New York: milurteko elurtea

By | 2006/02/23

Etxetik irtetenHauxe bai zoriona nirea! Sagar handian eman ditut egun batzuk, negu gorritik ihesi, eta negu zuriarekin egin dut topo New Yorken. Beldur pixkat ematen zidan neguan hara joateak, benetan hotza eta ezatsegina izaten baita hango negua. Horregatik ondo hornituta abiatu nintzen harantz. Hala ere, inondik inora ere ez nuen imaginatu halako elurterik topatuko nuenik… Inoiz New Yorken jausi den elurterik handiena tokatu zaigu, 1869an Central Parken neurtzen hasi zirenetik bederen… Argazkiak lekuko.

Larunbat arratsaldean heldu ginenerako maluta txiki batzuk ari ziren jausten, baina asfaltoa oraindik garbi zegoen. Gau osoan sekulako elurtea bota eta goizaldearekin ez zuen atertu. Brooklyn-en, Jonen etxeko ataria zabaldu eta sekulako panorama aurkitu genuen… Telebista piztu genuen. Albistegiek amerikarrei hainbeste gustatzen zaizkien alerta egoera kolektibo horietako batean geundela adierazten ziguten, etxetik ez irteteko esanez. Eskerrak igandea zen, bestela hildakoak ere izango ziren, 1947an bezala! Historiako bigarren elurtea zela adierazten zuten eguerdirako, 1947an 26,4 hazbete neurtu baizituzten. Igande arratsaldean atertu zuen, baina ordurako marka hori eta beste guztiak hautsita zeuden: 68.33 zentimetro (26.9 hazbete).

Elurra BrooklynenEz genuen hainbeste itxaron, ordea. Gosaltzeko etxetik 300 metrora dagoen Madison tabernara joan nahi genuen eta, gainera, espaloia garbitu behar genuen. Elurra egiten duenean, herritar bakoitzak bere etxe aurreko espaloi zatia garbitu behar du derrigorrez. Bestela multa jaso lezake, inor laban eginda jausi eta mina hartuko balu, udalari jarriko bailioke seguruenik salaketa. Hemen dena da demandak eta salaketak… Abokatuen bufeteek hemen telebistan langileentzako iragarkiak egiten dituzte, jausiz gero eurengana jotzeko esanez, dirutza ederraren promesarekin.

Tira, palak hartu eta bidea zabaltzen hasi ginen. Espaloia garbitzea kostatu zitzaigun eta kaltzioa bota genuen, gatzaren antzeko eragina du baina ez da hain urragarria. Errepide erditik joan behar izan genuen, espaloi gehienak erabat estalita baitzeuden oraindik. Hiriko zaborrak bildu ohi dituzten 2.200 kamioi elurra kentzeko makinak bihurtuta zeuden, baina lehentasuna autopista eta kale nagusiak izaten dira horrelakoetan. Elur gainean ibiliz heldu ginen Madisonera…

One thought on “New York: milurteko elurtea

  1. Pingback: sarean.com » New York-eko argazki sorta osaturik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude