Euskaltzaindiaren egoitza berton ezartzeaz gain, Bilboko udala lan itzela ari da egiten euskara bantuaren sustapenerako. Gaur jakin dut kanpainia musikala abian jarri duela, aurten bigarrenez, jaietako sexu erasoak ekiditeko-edo. Musikan inspiratutako leloa asmatu dutela esan du kanpainia aurkeztu duen zinegotziak: “Si sí, sí. Si no, no” dio letra handietan eta, txikiago, kanpainiaren lelo nagusiaren azalpen musikala: “Solo se toca en clave de sí“. Euskaldunok mila adibidek justifikatua dugunez euskarazko bertsioari beldurra, txarrenerako prestatu naiz, susmatzen bainuen klabe musikal hori soilik kanpainiaren erdarazko bertsioarentzako izango zela, bertsio nagusiarentzako alegia. Kostatu zait baina azkenik lortu dut nire beldurrak konfirmatuko zituen aldaera baskoa aurkitzea: “Bai beti da bai. Ez beti da ez. Ukitu, baiezkoan baino ez“. Musikarik eta graziarik gabeko leloa, baneteuanba!
Tira, euskararen eta publizitatearen arteko ustezko bateraezintasun horiek askotan aipatu dira Euskara eta publizitatea blogean eta beste hainbat gunetan. Imaginaziorik gabeko itzulpena baino askoz txarragorik bada: erabat txarto idatzitakoa. Atzo bertan, areatzako zubi ondoan HIESaren aurkako kanpainia bateko kondoia eskaini zidaten… Irakurri nuenean nire euskararen oinarriak kulunkatzen hasi ziren, perpausaren ordena bezalaxe: “Lo hago sin condón” erdaraz, “Nik kondoi egiten gabe dut” euskaraz. “Pues va a ser que NO” erantzuna erdaraz, “Ezetzean nago” euskaraz. Beste internauten iruzkinak irakurtzean pentsatu dut bi adibideon arteko harreman ezkuturen bat egon litekeela forma bera aukeratu izanagatik. Konturatu naiz, halaber, lehenengo adibidearen euskarazko aldaerak ez duela erdarazkoaren mezu zehatz bera adierazten, baiezkoan ukitu horrekin: “baietza izango duzula uste baduzu, abante”, ezta?
Dena dela euskaldun zorrotz eta haserreraren rola utziko dugu, Aste Nagusia gaizki euskaratutako kanpainiak baino askoz gehiago baita. Beti geratuko zaigu abusztuan Arriagara joateko aukera, sarrerak salmenta bukatu ez bada bederen.
Azalpen zientifikoa: Euskalduna, kondoia erabiltzeko unea heldu orduko, hain mozkortuta dago eze komunztadura arazo orokorra du. Alkoholari esker ligatu du, azkenik, baina ordurako oreka fisiko eta sintaktikoaren kolapsoa erabatekoa da.