Eusko blogariak vs. #blogeu

By | 2012/03/21

Benetako guru baten antzera, isiltasun espiritualean egon naiz luzaro, nire zulotxoan, Brianen jarraitzaileek nire gurbitzako garangorriak jan eta xaxatu nauten arte: “Gurua mintza dadila” Kauenzotz! Berriro gai berberei buruz hitz egitera kondenatuta omen gaude euskaldunok, euskararen asturua ez da gauza segurua eta hemen gure asuntua, zehazki lerrootakoa berriz gure hizkuntza-komunitatearen erdararekiko menpeko asturua da.

Kontua da Euskal blogarien elkartea sortzekotan dabiltzala blogari batzuk. Horretan dabiltzan gehienak erdaldunak dira eta, ohituta gaudenez, hasieratik erdaratik eta erdaraz plantetatuta dago elkartearen jarduna, izena gorabehera. Lehenengo Iturrik haizaratu zuen bere errefusa,  ekimenari erabilgarritasun falta eta ordezkaririk behar ez duen kolektiboa? ordezkatu nahia leporatuz.

Ondoren Teketenek eman dio segida Iturrik salatutako puntuak berresteaz gain, euskararen bazterketa sartuz:  “euskal blogosferarekin duten harremana exkaxa baino gehiago izan da. Hasieratik euskararekiko izandako jarrerak ez du hauen integrazioa errazten (nahiz eta lagun bakar batzuk bertan egon). Euskaldunok gai tematiko bat dirudigu, bete beharreko kuota bat”.

Gero Luistxok bota du erdaraz bere panterakada, bere baimenik gabe bere izena bertan sartu dutela “blogosfera euskaldun” delakoaren ordezkari gisa, eta hizkuntzan zentratuz. Bera ez dela gizon zuriak taxututako estrategietan sartuko, euskararen black panther bat dela aldarrikatuz. Suhartasunez bota ditu argudioak, berak nahi duen hizkuntzan idazten duen arren (euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz) esku hartu nahi dituen ekimenak euskal komunitatearenak bakarrik direla eta kitto. Gainera, bera bai elebitasunaren aldekoa  (semantika arloko eta leuntzeko moduko diferentziak izango nituzke horretan baina) eta praktikantea dela nabarmendu du. Funtsean bat nator bere gogoetarekin. Euskaldunok erdaldun elebakarrak baino jakintsuagoak eta edukatuagoak bai, bagarela uste dut. Horren atzean dagoen mezua ez du ulertuko elebakarra izateagatik bere burua jasoagotzat duenak, erdaraz irakurrita ere.

Argibide modura: erdaraz hazi eta hezia naiz neurri handian eta ziur asko hobeto moldatuko nintzatekeen erdaraz idatzi izan banu, askoz irakurle gehiago izango nituen erdal kazetetan eta blogosferan. Baina pantera beltza izatea aukeratu dut, eta nire mikropublikoarekin kontent nago. Hala ere, uste dut zilegi zaigula tribukooi ere hainbatetan, erdaldunei gauza batzuk bere tokian jartzeko adibidez, erdaraz idaztea, beraiei zuzenduak, hizkuntzaren ezjakintasuna dela eta, inoiz irakurriko ez dituzten zenbait kontu azaltzeko. Orain arte nire jardun ia osoa euskaraz izan da, pare bat salbuespenekin:

1. Erdaldunei azaldu nahi izan nienean Egunkaria zer zen eta hura ixtearen bidegabekeria.

2. Erdaldunei azaldu nahi izan nienean euskal blogosfera gutxiesten ari zirela.

Gero Joxe Rojasek testu bikaina idatzi du erdaraz, Blogeu? Gracias pero no goiburuarekin. Elkartearen beharrik ez duela ikusten esan du berak ere, baina berehala heldu dio hizkuntzaren aferari:  elkartearen 2. batzarraren bideoa ikusi eta lehen aipatu dudan erdarazko bigarren artikuluarekin gogoratu dela dio, Sobre la invisibilidad del ámbito tecnófilo euskaldun izenekoa. Orduko artikulu hartan euskaldunok maiz sentitzen dugun errealitate hori ikusarazten saiatzen nintzaien erdaldunei, emaitza kaxkarrez ad hominem argudio defensiboekin topo egiteko. Orduan Garik zioen miresgarria baina alferrekoa zela bere ustez zubi horiek eraiki nahi izatea. Tamalez, badakigu, salbuespenak salbuespen, horrela izaten dela gehienetan.

Joxek elkartekideen aurkezpeneko bideo honetan euskararen erabileraren inguruan planteatzen den eztabaidaren laburpen bikaina egiten du bere blogean, eta esango nuke eztabaida horretan azaltzen direla erdararekiko dauzkagun gatazka eta aje guztiak, gure egoera diglosikoaren inguruko topiko guztiak. Egoitz Goikoetxea gaixoa zubiak egiten saiatzen da eta konturatu gabe solaskideei planteatzen die gatazka bat. Berehala azaltzen dira erdaldunen ohiko jarrerak euskararekiko, esaterako, molestia dela gauza bera bi aldiz entzun behar izatea, bata denok ulertzen dugun hizkuntza jasoan eta bestea denbora galarazten digun tzozileran, eztabaida galarazten dela horrela…

Haritzek, Luistxori eginiko iruzkinean kontrajartzen du jarrera hori berak ezagutzen duen espainiar batenarekin, anekdota gisa. Hark, euskaldunak ezagutu ondoren, erabaki baitu euskara ikastea beste erremediorik ez duela eta gustoz egiten ari da, hiztunak erderaz egitera ez behartzearren. Tamalez, hemengo erdaldun elebakar gehienei enpatia hori eskatzea gehiegi da, inmunizatuta daudelako, euren lurrean sentitzen dira, euren arauak nagusi eta legitimatuta, euskalduna gutxiesteaz gain gehienetan bera autogutxiesten dela eta atzera egiten duela dakusatelako.  Konfidantza dagoen lekuan nazka ematen duela diote erdaraz eta nago konfidantza gehiegi, adarra… Neurria hartua digutela euskaldunoi erdaldunek.

Ekimenari buruzko nire lehenengo sentsazioa Groundhog day (“marmotaren eguna” erdaraz ezagutu behar izan genuenontzat) izan da. Horrelako ideia bat entzuten dudan bakoitzean 13 urte egiten dut atzera eta Elkarnet, Foro Internet Bilbao eta horrelakoak datozkit gogora. Bizkaiko aldundiaren duela hiru urteko ideia zoragarria: bizkaitar bakoitzari eposta helbide bana ematea. Garaiz kanpo sortutako atariak eta beste hainbat proiektu antzurekin gogoratu naiz.

Gero, euskararen kontuan zentratuta, bat nator orokorrean Iturri, Teketen, Luistxo, Haritz eta Joxerekin. Gure tribuko blogariak dira eta eskarmentua dute euskara-erdara harremanean, ez gara atzo gauean jaioak eta kontua nahiko argi dagoela uste dut. Ez lidake askorik inportako Asociacion de bloggers castellanoparlantes del País Vasco balitz, baina euskal blogosfera osoaren ordezkaritza ofiziala bere gain hartu nahi duen ekimena bada… Hayzuek, izenak izana behar du, eta hemen bada komunitate bat (ofiziala den) bertoko hizkuntzan jarduten jarraitu nahi duena erdarara pasa gabe, nola egingo dugu?

Berez ez dirudi oso egitasmo erakargarria, ageriko arrazoi sendorik ez baitiot ikusten altura honetan horrelako elkarte bati, baina gainera euskaldun jardutea galaraziko didatela iragartzen badidate nekez ikusiko dut nire burua horretarako motibatuta. Beste zereginik izango ez bagenu, akaso, baina uste dut autozentratu behar garela euskaldunok eta gure esferak indartu lehentasunez, ondoren besteenetan parte hartzeko. Horrek ez du esan nahi ezin dugunik erdarazko ekimenetan esku hartu. Zorionez gu elebidunak gara eta egin dezakegu, baina nork bere lehentasunak markatu behar ditu eta ni egun ez nintzateke elkarte horretan sartuko, aeromodelismo elkarte batean ibiliko ez nintzatekeen bezala.

Hori bai, guri hainbeste gustatzen zaigun eran, noizean behin hitzorduren bat, barra baten edo mahai baten bueltan… Kontatu nirekin!

 

P.D. Gaur Zenbat Garako pantera beltzok Jon Sarasua izango dugu gurean hizlari, azkenaldion soziolinguistika gaiekin bueltaka gabiltzan bisitaldi sortaren baitan. Gaia ez dut plazaratuko nik, eta beldur naiz ez duen inork plazaratuko, esfera teknologikoa euskararekiko bezainbat itsua delako euskal esfera soziolinguistikoa sarearekiko. Azken hau masokismoagatik eta zirikatzeko esan badut ere, oraindik Etxepare Pornoren eragina somatzen dudala aitortu beharko dut, eta Sobre la invisibilidad hartan ere gureekin sartzen nintzen, teknofobia leporatuz, baina onartu behar dut gauzak dexente aldatu direla ordudanik.

3 thoughts on “Eusko blogariak vs. #blogeu

  1. Iban Arantzabal

    Beste Jaguar melaniko bat? :-) Bilbokook ere pantera beltz?

    Aaaa. Lehoiak ere pantera omen, hezur Hioide kartilaginosodunak :-) Ia zein orro egiten duen Debagoieneko panterak eta blog biziberritu honetan kontatuko bazenu fenomeno!

    Artikulu polita, Zabala.

    Reply
  2. Txus Ordorika

    Hainbeste gerratan ez banaiz egon, eta ohizko euskal blogaria ez banaiz ere, eskertu nahi eta behar ditut iritzi guzti hauek.
    Egia esan euskarazko bloga berpizteko aukera ezinobea daukat euskal blogosferak animatuta.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude