Josetxo…

By | 2008/04/25

Aste biko oporraldiaren buelta gogorra izan dut Kafe Antzokian, Josetxo Anitua lankidearen derrepenteko galerak harritu eta hunkitu gintuen denok asteazken goizean. Zaila egiten zait ezer idaztea, dagoeneko gauza asko idatzi direnean, baina Josetxo Anitua ikusi nuen azken aldiarekin geratuko naiz. Siniestro Totalen kontzertuko eguna izan zen, Errioxatik lagun batzuk etorri ziren eta, hain zuzen, kontzertu ostean disko jartzailea zelako musika aukera aproposa jartzen ari zen aipatu zidaten. Aurretik beste zenbaiti bezala, harrotasunez erantzun nien Josetxo Anitua zela, Cancer Moon taldeko kantaria izandakoa eta musikaz asko dakien tipo mitikoa zela nabarmendu nuen. Gure Josetxo miresten nuen -miresten dut- eta eragiten zuen miresmen horren zati handia bere izaera bitxiari zor zion.

Atzo funeralean bere harreman sare handi eta anitzaren isla bat ikusi ahal izan zen, eta jendearen ahoetan komentario berdinak: nolakoa zen Josetxo, holakoa, halakoa… Konklusioa: inork ez zuela guztiz ezagutzen Josetxo. Azken finean bera irekia eta era berean erreserbatua zen. Tipo ausarta zela azpimarratuko nuke nik, oso xumea eta lotsatia izanik aurre egiten ziolako lotsa horri eszenatoki gainean katarsi baten bidez bere burua transformatzeko. Sortzailea zen horretan ere Josetxo.

Bart gauean, gauaren erdian Bilbora heltzean, botxoa ikusten zen Egirleta gainetik eta, zeruan, hirira begira zegoen ilargiak ohi baino tamaina handiagoa zuela iruditu zitzaigun…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude