Karibu Festa, euskal artistak Kongokoekin

By | 2011/05/10

Picha kulturgunea Kongoko Errepublika Demokratikoko (Kongo-Kinshasha) Lubumbashi hirian dago, bertako artistek zuzenki kudeatzen duten kultura gune bakarra da eta eurentzako laguntza batzeko Ruper Ordorika, We Are Standard, El Mentón de Fogarty, Francis Deseo, Kutxi Marea, Drogas (Barricada), Eñaut (Ken Zazpi), Zea Mays, The Cherry Boppers, The Walk on Proyect, Gari, Jon Maia, Yogurinha Borova & Las Fellini… Guztiak egongo dira datorren asteko ostegunean Bilboko Sala BBKn. Festako sarreren bidez batutako dirua soinu ekipamendua erosteko baliatuko du Picha (irudia, swahilieraz) kulturguneak.

Akaso Kafe Antzokian egiteko moduko festa zen, egongo diren artistak, giroa eta helburuak kontutan hartuta, baina Garik elkarrizketa honetan dioenez, BBK enrollatu ei da ekonomikoki eta bere aretoan egingo dute. Sarrerak 20€ balio du eta Interneten eros daiteke hemen.

Xavier Zabalo izeneko jesuitarengandik (hizki gutxi batzuek kasu honetan diferentzia markatzen dute eta ez, ez du zerikusirik nirekin, ateoa bainaiz) sortu da Kongoko sortzaile gazteak laguntzeko asmoa eta laguntzaile ezin aproposagoa topatu du bertokoen artean, Garik berak sei hilabete igaro baitzituen hango artistak ezagutzen eta hemengoak bildu baititu ekimenean esku har dezaten. Garik bultzada eman nahi dio gaiari-jaiari eta aipamen askorik izan ez duenez, bada, hemen duzue informazioa. Afitxa Yogurinha Borovaren Flickr-etik eskura daiteke neurri handian.

Sala BBK Bilboko Kale Nagusian dago, duela urte batzuk Euskaltelium zapuztua izan zen tokian. Orain, berriro eraberritu eta bere kultura gunea jarri du bertan Bizkaiko kutxak (edo EAEko bankuak?). Programazio interesgarria dute eta informazio asko ari dira mugitzen, webtv batean, Facebooken, Twitterren, Vimeon eta Flickr-en aurkituko dugu informazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude