proba dezatele urte batez diskoen prezioak 6 eurotara jeisten, baietz salmentak bikoiztu!
Durangoko azokaren inguruan aldiz, esan edifizio berriarekin pozik sentitu nintzela, naiz eta betiko moduan bultzaka aritu beharra egon den aurten ere jende mordoagatik…