Azaroaren 11n jaialdia BECen, 18/98 bidegabekeriari aurre egiteko

By | 2006/09/21

afitxa

Gaur izan naiz 18/98+ lan taldeak azaroaren 11rako antolatzen ari den jaialdiaren aurkezpenean. BECen izango den jaialdi handi honetan musikaren bidez bildu nahi dute auzipetuekiko elkartasuna eta salaketa ahots askoren arteko adierazpen masiboa bilakatu. Elkartasuna adierazteaz gain, epaiketari aurre egiteko beharrezkoa duten laguntza ekonomikoa ere bildu nahi dute antolatzaileek. Horretarako Fermin Muguruzaren lankidetza dute, berak oso kontzertu berezia emango baitu jaialdian.

Aspaldi ez du Ferminek kontzerturik egiten eta, norbaitek haren adierazpen batzuetatik erretiroa ondorioztatu bazuen ere, kontrakoa erakustera dator azaroaren 11ko kontzertu hau. Diskoa argitaratu zuen maiatzean, Jamaikan ibili ostean, baina ondoren ez du zuzenekorik eman diskoa aurkezteko. Horregatik oso berezia izango da BECekoa, baita berarekin zuzenean aritzeko ekarriko dituen lagunengatik ere. Euskal Herria Jamaika Clash diskoko kantek osatuko dute emanaldiko errepertorioa, baita BFDrekin entzun ahal izan genituen bere ibilbide osoko doinuek ere.

Zuzenean, ohiko bidaide dituen Mikel Abrego, Sorkun, Xabi Solano eta enparauez gain, Jamaikako gomitatuak izango ditu berarekin, Masta Blasta, Lisa Dainjah edo Franklin Bubbler Waul kasu. Jai Alai Katumbi Express-ekin berton ezagutu ahal izan genuen Gerard perkusio jole fina ere izango da bertan.

Baina beste talde batzuk ere izango dira BECen, 20:00etan hasiko den jaialdian. La Banda del Surdo perkusio eta hankapalu talde katalanak jaia girotuko du. Esperientzia eta ospea dute, Cirque du Soleil edo Comediants-ekin jardun baitute. BAD Sound System irundarrak ere arituko dira euren ahotsak dancehall, ragga eta hip-hop doinuen gainean goratzen.

damBaina dudarik gabe bisitarik bitxiena Dam taldearena izango da. Palestinako lehenengo Rap taldea dugu Dam, arabieraz abesten dute eta hip hop-aren bidez Palestinako erresistentziaren ahotsa zabaldu nahi dute. Euren lehenengo diskoa izango denaren aurrerapena ekarri du Ferminek eta oso soinu ona erritmo eta doinuen nahasketa bitxiak: hip-hop erritmoen oinarrien gainean darbuken dardara eta lauden doinuak, mendebalde eta ekialdearen arteko fusio garbia. Euren webgunean bertan entzun daitezke Dedication disko honetako zenbait kanta eta beste zenbait doinu ere Myspaceko euren txokoan.

Sarreraren salneurria 18,98 eurokoa izango da eta bakarrik ticktackticket-en bidez (Explorer only) eskatu ahal izango da, tamalez (TTT Babylon delako diot), sarrerak batzeko hainbat toki izango diren arren. Laura Mintegik aurkezpenean “auzolan” moduan definitu duen jarrera hartzeko gonbita egin du ekimen honen aurrean, azken finean gutako edozein sartuta egon litekeen burugabekeria honen aurrean enpatiatik elkartasun aktibora pasa gaitezen, gure alde ere balitzan jokatu beharra dugu.

Hainbat hedabide, elkarte eta jenderen babesa bildu dute jaialdiko antolatzaileek, tartean nirea, noski, baita zurea ere, seguru. Animo eta ea 18098 lagun biltzen garen BECen!

2 thoughts on “Azaroaren 11n jaialdia BECen, 18/98 bidegabekeriari aurre egiteko

  1. patxi lurra

    Adi egongo naz “Dam” talde horregaz, ea zeozer entzuten lortuko dodan. Kontzertura? Ez dot uste joan ahal izango nazenik, baina eder-ederra izango da fijo.

    Ondo ibili!

    Reply
  2. Pingback: sarean.com » Nor da terrorista? DAMen bideo ikusgarria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude