Gil Scott-Heron poeta eta kantari iraultzaile amerikarrak asmatu eta hedatu zuen The revolution will not be televised leloa 1971an argitaratutako aldarrikapen kantuaren bidez. Hona hemen abestiarekin eta hainbat irudirekin osatutako bideo bat. Canongate Books-ek argitaratutako Now and Then bildumarako egindako promozio bideoa da:
Interneten garaia geroago heldu da eta, komunikabiden arteko kategorizazio zurrunak alde batera uztearekin batera, iraultza telebistaz (Scott-Heronek aipatu nahi zituen boteretsuek kontrolatutako mass media) baino, komunikabide alternatiboen bidez hedatzeko aukera dago. Hain zuzen ere, goiburu bera du Venezuelan Chavezen aurkako estatu kolpe saiakeraren alderdi mediatikoari erreparatzen dion dokumentalak.
Gainera, Venezuelan bertan dauka egoitza nagusia satelite bidezko Telesur telebista bolibartarrak. Tamalez, ordea, zuzeneko emisiorako hartu duten inperioaren Windows Media sistemak ez du seinalea behar bezain ongi igortzen. Aukera ona zuten VLC edo horrelako sistema libre bat bultzatzeko zuzeneko emisioak etsaiaren softwareare eskasarekin egin ordez.
Satelite bidez orain Europan ikus daiteke Telesur (hemen jarraibideak). Kodifikatu gabeko seinalea da, NSS 806 sateliteak igortzen du eta Euskal Herrian hego-mendebaldera begira jarri behar da antena (230º gutxi gora behera) Satelite hori harrapatzeko. Hori bai, 120 zentimetrotik gorako diametroa duen antena behar ei da seinalea ondo hartzeko.