Atzo amaitu zen urteroko Lisboa-Dakar rally nazkagarri pijoa. Telezaborrak idatzi duen moduan, nik ez dut ikuskizun lotsagarri hori jarraitzen duen inor ezagutzen. Aurten ere, Lisboatik abiatu den arren, frantziarren etnozentrismoaren erakusgarri ederra izan da urteroko pelmada hori, bere rollito exotikoa, kolonialista, eta zapaltzailearekin. Euren motor zaratatsu eta hipergarestiak gidatuz, GPSak lagunduta eta helikopteroek jarraituta agertu dira ustezko abenturazaleak, basamortuko zein Afrika beltzeko lurraldeak eta jendeak zapaltzen, Allan Quatermain modernoak bailiran.
Bidean, akaso beste planeta batekoak edo gutxienez beste dimentsio batekoak irudituko zitzaizkien artzain analfabeto txiro batzuk edo Kamerundik etorritako etorkin gosekil batzuk ikusi dituzte orduko 150 kilometroko abiadan, baina ez dira eurekin berba egiteko jaitsi. Ez, enpresa babesleek jarritako oheak eta catering-a izan dituzte zain eguneko helmugan. Antolakuntzako batzuk eta espainiar soldadu zenbait ibili dira euren izenean ONGarena egiten, bolidoek akatu ez dituzten umeei jostailuak oparitzen, Cristobal Colonek indigenak liluratzeko eramandako bisuteria banatzen zuen izpiritu berberarekin.
Diotenez, sekulako karabana erraldoia osatzen du lasterketak, Atilaren armada moderno modukoa. Bertako batentzat zinez ikusgarria izan behar du marabunta heltzen ikustea. Kristolako azpiegitura da, ehunka milioi eurokoa, bere Elf, Renault, Total eta enparauen publizitatearekin zarataka heldu eta alde egiten dute, bertakoak aho zabalik, lehen bezain pobre baina beldurtuta eta akonplejatuago utziz.
Liboa-Dakar rallyak Mendebaldeko Sahara zapaldu zuen urtarrilaren 6an. Maroko hegoaldeko Tan-Tan hiritik abiatu eta Zueratt-en (Mauritania) amaitzen zen etapan lurralde okupatuak eta askatuak zeharkatu eta lotsaren harresia igaro zuen, kontrolatutako leku batean eta MINURSOko kasko urdinen zaintzapean.
Saharauien gobernuak bere informazio ofizialetan iradokitzen du aurretik, bere baimena eskatu eta jaso dutela antolatzaileek bertatik pasatzeko, saharauien izaera errespetatuko zutelakoan. Komunikabideetan, ordea, etapa horrek ez du aparteko islarik. Izan ere, biharamuneko kronikak gaztelaniazko Google News-en bilatuta, gehienen arabera (338 emaitza), Marokotik Mauritaniara igaro da rallya, besterik gabe. Mendebaldeko Sahara aipatzen duten informazioak oso gutxi dira (4 aipamen) eta haien artean AS egunkariko kronika nahasi hau dago. Enpin. Baina nondik dator nahaspila hau? Badakigu rallyaren kronikak egiten dituzten kazetariak ez direla nazioartean adituak, baina informazio ofizialen eragina egon behar da argi eta garbi isla kaxkar honen atzean. Lasterketaren aurreko informazio gehienetan (El Pais eta El Mundo tartean) errepikatu dute zazpi herrialde zeharkatuko dituela. Soilik bi izan dira zortzi (Mendebaldeko Sahara ere) kontatu dituzten informazioak. Antolakuntzaren aurretiazko prentsa informazioetan egon behar du derrigorrez herrialde baten ezkutatze argi eta garbi hau…
Lisboa-Dakar lasterketaren webgune ofizialean, ibilbidearen mapan Mendebaldeko Sahara agertzen den arren, ez da inon idatziz aipatzen: egutegiak ez du kontutan hartzen, ezta zeharkatutako herrialdeen zerrendak ere: Marokotik zuzenean Mauritaniara egiten omen du salto rallyak. Egun horretako ibilbidearen azalpenean eta kronikan ere aipamenik txikiena ere ez.
Okupatutako Mendebaldeko Saharatik igaro dira baina ez dira motorretik jaitsi, saharaui bakar batekin ez dute hitz egin. Hala egitera hark seguru kontatuko zien hura Maroko ez zela esango zien, eta eurei bost, edo aurkeztuko zizkien egunotan poliziek eta militarrek inpunitate osoarekin jipoitutako beste saharaui batzuk, eta eurek ez zieten argazkirik egingo, are gutxiago munduari Flickr-en bidez erakutsiko. Ez zuten menturaz poliziak hildako Hamdi Lembarkiren funeralarekin topo egingo.
Aurten Lisboatik abiatu den arren, rally frantziarra izaten jarraitzen du, erabat Marokoren aldekoa, beraz. Antolatzaileak eta babesle gehienak multinazional frantziarrak dira, baina egon pixkat: Bai horixe, Frantziako tourra antolatzen duten berberak dira! Amaury Sport Organisation agurgarriak. Bai, ez duzu gogoratzen? Besteak beste, Batasunarekin eta EHErekin uste dut bildu zirela eta zalaparta dexente izan zen horren inguruan… Euskal Herria errespetatuko zutela, hizlari euskaldunak erabiliko zituztela megafonian eta hainbeste promesaren ostean hutsaren hurrengo izan zen euskararen presentzia Ipar Euskal Herriko etapan, ederra adar jotzea! Bienvenido Mr. Marshall-en bezala igaro zen Tourra Baionatik eta horrelaxe pasa dira orain Mendebaldeko Saharatik, “Maroko eta Mauritaniaren arteko muga” aipatuz, (ez dira mugakideak, Mendebaldeko Sahara baitago tartean).
Muino ostean lasai-lasai bizi zen saharaui familiaren jaima osoa ez dutenean euren todoterrenoekin zapaldu! Koittaduek erreferenduma behingoz antolatzen zetorren Nazio Batuen karabana bat zela pentsatu dute segundu batez… Babeslearen logoa ikusi duten arte.