Oleguer eta zapatagileen erretorika ustela

By | 2007/02/24

Futbola, ditxosozko futbola… Gizarte honetako opioarekiko distantzia mantendu nahi izan arren, noizean behin heltzen zaizu baloikadaren bat aurpegira, gutxien espero duzunean gainera. Gero eta irmoagoa da ene baitan hura debekatu eta kirolen zerrendatik kendu beharko luketen sinismena. Lehia zikina, deportibitate eza, vedettismoa, oroz gainetik irabazi beharra… Eta guztiaren atzean dirua, dirua eta dirua, kopuru iraingarri eta lotsagabeetan dirua. Kirolik ustelena kendu eta haren ordez rugbya jarri beharko luketela errege, horixe diot nik, gero eta ozenago. Horregatik benetan harritzen nau futbolari bat ganorazko gauzak esaten eta idazten ikusteak.

Ez nuen Oleguer Presas futbolaria ezagutzen, lehengoan Berrian Fede ona izeneko haren artikulua irakurri nuen arte. Iñaki De Juana askatzearen alde mintzo zen bertan, argudioak eman zituen hura gartzelan atxikitzea bidegabekeria dela azaltzeko. Albistegien kirol tartean betiko adierazpen hutsalak entzuten ohituta egonik, futbolari batengan ezohikoa den erretorika ordenatua agertzen zuen idatziz… Orduan gogoratu nuen Fermin Muguruzak argazkia atera zuela berriki Ronaldinho eta beste futbolari batekin… Bai, bera zen. Wikipediak datu gehiago eman dizkigu ezohiko futbolari honen gainean: katalanista, globalizazioaren aurkakoa, irakurlea, inteligentea (gurean ordea Yeste estilokoak dira nagusi: argudiorik inteligenteena galtzontziloak erakustea)…

Gerora, Bartzelonako euskal etxearen blogean irakurri dut Kelme enpresak harekin zuen kontratua bertan behera utzi duela artikulu harengatik. Kirol oinetakoak saltzen dituen enpresak berak esan du adierazpen horiek eragin dutela Kelmek kontratua haustea eta, ondoren, prentsa oharrean zera diote, hitzez hitz:

“Los responsables de la empresa deportiva abogan por la defensa de los derechos de libertad de expresión y libre pensamiento. Sin embargo, la vinculación de Kelme con el jugador se basaba en criterios única y exclusivamente deportivos, por lo que se tomó la decisión de rescindir la relación contractual unilateralmente”.

Logika guztia apurtzen duen falazia dugu hau: Beraz, harremana soilik kirol arloan egonik eta, gainera, enpresak iritzi eta adierazpen askatasuna errespetatzen duela adierazita, kontratua hausten dute kirol arloarekin zerikusirik ez duten adierazpen batzuengatik. Norbaitek ulertzen du? Silogismoa ez, baina esan nahi dutena bai, ezta? Ez, ez gara idiotak, erdaraz ere badakigu. Eta espainiako zapatagileen erretorika ustela dela aspaldi ikasia dugu.

Buzzin’ in my head: Santa Maradona (Mano Negra)

3 thoughts on “Oleguer eta zapatagileen erretorika ustela

  1. iturri

    Kaixo:

    Goear.com zerbitzua erabiliz hemen duzu Santa Maradona entzungai:

    http://www.goear.com/listen.php?v=e1c51a6

    Atzo deskubritu nuen aipatu webgunea eta kantak edo nahi dituzun podcast-ak igotzeko balio du. Gero, zure blogean jar dezakezu lotura. Ikusteko dago ea zer gerta daitekeen egileen eskubideak kudeatzen dituzten elkarteak tartean sartzen direnean, baina bitartean…

    Oleguer: duela pare bat urte erreparatu nion Oleguerri. Orduan Sabadell herriko alkateak gazte baten kontra zuen jarrera gaitzesteko agertu zen publikoki. Berak idazten dituen gauzak irakurrita, harritu nauena izan da nolatan zuen Kelme etxearekin harreman hori. Hau da, PPren inguruko jendearekin.

    Besarkada bat, Jabi.

    Reply
  2. i eme

    Futbola… gizarte honen opioa… ni ere opiozale. Baña ez dezatela futbola legez kanpo utzi beste droga batzuek bezala (nola gustatzen zaigun dena legez kanpo jartzea). Eta ez dezatela rugbya kirol errege jarri; hau ere opio bihurtzerik ez badugu nahi. Erregetasunak ustelkeria asko dakar.

    Reply
  3. Jabi Zabala Post author

    Bai, agian gaitza gugan dago, kirola edozein dela ere. Oso ondo dago goear hori, Iturri. Erabiliko dut.

    Reply

Utzi erantzuna i eme(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.