Azaleko minbiziaren prebentzioa zergatik ez hondartzetan?

By | 2012/06/05

Herritarrok ideiak proposatzeko bidea dugu blogetan, iritziez gain. Beste kontu bat da administrazioak entzun, ulertu (euskaraz badira ere) eta kasu egitea. Aholkuak, eskaerak publikoki egitea presio bide eta eztabaida gizarteratzeko modua dira, gutun edo mezu pribatuak ez duena. Baina zer egin administrazioak kasu egin dezan? Eskaera errepikatu? Ozenago esan? Argudio gehiago eman? Iaz tweet hau idatzi nion Osakidetzako twitter kontuari:

@osakidetzaEJGV ri aholku eta eskaera: eraman itzazue udan dermatologoak hondartzetara, jendeari azala begiratzeko

Erantzun eza ikusirik, eskaera errepikatu nuen, @irekia eta @osarean kontuei zuzenduz:

Erantzunik ez? @irekia @osarean @osakidetzaEJGV ri aholku eta eskaera: eraman udan dermatologoak hondartzetara, jendeari azala begiratzeko

Erantzuna jaso nuen azkenik, laburra bezain itxia:

Osakidetza ‏@osakidetzaEJGV
@sarean Dermatologoek kontsultan lan egiten dute eta herritarroi dagokigu neurriak hartzea arriskuak saihesteko http://bit.ly/ioOviZ

30 Jun Jabi Zabala ‏@sarean:

@osakidetzaEJGV ??? erantzun didazu ORAIN egiten dena kontatuz, bistan da. Nik BESTE gauza bat egitea proposatu dut @Irekia

Emaitzarik ez, beraz, bide horretatik. Baina… zorakeria ote da udan hondartzetara dermatologoak eraman ditzaten proposatzea? Sarean arakatuz, beste leku batzuetan egiten direla ikusi dut. Kontutan hartuz hondartzan jendea erdi biluzik ibiltzen dela, erredurak bertan egiten direla eguzkitan denbora gehiegi emanda eta pertsona baten azala minutu batean ikuska daitekeela, uste dut ez dela proposamen zoroa. Gainera, gerora irakurri dut azaleko minbiziaren eragina handiagoa dela gizonezkoengan, ez dutelako euren azala ispiluan emakumezkoek bezain sarri ikuskatzen eta melanoma garaiz ez delako harrapatu, orban arrunta zelakoan.

Prebentzioa, beraz, ekonomikoagoa da onkologia tratamendu garestiak baino. Dirua aurreztuko luke Osakidetzak seguraski. Bizitza bat salbatzea lortzen bada nahikoa izango da. Argudio gehiago behar dituzue? Gaztelaniaz eskatzea? El Correon eskatzea?

One thought on “Azaleko minbiziaren prebentzioa zergatik ez hondartzetan?

  1. Luistxo

    Amorratzen nau instituzioetatik horrela erantzun digutenean. Ez da anekdotikoa: horixe da herritarrari erantzuteko duten modua. Hori da funtzionarioek ezarrita duten jokabidea. Zerbait eskatu eta erantzuna, “bueno, gauzak horrela dira”.

    Bi konturekin sufritu dut hau Donostiako Udalarekin. Bata anekdotikoa, bestea apur bat serioagoa. Anekdotikoan, eskatu nion Twitterren liburutegiko zuzendariari The Economist-era harpidetzea ondo legokeela, ze munduko aldizkari onena da. Erantzuna izan zen: “sentitzen dut, ez dugu sekula aldizkari hori jaso”. Joder, banekien, horregatik eskatu nuen!

    Kontu seriagoa da ezin dudala demostratu seme-alabekin bizi naizela. Errolda batean, umeak bizi daitezke bakarrik etxe batean, nahiz eta dibortzio akordioen ondoren, zaintza partekatuaren kasuan, bi etxetan bizi izaten direla gauza jakina eta ebidentea den. Donostiako Erroldara jo nuen, beraz, nire kasua azaltzeko eta… erantzuna hori da: errolda etxe bakarrean egin daiteke. Bai, badakit, baina hain zuzen ere, horregatik da nire eskari berezia, inplikazioak dituelako alokatu beharreko etxean eta Etxebideko kontuetan eta hola eta gainera, argi dago nire eskaera pertsonaletik aparte, eskabide honek jende askori eragin diezaiokeela…

    Alferrik da. Horma bat dago aurrean. Administrazioak erantzun dizu: gauzak horrela dira. Eta administratzaileak uste du gainera erantzuna eman dizula horrekin.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude