Espainiera, besteak baino hobea omen

By | 2009/05/16

Mayor Orejak botatakoak ditugu hizpide egunotan. Ikusi ez dituenak hemen du bideoa: Bere birraitonak aitonari euskara debekatuz egin zion mesede eta, harena bezalako gogo irekiak dituen jendea behar dela euskarari dagokion tratua emateko.

Hain gordina izan da debekuaren aldeko bere adierazpena, ezen Basagoiti alderdikideak leundu behar izan du. Baina bigarren zatia ekarri nahi dut. Mayor Orejaren azken esaldiak iradokitzen du zein den argudioaren oinarria: El papel importantísimo del Español.

Espainieraren aldeko aldarriak justifikazioa bilatu beharra du, eta justifikazio honek lotzen du Mayorren diskurtsoa gaztelaniaren ustezko bikaintasun eta mundialtasun sena berezkoaren teoriarekin. Oso interesgarria da azken finean ulertzeko zergatik jende honek ikuskatzen duen gaztelania ilustratuen hizkuntza zerutiar gisa. Jakobinismoaren arrazionaltasun ta neutraltasunarena bezain faltsua den nagusitasun intelektualaren mito etnozentrista.

Hainbat gauza interesgarri azaltzen dira Informe Semanaleko beste dokumentu honetan:

“El español está en peligro”, beraz, “El español no tiene el lugar que le corresponde” eta horrelako baieztapenak informazioan. Baina orduan dator onena, Antonio Gamoneda jakintsuaren ahotik. Xamarri esker aurkitu dut, blog honetan aipamena. Eskerrak norbaitek youtuben ipini zuela bideoa, bestela agian ez zenidaten sinetsiko. Hala ere, dena irentsi nahi ez baduzue, mamitsuena 9,5 minutuaren inguruan dago.

Cervantes sariduna berau, jakintsua omen. Esatariak diosku:  “Nunca quiso aprender otra lengua que el español, para poder pensar en su idioma sin contaminaciones”. Ondoren bera agertzen da esanez espainiera besteak baino hobea dela sentimenduak adierazteko: “Para la comunicación afectiva, emocional y estética, en esa gama de sensibilidad y de sentimiento, yo creo que el español es el lenguaje más fuerte”. Denoi datorkigu burura galdera bera: nola jakingo du hizkuntzak konparatzen, berak bakarra badaki? Cervantes sariduna izango da, baina hizkuntzen alderatze horretan autoritate gehiago du Mohamed auzokoak: Arabiera, Tarifit, Frantses pixkat eta Espainiera.  Gainera, a ze kasualitatea, berea da onena.

Horrelako jarreren eta euren argudio makalen azterketa bikaina egiten du Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen El nacionalismo lingüístico liburuak. Hizkuntzalari madrildarrak hitz madarikatua Espainian ezohikoa den lekuan kokatzen du liburu gomendagarri honetan: Cervantesen hizkuntzaren defendatzaile sutsuena nazionalismoa da haren arabera.

Egun, bere buruari nonacionalista esaten dion sektore horren diskurtsoa da, hain zuzen, nazionalismo linguistiko horren frontean gogor jo duena, azken adierazpena Mayor Orejarena izan da, baina multzo honetan badira bere burua munduko hiritar moduan aurkezten duten beste progre batzuk ere: euskararen erabilera defendatzea txokokeria etnizista da; denok batzen gaituen hizkuntza komun ezinago eder horren nagusitasuna aldarrikatzea, berriz, ilustrazioaren ezinbesteko adierazpide neutroa. Tira, eskerrak aurrerantzean guraso guztiek seme-alabak zein hizkuntzatan matrikulatu aukeratu ahal izango omen dutela, amaitu da arazoa.

4 thoughts on “Espainiera, besteak baino hobea omen

  1. patxi lurra

    Lehengo egunean egunkarian Jose Mari Pastorrek, gai hauxe hartuta, Europan alemanierazko hiztun gehiago dagoala espainerazkoak baino eta frantsesezko garrantzia gogorarazten eban. Bestela, etorkinak kontutan hartuz gero, latinamerikarrez gain, turkiera hizkuntza mintzatuenen artean sartu behar dogu. Eta kurduera be bai, hizkuntza etnikoa eta txikia izan arren.

    Neuk flipagarria ikusten dodana da kultura gitxiagoren alde zelan azaltzen diran lotsa barik ustezko pertsona jantzi horiek guztiak, Mr. Bigear legez.

    Reply
  2. Sasi

    Mayor Orejaren familian Española debekatu eta ingelesez hitz egiten hasi beharko lukete. Bere ondorengoren batek beharbada eskertuko dio egunen batean 😉

    Reply
  3. Arantzazu

    Nola da posible halako pertsonajea jendaurrean halako astakeriak esatea? Nola da posible halako elementua Europako goi parlamentura bidaltzea? Esaten al die bertako europar parlamentukoei komunikatzeko era bakarra munduan erdera hutsa dela eta beste hizkuntz guztiak komunetik botatzeko direla? Nola da posible halakoak botatzea jendaurrean ta inork ez galdetzea ez esatea ez adieraztea ezer kontrakoa?
    Uste det gizajoarena egiten ari dela baina fakzismo modu batean. Eta oraingoan ere geure etxean daude… bai dela marka!

    Reply
  4. ander

    Kristona!

    Tipo honen iritsiz “mentes abiertas” direlako hoiek, hizkuntza baten debekua justifikatzen omen dute! Hizkuntza bat ikasteko, bestea debekatu! Hauek bai askatasun zale amorratuak!

    Reply

Utzi erantzuna ander(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude