Euskal weben ranking-ak: oker gabiltza berriro

By | 2006/07/12

Jakinmin naturala, alferreko obsesioa ala bestelako interesak? Ba ote dago sailkapen fidagarririk? Gure diskurtsoa norbaitek jasotzen duen jakin nahi izaten dugu web editoreok eta blogariok eta, egia esan, hedabide tradizionalen ondoan askoz errezagoa da Interneteko webgune bateko bisitarien gaineko datu zehatzak eskuratzea. Mezua heltzen den ikustea gauza bat da, baina besteekiko gure kokapenak gehiegi kezkatzen bagaitu gure egoa elikatzeko joera adikzio obsesibo modukoa bilaka daiteke, helburu terrenalagorik egon ezik.

Duela bi urte salatu nuen Alexaren sailkapena fidagaitza zela euskal webgune bisitatuenen, aipatuenen… sailkapena egiteko. Iaz berriro salatu nuen munduko txorakeriarik handiena zela Alexaren sailkapenarekin euskal webguneen rankina osatzea. Are, haren datuetatik Cybereuskadik eskuz eta gainetik egindako web baskoen sailkapena hartu eta, eskuz eta gainetik euskal webgune (elebakarren) sailkapena egiteak batere funtsik ez zuela argudiatu nuen iruzkin batean. Alabaina, ez didate kasurik egin, berriro aipatu baitute aurten erabili.com-en sailkapenaren kontua.

Oraingoan ezin nuen sinetsi sekula entzun barik neukan Ondopasabizkaian bezalako webgune erabat ezezagun batek 387. lekua erdiestea euskal webguneen inongo sailkapenetan. Hainbat datu oker zeudela egiaztatu nituen (Zapaterok bezala). Adibide hurbil-hurbila jartzeko, webgune hauxe ez zegoen zerrenda horretan, zabaldu.com eta beste hainbat bezalaxe. Baina zerrenda, euskaldunen agerpenari dagokionez ondo balego ere, Alexan oinarrituta dago eta Alexa, euskal webguneen sailkapen bat egiteko erabati fidagaitza dela errepikatzen dut, joño!

Oraintsu (obsesioa?) beste sailkapen sistema bat aipatu dute, Mikel Iturriak egin baitu bloglines zerbitzuak duen harpide kopuruaren araberako sailkapena. Alexarena baino fidagarriagoa ei da Bloglinesen harpidedunen arabera webgune baten estimazioa neurtzea, baina hori ere ez da webgune baten bizitzaren adierazpen partziala baino

Bloglinesek arazoak ematen ditu nire feed-arekin, feed-a ondo dagoen arren, eta agian horregatik ez dute kontutan hartu. Baina feeda ondo egonda ere, ez da hain erraza blog baten bloglineseko harpidedun kopurua neurtzea. Nire blogak hainbat feed edo bertsio ematen ditu: Atom, RSS2… Baina eragozpenak ez dira hor amaitzen: Bloglines ez da perfektoa teknikoki eta, kasurako, nire rss feed bat hainbat kontutan banatzen du: hemen eta hemen.

Technoratin oinarritutako beste sailkapen hau aurkitu dut eta Sarean.com nahiko goian ageri da. Technoratik emandako datuak erabiltzen ditu honek. Eta ez al da sinesgarriagoa? Beste blogetan dauden loturek eta aipamenek zehazten dute webgune baten garrantzia. Gorka Juliok egindako Bloginfluence are tresna egokiagoa iruditzen zait sailkapen bat ezartzeko. Zure blogaren URLa sartu eta hainbat sailkapenetan daukan tokia erakutsiko dizu. Nirea ez dago bertan oso ondo kokaturik, baina printzipioz beste sailkapenak baino fidagarriagoa zait.

Cybereuskadik Alexarena erabiltzen zuen, baina hori egiten zuten lagunek (Alianzo enpresak) orain beste batzuen konbinazioa erabiltzen du EAEko webguneen (euskaldunak zein erdaldunak) sailkapena egiteko. Konbinazio hori Alexa baino fidagarriagoa delako izango da agian, baina oraingoz zehaztasun onargarririk gabeak iruditzen zaizkit denak.

Nola eta zertarako manipulatu sailkapenak?
Zer fidagarritasun dauka Alexaren sailkapen horrek? Bat ere ez, esan dut, esanen eta esango. Alexaren nabigazio barra Euskal Herrian ia inork ez duela kontutan hartzea nahikoa izan beharko litzateke hori esateko. Hala ere, esperimentua egingo dut datozen asteotan, Alexaren barra pare bat ordenagailutan instalatuta, besterik gabe. Itxaron egingo dut gero eta ikusiko dugu emaitzak aldatzen diren. Beste batzuk ere konturatu dira Alexarena manipulagarria dela.
Baina oraindik Alexari atarramendua atera nahian dabiltza batzuk, euren prentsa oharretan web baskoen enegarren lekuan daudela iragarriz. Bistan da batzuek interes bizia dutela hori egiteko, zergatik? Dirulaguntzak, esaterako, izan daitezke manipulatutako sailkapenen (eta bisita kopuruen estatistika puztuen) helburua. Susmatia banintz pentsatuko nuke akaso bertoko instituzioek zenbait proiektu fantasmagoriko diruz ederto lagunduta, euskalgintzafuntzionariadoak eta talde editorial indartsu zenbaitek sareko proiektuetan aurkitu dutela bere burua finantziatzeko bide berri bat eta Alexak ematen diela behar duten justifikazio hori.

ETAren su-etena aldarrikatu zen egunetan bertoko webguneek izandako bisita gorakada aztertzen ikusi zen argiro askok nabarmendu nahi zutela igoera eta baten batek datu okerra ere zabaldu zuen. Haritz Rodriguezek GARAko bere erreportaian zioenez, norberari bere webguneko log-ak ematen dio bisiten benetako kopurua. Baina kanpoko kontrol baten faltan bisita horiek puztea oso erraza da.

Duela aste asko hasi nintzen testu hau zirriborratzen eta, bitartean, sailkapenen fidagarritasunagatiko kezka hori islatzen duten testu batzuk aurkitu ditut. Lehengo egunean Mutilmediako Arkaitzek eta Patxi Gaztelumendik estatistiken fidagarritasun ezaz jardun zuten, Patxik ranking-ekiko obsesio horri edukien gaineko kezka falta kontrajartzen zion bitartean.

4 thoughts on “Euskal weben ranking-ak: oker gabiltza berriro

  1. patxi gaztelumendi

    Dena esanda dagoenean, zer gehiago gehitu horri?

    Gaztelaniaz idazten hasi beharko dugu, gure berbok beste oihartzun bat izan dezaten, apika.

    Nor dago prest horretarako?

    Euskaldunon afera, ez dadila ranking eta cool position _etara mugatu.

    Gu ez gara inoiz cool izango!

    Reply
  2. Gari

    Rankinak? denborapasa hutsak. Kazetariek gai falta izaten duzue askotan.

    Sin mas…

    Reply
  3. fermin

    Patxi eta Garirekin ados, jakina. Baina datu zehatza: gure zerbitzarietan 200en bat webgune dugu. Badakizkit bakoitzaren benetako sarrerak egunez egun eta urtez urte(6 urteko historikoa batzurena) eta benetako sailkapena eta Alexaren sailkapena ez datoz bat…. ezta urrutitik ere ez. Esate baterako benetako sailkapenean (ostatatutako zerbitzarian zenbatutako sarrerak) beste bat baino nabarmen atzerago egon baina Alexaren sailkapenean bi milioi postu aurretik agertzen denik badugu…

    Reply
  4. Pingback: Informazio lokala eta Internet - azpi

Utzi erantzuna Gari(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude