Analfabeto akademikoa

By | 2008/12/25

Lehengo egunean, Bilboko erdialdeko denda baten barrutik ia ahaztua nuen idazmakinaren tak-tak mekanikoa entzutean pentsatu nuen zer kontraste bitxia den ingurune moderno horretan tresna hori aurkitzea eta zertarako erabiliko ote duten galdetu nion nire buruari, akaso testu gutxi eskatzen duen ordainagiriren bat idazteko, auskalo.

Egun batzuk geroago Javier Marias izeneko kabernikola batek Interneti buruz aurreiritziz betetako artikulu tamalgarria idatzi zuela eta, blogari batek erantzun bikaina eman ziola txiokatu zuen Xabi Del Rey lagunak. Leku guztietan badira kabernikola atzeratu teknologikoak, ez bakarrik euskaldunon artean, baina tipo horrena gehiegi da. Entzuna nuen inoiz haren izena baina, egia esan, ez nekien idazle emankorra eta gaztelaniaren akademikoa zenik. Bada, hainbeste perlaren artean (miresle batek hari buruzko webgunea duela hamar urte sareratu eta denbora honetan gogoz elikatu duen arren oraino inoiz bisitatu gabea zela), berak harro zabaldu du idazteko ez duela ordenagailurik erabiltzen, hainbeste liburu idatzi dituen arren. Zuzenketak egiteko zailtasunaz gain, bigarren pentsamendua da norbaitek pikatu beharko dizkiola testu guztiak… Horrelako redneck teknofobo harroen jarrerak euskaldunen artean nahiko baztertuta daudela uste dut nik ere, baina bere burua unibertsaltasunez janzten duen hizkuntza boteretsu bateko akademiko batek bultzatzea…

One thought on “Analfabeto akademikoa

  1. Izas

    Kasualidadez nik ere ikusi neban… ederra elementua! Xabi del Reyren erantzuna be oso ona. Eta egia da, euskaldunok interneten ez gabiltza hain txarto, neu be sartuberria naiz blogen munduan eta harrituta nago zenbatek idazten dauen!

    Reply

Utzi erantzuna Izas(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.