DEIAn elkarrizketa, irratia.com dela eta

By | 2007/01/20

Lehengoan Gotzon Uribe lagunak elkarrizketa egin zidan Deiako Ortzadar gehigarriarentzako, irratia.com dela eta. Irratiak, blogak, sarea eta nire ohiko aldarrikapenak izan genituen hizpide. Argiaren Harian agertu zen aipamena baina Interneteko edizio irekian agertu ez zenez, hona dakartzat galdera-erantzunok. Interesa bai baina Deia irakurtzerik izan ez zuenarentzat, nik botatakoen gainean iruzkinik egin nahi duenarentzat… A, eta bai, nik “Internet” behar bezala idatzi nuen, letra larria hasieran (norbaitek zuzenduko zuen gerora).

Jabi Zabala: “Internautak eragilea izan behar du”

irratia.com euskaraz eginiko lehen irrati digitala sortu zuen orain dela zazpi urte Patxi Gaztelumendirekin batera

Testua: Gotzon Uribe

2000ko domusantu egunez abiatu zen irratia.com proiektua. Nagusiki musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgunea zen. 2001ean Sareko Argia lortu zuten, ekarpen berritzailea egiten zuen euskarria zelako. Teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada emateko asmoz eratutako proiektua da. Zazpi urte bete ditu.

Zuena irrati digitala da. Norbaitek benetan entzuten al ditu Internet bidezko irratiak?

Noski, jendeak Interneten bidezko irratiak entzuten ditu baina, uhinen bidezko irratietan bezala, badira entzule gehiago edo gutxiago dituztenak. Gure helburua ahalik eta entzule gehien izatea balitz ez genuke euskaraz egingo. Gure komunitate txikian eragitea da gure asmoa, euskal sarean ekarpen teknofiloa egitea.

Euskeraz eginiko lehen irrati digitala izan zela zuena. Nola ikusten duzue zuen bilakaera?

Bai, 2000ko azaroan hasi ginen zuzeneko irratsaio bat egiten, zazpi musika kanalekin eta hainbat ekitaldi zuzenean emitituz. Irrati birtuala zen gurea, ez Interneten bidezkoa zelako, benetako egoitza fisikorik ez geneukalako baizik. Gainerakoan benetakoa zen guztiz. Duela bi urte kontzeptua erabat aldatu genuen: Musika kanalak desagertu ziren, webgunea blog sistema bihurtu eta irratsaioa bihurtu zen irratia.com, asteartero Bilbo Hiria irratian emititzen dena. Sarean agertuz joan diren baliabide berriak berehala bereganatu ditugu gure lana hobeto eta errazago egiteko. Unean uneko baliabide merkeak eta eskuragarriak erabili ditugu beti, euskal irratiak eta beste internautak animatzeko, gauza asko egin daitezkeela erakutsi nahian.

Gaur egun teknología berriei esker edozeinek egin dezake irratsaio bat bere etxetik. Hau kazetaritza digitalaren hoberako edo txarrerako al da? Agian nolabaiteko galbaheak jarri beharko dira entzulegoa ez despistatzeko…

Onerako, dudarik gabe. Argitalpenen demokratizazioa gertatu da Internet, blogak, i-rratiak eta sareko telebistak agertzearekin batera. Gaur egun edonork egin dezake irratsaio bat bere logelatik, baina hori tresnen demokratizazioa da. Kalitatearena honekin nahastea eta baheak eskatzea eztabaida faltsua sortzea da. Eztabaida hau planteatu da berdin blogen kasuan eta beti ohiko hedabideetatik atera dira karnetak edo baimenak ezartzearen aldeko iritziak. Astakeria galanta da adierazpide tradizionalak aldarrikatuta besteak mugatu nahi izatea. Beti bezala, tresnak eta edukiak nahastetik dator hori: badira kazetaritza blog bikainak baita antikazetaritza egiten dutenak ere, konfidentzialak-eta. Bestaldean, errotatibak eta paperak ez dute bermatzen edukia kazetaritza denik.

Edukietan, idazketan eta gaien tratamenduan dago kazetaritza. Hainbat agerkari eta telebista ospetsutan kazetaritza barik zaborra egin ohi dute egun baina kazetaritzat jotzen dute euren burua, telebista batean egoteagatik-edo. Aitzitik, sarean bere kabuz idazten ospea lortu duen kazetariak berak bakarrik irabazi du ospe hori, editore baten babesik gabe.

Blogosferan ere bazabiltzate aspaldidanik. Euskal blogosfera delakoa benetakoa al da? Orain urtebete martxan zeuden blog ugari gaur egun eguneratu gabe daude…

Bai, euskarazko blogosfera sortu eta ikaragarri hazi da azken urteotan. Blogariak iritzi eta albiste iturri dira, batzuetan interesgarriagoak eta kualifikatuak, besteetan ez hainbeste. Baina bizitasuna eta komunikatzeko grina duen multzoa gara, gure arteko saretxoak ditugu eta harremanetarako tresnak: Zabaldu, Sustatu, Aurki… Komunikazio, pentsamendu eta arrazoitze gaitasuna duen indar handia biltzen ari da euskal blogosferan. Kopuruz ere, Euskal Herriko talde editorialik handienetakoa izango da euskal blogosfera. Gero, normala denez, batzuk desagertu edo gelditzen dira, baina halako hiru sortzen dira gero.

Irratia.com. Teknologia berriak eta musika. Zer bilatzen duzue?

Bada entzun barik gure saioa ordenagailuei buruzkoa dela uste duenik, baina entzundakoan iritziz aldatzen dute: gizarte gaiak jorratzen ditugu eta oso musika ona ipintzen dute Ibon Burgoa eta Ekaitz Hernandez gure teknikariek, oso zeregin garrantzitsua dute irratia.com-en. Edukietan zentratzen gara, euskarazko edukietan batik bat.

Ordenagailuak ez, baina Internet bai izaten dugu hizpide, bertan eztabaidatzen direnak eta baliabide berriak ere. Batez ere 2.0 aro honetako baliabide berri eta interesgarrien alde mintzatzen gara (Flickr, zabaldu.com, Google, Youtube). Eragiteko balio duten aukerak azpimarratzen ditugu beti, Internautak irakurle pasiboa edo erabiltzaile hutsa baino, eragile izan behar duelako. Edukiei buruz, berriz, saiatzen gara entzuleentzat erreferentzia interesgarriak biltzen, blogek egiten duten bahe lanaren antzekoa egiten.

Egun Bilbo Hiria Irratiaren programazioaren barruan emititzen duzue astearte arratsaldetan 6etatik 7etara.

Zuzenean egiten dugu ordu horretan eta Bilbo inguruan FMko 96.0an entzun daiteke, baita sarean ere, bilbohiria.com-en zuzeneko seinalean. Baina zuzenean entzuterik ez duenak badaki beste edozein momentutan irratsaioak entzun edo eskuratzeko aukera duela irratia.com irrati-blogean.

Eskuragarritasun hori podcast delakoaren bidez egiten duzue. Zertan datza?

Podcast egiten dugu, beraz, oso erraza da irratia.com saioak jaitsi eta gero metroan edo kalean entzutea… Nork ez dauka gaur MP3 jogailu horietako bat? Duela bi urte kontzeptua aldatu geneuenean pentsatu genuen irratsaio bakoitzeko testu bat sortzea blogean eta bertan saio horretako MP3 artxiborako lotura jartzea. Artean ez genekien horri “podcast” esaten zitzaionik. Funtsean hori da podcast, baina prozesua automatizatu egiten dute iTunes moduko programek: gure irratsaioa automatikoki iPod-era edo ordenagailura jaitsi daiteke, geroago entzuteko.

Zuretzat, honekin lotuta, zein izan beharko luke Internet eta euskal munduari loturiko hurrengo bilakaera?

Bilakaera kualitatiboa izango da nagusiki, asko baitago oraindik aldatzeko. Euskal sektore jatorzale teknofoboak gero eta indar gutxiago du baina galga asko daude gure artean: korporatibismoak, subentzionitisak, hedabide tradizionalak… Interneten garapenaren kontra. Aldeko indarrak, berriz, internautak eurak ari dira ipintzen: Sustatu, zabaldu.com, blogari.net , blogak.com

Azken audientza neurtzaileek diote Euskal Herrian irratia gero eta jende gutxiagok entzuten duela. Zergatik izan daitekela uste duzue?

Ez dakit. Sareko irratiak lehen baino lagun gehiagok entzuten dituzte behintzat.

Nola ikusten duzue gaur egungo Euskal Herriko irratien osasuna?

Euskal irratiak, irrati komunitarioak, irrati txikiak dira gehienbat. Denetariko egoerak daude, baina badira elkarlan adibide esanguratsuak, Iparraldeko euskal irratiena kasu (Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza).

Musika aipatu dugu. Gauza jakina da jendeak bere gustoko gauzak entzun nahi dituela. Espezializazioa al da bidea?

Ez dut uste derrigorrez musika irratietan bide egokia espezializazioa izango denik. Denetariko musika ona jartzea akaso ere ez, jende gehienak ez baitu musika ona bilatzen, radioformulak duen arrakasta ikusita… Baina zuk uste duzu hori bilatu behar duela euskal irrati batek? Azkenean arrakastatsuena ez da izango masentzako irrati bat, norbere neurrira egindakoa baizik. Internetek aurki aukera emango digu gure gustoen araberako musika emango digun aukera edo musika kanala osatzeko.

Internet bidez hizkuntza eta leku ezberdinetako irratiak entzuteko aukera dago; baina kopuruz, gure artean jendeak entzuten al ditu?

Momentuz jende gutxik entzuten ditu Internet bidezko irratiak, jendeak ez baitu ordenagailua irrati moduan erabiltzeko ohiturarik. Baina apurka-apurka egin beharreko kontua da.

2 thoughts on “DEIAn elkarrizketa, irratia.com dela eta

  1. loretxoa

    ¿Zazpi urte bete dagoeneko? Atzo sortu zinetela iduritzen zait. Kontxo nola dihoan denbora. Akaso 7 urte barru jarriko du “euskal irrati publikoak” podcasting zerbitzua.

    Zorionak tokatzen zaizun partetik.

    Reply
  2. Jabi Zabala Post author

    Datua ez da zuzena, izan ere, 2000ko azaroaren 1ean hasi baginen, dagoeneko sei urte bete ditugu. Zazpigarrenerako oraindik hilabete batzuk falta dira.

    Reply

Utzi erantzuna loretxoa(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude