Agur, Euzkaltel

By | 2007/01/11

Argazkia tanakawhoEuskaltel-Orange gatazka azken txanpan sartzen ari da egunotan. Hainbat lekutan aipatu da afera eta nik ez dut hemen berriro azalduko. Nire kasua azalduko dut, zergatik moskeatu naizen Euskaltelekin eta azkenean Orange zergatik aukeratu dudan. Ez, nik ez dut Laisekaren moduan negarrik egingo, berak bai, arrazoiak ditu negarrerako Euskaltel uzteagatik. Aitzitik, ni pozik nago Orangekoek oparitu didaten telefonoarekin.

Kokoteraino nago Euskaltelekoak hemengoak diren argudio hutsalarekin, baina hala ere, Laisekak bezala, nik ere Euskaltelekin geratu nahi nuen printzipioz, hainbat urtez euren bezeroa izanda. Hala, Euskaltelen dendara joan nintzen gabonetan (birritan) eta benetan atsekabetuta geratu nintzen, hurrengo 18 hilabeteotarako sinatzearen truke inolako eskaintzarik egiten ez zidatela entzunda. Are, erdi hilda neukan mugikorra beste bategatik ordezkatzeko 140 euro ordaindu behar nituela esan zidaten. Gainera, norberak SIM txartela aldatzearen molestia hartu behar duenean, horrek dakarren arriskuarekin. Etxeko finkoa eurekin edukitzearekin lotzen dituzte abantailak eta hori estrategia okerra dela uste dut, beste konpainiek ez baitizute eskatzen finkoa eurekin edukitzea.

Orangek eskaintza ausartak egin dizkigu Euskalteleko bezerooi: Euskaltelen geneuzkan kontratu eta tarifak mantenduta, azken belaunaldiko 3G mugikor bat doan eta hitz egindako minutuen fakturazioan %50ko deskontua Euskalteletik Orangera igaroz gero. Ahalegin handia egiten duela nabarmendu behar da, deskontuarena inon idatziz ageri ez bada ere.

Euskaltelek, bestalde, bere erasoa publizitate bidezkoa izatea erabaki du, ez eskaintzen bidezkoa. Eta horrela bonbardaketa jarri du abian telebistan eta prentsan: Amama batek 3G bat eman diotela (nola lortuko zuen?) edo aspaldiko lagun batek tximeletak gustatzen zaizikola… Julio Ibarra, Argiñano sukaldaria, Olaizola pilotaria, mendizaleak… Basko guzti hauek diote zalantzarik gabe Euskaltelekin sinatzeko. Abantailei buruz inork ez du hitz egiten… Akaso eurei bost axola zaie prezioak lehiakideenak baino garestiagoak izatea. Niri ez.

Altura honetan esango didate hemengoa izateko Euskaltelekoa behar dudala izan… Gainera nik ez du hemengoa izan nahi, nik euskalduna nahi dut izan. Eta Euskaltelek baskotasuna besterik ez du saltzen. Fibra baskoa ikutu nahiaren adibide gorena dugu mutil batek zera esaten duen iragarkia: “yo antes no era de Euskaltel, pero he visto la que se ha montao y he dicho: pues ahora me hago de Euskaltel (…) Boga boooogaaa, mariñelaaaa”. Lotsagarria eta topikoz betetako kanpainia.

Euzkeldun zintzo, zindo ta garbijan moduan Euskaltelen lotu gaitezen nahi duten horiek, txakur txiki bat ere ez dute gastatu azken urteotan euskal prentsan eta euskalgintzako ekimenak babesten. Orain bai, ezohiko egoera honetan kanpainia egiteko orrialde beteko iragarki batzuk ikusi dira egunotan Berrian-eta. Gaitzerdi. Gainerakoan eta, egoera normalera bueltatuta, ikusiko dugu.

Ez dut espero Orangerekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukerarik izatea, ez, baina Euskaltelena fatxada hutsa da, call center-eko fulanita naiz, en que puedo ayudarle-tik askoz haratago ez doana. Kontu teknikoren bat izan dudanero Cervantesen hizkuntza erabiltzen amaitu behar izan dut Zamudioko baskoekin.

Errematerako, gabonen aurretik dei bat jaso nuen:

Señor Zabala? Soy Ainara de Euskaltel, y le llamo para decirle que ho hagan caso a los mensajes que está mandando Orange, una compañia francesa (zergatik hainbeste insistzentzia besteak frantziarrak direla? Telefonicakoak Espainiarrak direla ez dute inoiz argudio moduan erabili). Jakinminak jota ea Euskaltelek behin-behineko kontratuan hartua zen galdetu nion, Orangeri aurre egiteko antolatutako migralarien superkanpainia garestiaz zerbait entzuna nuen.

“Yo eso no se lo puedo decir, solo le digo que soy Ainara de Euskaltel”, haren arrapostua. Orduan esan nik Euskaltelekiko tratu guztia euskaraz egiten nuela esan nion. Bere erantzuna zakarra izan zen:

“Ez dakit euskaraz hitz egitea (sic). Agur” (eskegi zidan).

Bada, nik ere eskegitzen diot telefonoa Euzkalteli. 18 hilabete emango dizkiot ganorazko zerbait eskaintzeko. Bitartean: Agur, Euzkaltel. Un saludo en JEL…

Buzzin in my head: Tximeleta maitea (Joselu Anaiak).

6 thoughts on “Agur, Euzkaltel

  1. Ion Zabaleku

    Ezaguna egiten zait zuk esandakoa, ezagunegia… Nik aspaldi pentsatu nuen epeaamaitzen hasitakoan (Urtarrilak 31) hasiko zirela eskaintzak egiten beraiekin geratzeko, eta horrexen zain nengoen, gaur arte!!!

    Gaur azkenean deitu didate bai… eta zer eta txartela zai dudala eta pasatzeko bila. Eskaitzen berri galdetu diedanean ezer ez omen dago nire zain, ez mugikorrik, ez beherapenik…

    Ustet naranjatik naranjara pasatzeko garaia iritsi dela… Agur Euzkaltel! Kaixo Orange!!

    Reply
  2. MAITANE

    Eztakit Orangekin euskaraz jarduteko aukerarik izango duzun ala ez, baina erabili bezero “boterea” hori eskatu eta…lortzeko! Hasieratik ematen ez badute..aurrerago lortze aldera…neuk Robafonekin dudan harrremana euskaraz da (eskatu ere egin gabe, zuzenean, ahoz, erantzungailuan, idatziz…), orain, motorolarekin lortu behar dut telefonoa ere “euskalduna” izatea, aurrekoan gutun bat jaso genuen, oraingoz ezekoa emanaz, baina premiaren beharraz jabetu direla eta bla, bla, bla (bazekiten euskarak zenbat hiztun dituen, kopuru zehatza aipatzen zuten gutunean…). ZORTE ON!

    Reply
  3. Jabi Zabala Post author

    Telefonoek eurek euskaraz egitearena aipatu ez den kontua dugu. Horretan esan beharra dago telefonoaren menuak-eta euskaraz nahi dituenak (nik dakidala, agian gehiago egongo dira) ALCATEL telefonoak bakarrik aukera ditzakeela. Horiek dira euskaraz dagiten bakarrak.

    Reply
  4. ekiñe

    >neuk Robafonekin dudan harrremana euskaraz da (eskatu ere >egin gabe, zuzenean, ahoz, erantzungailuan, idatziz…),

    Nik ez dut mobilik, eta hilero deitzen didate etxera konpainia ezberdinetatik. Nazkatuta nago, batez ere abenduan eguberritako kanpainan.

    Robafonetik sudamerikar azentuko gaztelaniaz deitzen didate, eta ez dakite euskaraz. Behin eta berriro esaten diet ez deitzeko, en fin. Pikutara mobilak.

    Reply
  5. Pingback: Pil-Pil » Blog Archive » Euskaltel -> EuzkalTELA

  6. Pingback: sarean.com » Panda antibirusa? Ez, eskerrik asko

Utzi erantzuna Jabi Zabala(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude