Edan, ian, lo, zentsuratu?

By | 2006/06/20

calvarioOstiraleko Berrian, azkenik, berba horiek (edo batzuk bederen) argitaratu ziren. Baina zergatik ez da Iruña-Veleiako aurkikuntzen gaineko ia ezer azaldu Espainiako komunikabideetan? Nahikoa da gaztelaniazko Google Newsen buelta bat ematea (gaur arteko) ia aipamen guztiak bertoko prentsakoak direla egiaztatzeko. Azken lau egunotan bakarrik Telecincon aipamen bat eta El Paisen gaur beste bat. Hain bitxia da ezen konturatu eta galdera berbera egiten du historiari buruz jarduten duen Kanadako blog batek: Hmmm. Interesting, but why do you suppose that no major news sites have covered this story? Odd, that. Are the other news websites just late to the party?
Ostiralean egin nuen azterketak kontuak nahiko argi uzten zituen: albisteak kanporatzeko bahearena egiten duen Espainiako prentsan agertu ez izanak eragin du ingelesezkoan aipamen bakarrak (3) EITBren ingelesezko bertsiokoak izatea. Kanpoan, beraz, zero patatero (Arabako lautadan gaudenez gero). Ingelesezko blogosferan, hala ere aipamen gehiago ageri dira hedabideetan baino.

Bertoko prentsan ere badira albistearen tratamendu esanguratsuak. Adibidez, Diario de Navarrak nahiago izan du Kalbarioaren aurkikuntza nabarmendu. Beste batzuek euskarazko berbena aitatu (edo atatu agian) ere ez dute egin. Horrek ematen digu akaso pista bat. Qui prodest? galdetzen zuen Hannibal Lecter-ek eta guk galdera bera eginez gero aurkituko dugu erantzuna. Gaztelaniazko testuak izan balira… Baina ez, euskarak gaztelaniari 600 bat urteko aurrera hartu dio honez gero. Erabat maltzurra, bihurria baina horrexegatik esanguratsua eta aipatu beharrekoa, El Mundoren ostiraleko konklusio bihurria: aurkikuntzak “demostraría la poca evolucion del euskera” edo horrelako zerbait (sarean loturarik ez, tamalez). Eta gero esango dute euskara despolitizatu behar dela…

4 thoughts on “Edan, ian, lo, zentsuratu?

  1. Pingback: zabaldu.com

  2. Periko de los "paletos"

    Cuatron fan zan astean ere aipatu zuten, gaueko berrietan

    Reply
  3. H. Etxeberria

    Ez da zuzen zuzenean aurkinkuntzarekin lotutakoa, baina Ekainaren 16ko nire zutabean argitaratu nuen honakoa, El Mundo egunkarian.

    Azkenean egia izango da.

    Azkeneko Argia astekarian irakurri diot Mikel Irizarri, euskaldunok hobeak garela herrigintzan, gerrigintzan baino. Esan nahi du, behintzat 50 hamarkadan jaiotakoak garenok, herrigintzaren bitartez sublimatu izan ditugula gure sexu desira bete ezinezkoak. Edo antzeko zerbait.
    Nago baduela baieztapen horrek apùr bat egiatik, ezen balantze pertsonala eginda, eta ingurukoena, beste herrialdeetako lagunek baino arazo handiagoak eduki ditugula iruditzen zait niri, nola herrigintzan, hala gerrigintzan.
    Jon Juaristik ere, bere azken liburuan, egurra banatzen du euskaldunontzat gai honen inguruan. Eta ez 50 hamarkadakoontzat bakarrik. Juaristik Santa Ageda egunean kantatzen irteteko ohitura aprobetxatzen du euskaldunoi buruz sekulakoak eta bi esateko. Homosexualitate ezkutukoa, inpotentzia eta halakoak erabiltzen ditu guretzat, Ageda martiriaren bularrak, amatxorekiko maitasuna eta sagardotegietako txuleta gorriak, denak elkarren nahasi eta korapilatzen dituenean. Jakina, Jon Juaristi bera libratu egiten da kalamitate bibliko horretatik, izan ere berak ez baitzuen amaren bularrik hartu. Pelargon edo antzeko zerbait hartu omen zuen berak bular-esnearen lekuan eta, jakina, horrek ikaragarri libratzen du bera tribuaren partaide izatetik. Akabo ba. Horixe bakarrik falta zen, bera ere besteon antzeko mamotretoa izatea.
    Balirudike gehiegikeria dela Juaristik eta Irizarrek diotena, baina esango nuke asko baino gehiago dutela biek ala biek egiatik. Erreka entzuten denean, badela urik. Edo nahiago baduzue, era jatorrago agian, izanaren itzala dela izena. Aitatzen dena, nolabait badela benetan. Kea dagoen lekuan sua badela, eta hori guztia.
    Eta ez da gaur bertako kontua. Ez dirudi, behintzat. Iruña- Veleian aurkitutako aztarnategitik ez dago argi azkenean zer irtengo den. Miren Azkaraterenak entzunda, pisu handiagoa hartu du hango aurkikuntzak. Eszeptizismoa ezarri nahian, ikusmina handitu du nahigabean. Haur garaian armairu hori ez ireki agintzen zigutenean bezala, handitu zaigu armairu gosea eta jada, hizkuntzalariak, historialariak eta halako gauzen zale oro gaude haraxe begira, euskarak dituen aztarna zaharrenei begira, alegia.
    Araba aldeko hizkuntzalariak ere, Knorr, Gorrotxategi eta konpainia, harro agertu dira komunikabideen aurrera, harrotzekoa izango baita arabar euskaltzale batentzat halako aurkikuntzaren testigu izatea. Zazpigarren alaba izatetik, akaso, aurrerapauso handia ezagutu dezake lurralde historiko honek jatortasunaren sailkapenean. Ez da txantxa hirugarren eta seigarren mendeen arteko inskripzioak agertzea zeure etxean.
    Baina, zer diote inskripzio garrantzitsu horiek. Hitz sakratuak eta hitz arruntak nahasten omen dira. Eta besteak beste, honakoek harrapatu didate arreta “edan ian lo” eta “ian ta edan”. Antza, aspalditik datorkigun gaitza da, gaur bertan bizi duguna.
    Hasier Etxeberria. El Mundo. 060617.

    Reply
  4. Jabi Zabala Post author

    Eskerrik asko Hasier, zure idatziagatik. Imaginatzen dut filosofatzeko eta blogeatzeko aukera eta denbora damaigula egun jana, edana eta loa bermatuta izateak. Aldiz, Santimamiñekoek bisonteak irudikatzen zituzten bezalaxe, Veleiakoek, idazkuntza eskola latinoak jasotzean, euren gogoak islatzera, idaztera jo zuten lehendabizi, urdaiak bultzatuta.

    Baina aurreko gaira bueltatuta, Araban agertu dira aztarnok eta hori bereziki mingarria izan daiteke zenbaitentzat. Zergatik? euskararen kontrakoek Araba aukeratu dute EAEn erasotzeko, soziolinguistikatik makalen bertan dagoelako euskara (Nafarroan ere, beste elementu batzuk tarteko, egiten duten bezala).

    Kabalak egiten ari naiz, isiltasun mediatiko horrek azalpen politikoa duen jakin nahian, baina beste datu esanguratsu bat eman dit lagun batek gaur: 90ko urteen hasieran, UAren garai onetan, Veleia izeneko elkarte bat izan zen Araban. “Euskararen inposizioaren aurka” aritzen zen, Katalunian eta beste leku batzuetan dauden “gaztelaniaren defentsarako” elkarte horien antzera. Eta kanpotik inposatu nahi diguten euskararen aurka zer hobe Veleia izena aukeratzea baino, erromanizazioaren eta, beraz, gaztelaniaren, aspaldiko presentzia aldarrikatuz, euskara barbaroena den bitartean, gaztelania kulturarekin lotuz…

    Duela 10 urte desagertu zen elkarte hura, baina egun bizirik balego, seguruenik izena aldatu beharko luke honez gero.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude